Eskozia. Independentziari buruzko erreferenduma (III)

Petrolioaren ur nahasiak

Petrolio eta gas industria aurkezten du Eskoziako Gobernuak proiektu independentistaren berme ekonomiko gisa, baina zahartzen doaz plataformak, eta urre beltza ez da erabat urrezko.

Inigo Astiz
Aberdeen-Edinburgo
2014ko apirilaren 25a
00:00
Entzun
Hogei bat zamaontzi ilargi beteak argitutako uretan flotatzen. Itsaso horretan ditu oinak Eskoziako independentziak. Igande gaua da Aberdeengo portuan (Eskozia), eta ateak ireki zain daude ontziak. Isil giroa. Baina ordu gutxi barru piztuko da dena. «Europako petrolioaren hiriburua» deitu zuen hiria Alex Salmond Eskoziako lehen ministroak. 1964an hasi ziren Ipar itsasoko putzuetatik petrolioa ateratzen, eta portu honetatik pasatzen dira egun petrolio eta gas plataformetara lehengaiak eta tresnak eramaten dituzten ontziak. Hiri honetan langileak, hiri honetan enpresak. Bandera sorta astintzen du haizeak portuan. Eskoziakoa, Erresuma Batukoa, Suediakoa… Pisu handia du ekonomiak independentziari buruzko debatean, eta portu honetatik pasatzen da horregatik eztabaidaren zati handi bat. Zuzeneko eta zeharkako 200.000 lanpostu baino gehiago sortzen ditu petrolioaren industriak Eskozian, eta independentea balitz, gobernuak zerga bidez jasoko lukeen diruaren%15-20 esan nahiko luke. Portu honen bizitasuna aurkezten du herrialdearen bideragarritasun ekonomikoaren berme gisa SNP alderdiak, Eskoziako Gobernua gidatzen duenak. Baina urak ez daude erabat bare.

2012 eta 2013 artean ia 8.000 milioi euroren diru sarrerak jaso zituen Erresuma Batuak petrolio eta gasaren gaineko zergekin. Eskoziako uretatik atera zen diru horren zatirik handiena. Baina zahartzen ari dira plataformak, urritzen doaz putzu handiak, eta garestituz doa ekoizpena. «Baliteke Eskoziakoa munduko petroliogintza industriarik garestiena izatea». Aberdeengo unibertsitateko Petrolio Ekonomia irakaslea da Alexander Kemp, baita bertako Energia eta Finantza Ikerketa Zentroko zuzendari ere. Urteetan aritu da petrolio enpresentzat kontseilari, baita Eskozia eta Erresuma Batuko gobernuentzat eta Nazio Batuen Erakundearentzat ere. Gertutik jarraitzen du orain independentziari buruzko eztabaida, eta itsasoa nola zatitu aztertu du, adibidez.

Izan ere, petrolioa eta gasa norenak diren zehaztea da debate ekonomikoaren gakoetariko bat. Baina Eskoziaren alde lerratzen da balantza nabarmen, Kempen kalkuluetan. Bera baino altuagoak diren paper metaz betetako bulegotik erreskatatu du grafikoa, eta argia da datua. «2000tik 2012ra petrolioaren %90 baino gehiago da Eskoziarena, eta gasaren %50 inguru ere bai. Gas ekoizpena jaitsi egin da azkenaldian arazo teknikoak direla eta, ekoizpen gune asko itxi egin behar izan dituztelako, baina igo egingo da berriz». Orotara, beraz, hidrokarburoen ekoizpenaren %75 inguru da Eskoziarena. Eta Eskoziarena zergen bidez lortutako diruaren %80 inguru ere. Horra independentziaren oinarri ekonomikoa. Baina oinak ez dira erabat sendo.

«Zerga portzentaje handia dagokio Eskoziari», onartu du Kempek, «baina zenbaki absolutuetan gorabehera handiak ditu petrolio upelaren prezioak, eta handitu edo txikitu egiten du horrek zerga bidez jasotako dirua». Eta ezegonkortasun hori da independentziaren aurkakoek aipatzen duten argudio nagusia. Petrolioaren prezioen menpe izango dela Eskozia: independente bai, baina baita dependente ere. Ur nahasi horietan oinarritu beharko ditu urtero aurrekontuak. Baina independentistek prest dute alternatiba. Energia funts bat sortzea du buruan SNP alderdiak, Eskoziako Gobernuaren gidariak. Nicola Sturgeon lehen ministrordeak eman ditu azalpenak: «Bi herrialde soilik dira funtsik ez daukatenak: Irak eta Erresuma Batua. Gure ustez, petrolioaren gisako natur baliabide bat edukitzeko zortea baduzu, baliabide hori ziurtatzen saiatzeko beharra baduzu, ez dadin soilik izan egungo belaunaldientzat, baizik baita etorriko direnentzat ere». Aurreikusi baino petrolio gehiagoko urteetan produkzioaren zati bat gordetzea da asmoa, aurreikusi baino gutxiago jasotako urteei aurre egiteko.

Arriskuak eta exajerazioak

Baina zenbat iraungo du petrolioak? Orain arte, gasa eta petrolioa kontuan hartuz, 42.000 milioi petrolio upel atera dute Ipar itsasotik, eta hemendik 2050era arte beste 10.000 milioi ekoitz daitezkeela dio Erresuma Batuko Energia departamentuak. Baikorragoa da Kemp. 15.000 milioi upel ere izan daitezkeela dio hark. «Upel bakoitzak 100 bat dolar balio duela kontuan hartuz, oraindik ere oinarri sendoa da hurrengo urteetarako». Baina hori den oro ez da urre. Garestituz doa zulaketa eta azpiegituren mantentzea Ipar itsasoan, eta horrek murriztu egiten du upel bakoitzarekin lortutako etekina. Eta, beraz, murriztu egingo da zerga bidezko sarrera ere.

Hor dago beste zenbaki gerra, eta bere apustua egin du alde bakoitzak. Hurrengo urteetan petrolioaren prezioak gora egingo duela dio Eskoziako Gobernuak. Eta, kontrara, hurrengo urteetan petrolioaren prezioak behera egingo duela Erresuma Batuak. Baina bada gauza ziurrik: deseroso daude petroliogintza enpresa handiak. Erresuma Batuan nahi dute haiek Eskozia. Eta Europako Batasunean Erresuma Batua. Orain aste batzuk azaldu zuen Londresen Van Beurden Shell kopainiako ordezkariak enpresa erraldoi horien jarrera: «Ohituta gaude ezegonkortasun ekonomiko eta politiko pean lan egitera. Baina, aukeratzerik bagenu, ahalik eta zehaztasun handienaz ezagutu nahi genituzke hurrengo hamar eta hogei urteetako inbertsio baldintzak». Aukeran, bare nahi dituzte Ipar itsasoko urak. Geldi.

Arriskua badagoela ez du ukatzen Kempek, baina arriskua exajeratzen ari direla dio. «Errusia, Egipto, Libia, Aljeria, Ukraina, Irak... Oso altua da arrisku politikoa guztietan, eta guztietan daude petroliogintza enpresak. Horiekin alderatuta oso baxua da Eskoziako independentziaren arriskua. Egon badago, noski. Baina ez da hainbesterakoa».

Etekin handirik ez dio ikusten independentziari, ordea, Brad McKay ekonomialariak. «Ez dago independentziarako arrazoi ekonomikorik». Ez du ukatzen bestelako arrazoirik egon daitekeenik. Onartzen ditu argudio kulturalak, linguistikoak eta historikoak, eta Eskozia bideragarri izan daitekeenik ere ez du zalantzan jartzen. Eskozia bakarka ekonomikoki ahulagoa izango dela dio berak. «Eskoziak Erresuma Batuaren parte gisa ibilbide ekonomiko ona izan du. Herrialde txikia da, eta oso ordezkaritza eta ahots indartsua izan du Erresuma Batuaren esparru gorenetan». Edinburgoko Unibertsitateko enpresaritza fakultateko irakaslea da McKay, baita Scottish Centre on Constitutional Change zentroko kide ere. Enpresarien kezkak aztertu ditu bere azken ikerketetako batean. Hirurogei enpresarirekin aritu da independentziari buruz hizketan, eta orokorra da kezka. «Elkarrizketatutako enpresarien %90en ustez, handiagoa da independentziak enpresei ekarriko dien kostua,ekarriko duen etekina baino». Ñabardurak badira enpresaren neurriaren, kokapenaren eta merkatuaren arabera, baina hori da argazki orokorra. Eta lau gai dira gehien errepikatzen diren kezkak: dibisa, erregulazioak, zergak eta Europako Batasuna.

Petroliogileen kezka

Enpresa Erresuma Batuko merkatuarekin zenbat eta lotuago egon, orduan eta handiagoa da independentziari buruzko kezka. Merkatu globalean dabiltzanentzat, ordea, alde handirik ez dagoela dio McKayk. Baina energia enpresa handiek kezka badutela dio, halere. «Erresuma Batuan oso sustraiturik dago petrolio industria. Azpiegitura Erresuma Batu osoan zabaltzen da, eta oso konplikatua izan daiteke hori guztia desmuntatzea. Eta kezka nagusia da zenbateraino izango den ekonomikoki bideragarria gero eta garestiago diren petrolio putzuak ustiatzen jarraitzea. Eskoziako Gobernuaren independentzia proiektuak Ipar itsasoko diru sarreretan du oinarria, baina horrek dena finantzatu ahalko lukeen da galdera. Oso aurreikuspen ezberdinak daude. Nik hitz egin dut petroliogintza industriako jendearekin, eta Eskoziako Gobernuaren aurreikuspenak oso optimistak direla da sentsazio orokorra».

Ez doaz erabat bare urak Aberdeengo portu aurrean ilargiaren argitan bare flotatzen diruditen zamaontzien azpian.

Bihar: Eztabaida gizarteratzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.