Felipe Eizagirre.
Arraun-minez

Arraunketa egokiena

2013ko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Arraunaz ezer gutxi dakien lagun batek, arraunketa arraun egiteko moduari esaten zaiola azaldu nionean, hauxe erantzun zidan: «Arraunean egiteko modu ezberdinak al daude ba?». Denak berdin ikusten omen zituen hark: astapotro kuadrillak ontzi batzuen barruan, aurrera eta atzera, arraunari tiraka, patroiak agintzen ziena egiten. Estropadak telebistaz ikusteko ohitura duen edonork suma lezake hori ez dela hala, eta taldeak adina arraunketa bereiz ditzakegula. Ulertzen ez ditugun ohiko erdarak balira bezala: bakoitza zein hizkuntzari dagokion asma dezakegu sarritan.

Arraunketa egokiena zein den galdetzen digutenean, ordea, ahoa itxi behar izaten dugu; ez dakigunaz hitz egitea ez baita komeni. Zorionez, horixe baita arraunaren misterioa: hainbeste arraun egiteko moduk nola eman dezaketen hain emaitza ona. Guztiek eduki dezakete zerbait baterako, noski: arraunean batera egitea, palakadaren sarrera zuzena izatea uretan... Baina minimo horietatik aurrera, arraunketa ezberdin eta eraginkor asko ikus dezakegu uretan.

Aniztasun horren isla da San Miguel liga; aurten jada bost arraunketa ezberdinek eraman baitute banderaren bat: Urdaibairen kontrasteak (palakadak uretan eta uretatik kanpo irauten dituen denboren arteko proportzioa); Kaiku oldarkorrak, sarrera oso zuzenarekin; Tiranen arraunketa lehorrak, bukaera ia-ia gehiegiarekin; Orioren luze eta jarraikorrak (iaz motzago jardun arren, atzera luzatu egin dute aurten); eta Hondarribiaren luze eta pausatuak, palakadaren bukaeran une batez geldirik geratzen direla dirudiena. Beste pare bat aipatzekotan, sanpedrotarren erritmo bizia (geneetan daramate!); eta zumaiarren joera berezia: arraunketa bizia, etzan gutxikoa eta bukaeran tibortek bularraldea erre egiten diela dirudiena. Eta, bakoitzak bere mailan, ezin esan emaitza onik izan ez dutenik. Kortari entzun nion, arraunketa ustez desegokia daramana aurretik geratzen zaizunean, isilik geratzea besterik ez zaizula geratzen! Eta Korta isilarazten duenari buruz, hobe ezer ez esatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.