Felipe Eizagirre.
Arrauna. Kontxako Bandera. Arraun-minez

Aste luzeena

2013ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Demagun Kontxaren antolatzaileek arraun taldeei euren artean emaitzak aldatzeko aukera ematen dietela lehenengo igandeko estropadaren ostean; bi taldeak ados egonda, betiere. Bada, egoera hori inoiz ematekotan, herenegun izan zitekeen, uste baitut San Pedro eta Kaiku prest egongo liratekeela euren artean postuak eta denborak trukatzeko. Izan ere, pasaitarrek ohorezko txandan sartu ez izanaren arantza zuten bukaeran; eta sestaoarrei urrutitxo geratu zitzaien banderarako lehia. Libiakoak, trukearekin hiru segundo eta postu bat aurreratuta, pozez zoratzen geratuko lirateke; eta bizkaitarrek, hiru segundo eta postu bat galduta ere, horrela izango lukete datorren igandean, eguraldi aldaketa nabarmenak kontuan hartu gabe ere, euren xedea lortzeko aukera bakarrenetakoa. Bitxia da egoera: azkenean ohorezko txandarako sailkatu izanak utzi du Kaiku banderarako ia aukerarik gabe!

Inork esan lezake Kaikuk uda osoan hamahiru segundo baino gehiago ere atera izan dizkiola bigarrenari. Bai, egia da hori. Baina gauza bat da estatxa arerioekin berdinduta egonda askatzea; eta bestea, aldameneko taldeekiko denbora horiek galdu izanak dakarren zamarekin ekitea estropadari. Eta areago, Bermeo, Hondarribia eta Orio irailera hain gorputzaldi onean iritsi direnean. Bi luzeko formatuak, gainera, mesede handiagoa egiten die hiru horiei Kaikuri baino. Eta gauzak hain estu zeudenean, hori igarri egin da. Hiru lehenen artean erabakiko da bandera, normalean. Hori bai, ez nuke sosik jokatuko inoren alde; ezta kontra ere. Eta hori da ederrena! Faboritoak bermeotarrak dira, hala ere; abantaila txikiena ere abantaila baita beti.

Emakumezkoetan, espero zena. Ezusteetarako leku gutxi bazegoen, orain batere ez. Txanden arteko eguraldi aldaketarik ez da egongo, noski; eta itsaso zakarra alferrik eskatuko dute aurkariek, hor are nagusiagoa baita Telmo Deun ontzia. Aste luze bat eta gozamenerako hamar-hamaika minutu baino ez zaizkie geratzen zumaiarrei banderarako. Zoragarria doa aurtengo Kontxa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.