Felipe Eizagirre.
Arrauna. San Miguel liga. Arraun-minez

'Negua joan da ta'

2013ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Gordin amaigabea, negua joan da ta…» heldu da traineru ikuskizuna; paradoxikoki, inoiz baino lehenago. Zea Maysen doinupean hasiko da San Miguel liga Bartzelonan, eta haien hitzek inoiz baino hobeto azaltzen dute arraunlariek oraintxe duten sentipena. Kostata bada ere, uda iritsi baita behingoz; eta gaurtik tarte zabala hartuko baitu arraunak zaleon agendan.

Arraunzalea izanagatik, ez naiz ni bereziki pronostiko zalea; baina lan hori bete behar izaten dut, unibertsitatean irakasle izan nituenetako batek urtero deitzen baitit urte sasoi honetan, familian arraun-porra egiten dutela eta, aditu baten gomendioak jaso nahian. Arituaren tituluarekin gehienera, neure faboritoak aipatzen dizkiot nik; eta, onartu beharra daukat, uda osoa kabalak egiten aritzen naizela gero, neronek jokatu izan banu zer egingo nukeen irudikatuz.

Aurten, askori bezala, estatxari heldu gabe harrapatu nau ligaren irteerak, eta nola hala atera naiz estutasunetik; erreferentziak urriak eta fidagarritasun eskasekoak baitira. Kontuak kontu, ligaren irabazlea Hondarribia izango dela esan diot, talde erregularrena dela uste dudalako. Bandera gehien zeinek pilatuko duen galdetuta, ordea, Urdaibai esan diot. Horrekin ez dut Kaikuren hautagaitza gutxietsi, bandera eta puntu ugari lortzeko gai dela uste dut eta; baina izen bakarra jarri beharra zegoen. Hiru oriotarrek gidatutako hiru talde horiek beteko dituzte titular gehienak, ziur. Atzetik, ez oso urrun, Tiran, San Pedro eta Orio banderaren bat astintzen ikusten ditut. Behe aldean, gorriak ikusiko dituztenak gorrizkoak direla jarri dugu porran. Castreña zuzenean jaitsiko dela; eta Telmo Deun, ohituak gauzkan eran, kanporaketan ariko dela; mailari eutsiz, noski. Zumaiarrekin lehia horretan, Santurtzi eta Zierbena ariko direla ere jarri dugu; eta KAE2ko bi onenak Arkote eta Mundaka izango direla. Emakumezkoen porrarik ez dute egin. Hori ere iritsiko da, uda bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.