Bertsolari Txapelketa Nagusia

Emozionatzeko itxaropenarekin

Gehienek txapelaren bueltan izen bertsuak kokatu arren, ez dira gai bat bestearen aurretik ziur kokatzeko. Gai dira, ordea, bihar Barakaldoko BECen izan nahiko lituzketen sentipenak zehazteko.

Beñat Zamalloa Akizu.
2013ko abenduaren 14a
00:00
Entzun
Emozioetara daramate erantzun guztiek. Emozio bila joango dira Laxaro Azkune, Maddi Sarasua, Arkaitz Goikoetxea, Kristina Mardaras, Xabier Amuriza, Oihane Perea eta Sebastian Lizaso. Nork bere emozioak eta emoziobideak ditu bihar Barakaldon jokatuko den Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalerako. Guztiak daude emozioetarako gogotsu eta emozionatzeko itxaropenarekin. Finaleko bertsoak, euskara, herria eta giroa dituzte emoziogai.

Finalaren mailari dagokionez ere, itxaropentsu daude guztiak: Maialen Lujanbio, Amets Arzallus, Igor Elortza, Sustrai Colina, Beñat Gaztelumendi, Aitor Mendiluze, Unai Iturriaga eta Aitor Sarriegi finalistek bertsoen maila ziurtatuko dutela irizten diote. Txapela janzteko faboritoen artean Maialen Lujanbio txapelduna, Amets Arzallus, Unai Iturriaga eta Igor Elortza aipatzen dituzte gehienek, baina guztiak aipatzean eta ordenan ez datoz bat. Erantzun nahi izan ez duenik eta guztiak aukeretan berdintsu ikusten dituenik ere bada.

LAXARO AZKUNE Gai-jartzailea

«Familia handi bat garela sentitu nahi dut»

1. Eurenetik eman nahi duten hori eta hainbesteko mimoz eta gogoz saiatu eta landu duten hori plazan gauzatzeko aukera izan dezatela. Horretarako, baina, badakit euren eguna izan behar dutela, eta ofizioetako gaiek ere lagundu egin behar dietela. Badakit zortziek lan handia egin dutela.

2. Nik aurreko txapelketa nagusian izan nuen sentipen berarekin irten nahi nuke: halako herri proiektu bat badagoela hor, euskaratik eta euskaraz. Familia handi bat garela sentitu nahi dut. Badakit ez gaudela denok, baina hor gaudenok, behintzat, euskalgintzan lanean jarraitzeko pilak kargatuta irten nahi nuke. Finalak berak motibatzen nau. Txapelketa dena jarraitu dut, eta txapelketan oso momentu onak bizi izan ditut, beste batzuetan ikusi dut bertsolariak hain eroso ez dabiltzala. Momentu onak izan dira, oro har. Finalean iruditzen zait bertsolariek izan dituztenak baino momentu hobeak izan ditzaketela, eta emango dituztela. Horren bila noa. Horren zain nago.

3. Egia esan, ez dakit, eta ez dit askorik ere ardura. Zortziak ditut lagunak, baina batzuk beste batzuk baino gehiago. Zure barruko patata koskorrak gehiago tiratzen dizu baten edo bestearen alde. Denei opa diet txapela, hor dauden zortziek merezi dutela uste dut.

MADDI SARASUA Bertsolaria

«Bertso batzuek marka eta hunki nazaten nahi nuke»

1. Beti geratzen dira batzuk buruan. Bertso batzuk izango dira luzaroan oroituko ditudanak edo gogoa piztuko dizkidatenak buruz ikasteko. Bertso batzuek marka eta hunki nazaten nahi nuke; identifikatuta sentitu nahi nuke bertso batzuekin.

2. Iruditzen zait beti indarberriturik irteten garela horrelako egun handi batetik, bai bertsoari berari dagokionez, eta baita euskal munduari dagokionez ere. Herri bat garen sentipenarekin irten nahi nuke. Egun itzela da denontzat. Emozio pila bat biltzen duzu bertsoekin gozatuz, jendearekin, giroarekin... Barrua betetzera joango naiz.

3. Iruditzen zait denek daukatela sekulako maila. Oso zaila da esaten. Gerta liteke istripu bat, eta gerta liteke sorpresa bat. Amets Arzallus aipatuko nuke, lapurtarra delako. Ez da urruti ibiliko, baina Maialen Lujanbio eta Igor Elortza ere hor daude.

ARKAITZ GOIKOETXEA Bertsolaria

«Heldutasun artistikora iritsi diren bertsolarien proposamen ederrak entzutea espero dut»

1. Espero dut heldutasun artistikora iritsi diren bertsolarien proposamen ederrak entzutea. Heldutasun horretara iritsi ez direnengandik nora joan nahi duten arrasto batzuk sumatzea ere espero dut. Irrika badut hori ikusteko.

2. Egun handia izan den, ongi pasatu dugun, bertso saio ederrak entzun ditugun, euskal kulturaren militante eta kontsumitzaile izatea eta bertsozale izatea merezi duen sentipenarekin atera nahi nuke BECetik. Gehien-gehien giroa eta inguru hori izaten den lagunarteak motibatzen nau finaletik. Finalerako plana kuadrillan egiten den plana da. Bertsozale Elkartearen proiektuaren ispilu ederrenetako bat hain polit eta hain ongi hornituta ikusteak ere motibatzen nau. Bertsoak gozatzeko beste mila modu eta beste mila plaza badaude, baina finaleko giroaz gozatzeko ez daude hainbeste aukera.

3. Izenak entzuten dira bat edo beste. Iruditzen zait hiru bertsolari bolada oso onean eta freskurarekin daudela: Maialen Lujanbio, Unai Iturriaga eta Igor Elortza. Txapelketa hasi aurretik, aurten Jon Maiaren txapelketa izan zitekeela uste nuen. Heldutasun artistikoa lortu duela eta plazan izugarrizko mailan ibili dela ikusten nuen.

KRISTINA MARDARAS Bertsolaria

«Emozionatuta irten nahi nuke BECetik, entzun ditudan ideiengatik eta iritziengatik»

1. Espero dut saio indartsua izango dela, eta inork ez duela huts egingo. Oso seguruak dira finalista guztiak.

2. Emozionatuta irten nahi nuke BECetik, entzun ditudan ideiengatik eta iritziengatik. Ondo pasatzea, saioa borobila izatea, Maialenek irabaztea eta durangarrak ondo geratzea dira finalerako ditudan nahiak.

3. Hiru hautagai dauzkat: Maialen Lujanbio, Igor Elortza eta Amets Arzallus. Txapelketa aztertuta, hiru horiek ikusten ditut.

XABIER AMURIZA Bertsolaria

«Badago sentipen masokista bat ere, baina atsegina da»

1. Hasteko, nahi nuke gaiak izan daitezela egokiak. Batzuetan ez dira izaten egokiak; batez ere, kartzelakoan. Gaiak egokiak badira, ziur nago finalistek erantzungo dutela.

2. Bertsolaritzari gorakada handi bat eta saio eder bat entzun dugun sentipena izan nahi nuke. Gauza handi bat irabazi duzuneko garaipen sentipen bereziarekin irten nahi nuke, futbolzaleak futbol partida garrantzitsu bat irabazi duenean bezala. Jendearen emozioa eta poza ez daitezela alferrikakoak izan. Finalera ez joatea burutik pasatu ere ez zait egiten. Neu kantatzen goian egon nintzeneko aroak berritzeko eta emozio horixe sentitzeko gogoarekin joango naiz. Nik sufritu egiten dut entzunez. Barrutik bizi duzu kontua eta tentsioa. Badago sufrimendu masokista bat ere, baina atsegina da.

3. Badakit nork irabaziko duen, baina ez dizut esango.

OIHANE PEREA Bertsolaria

«BECen eta egunero plazan batzen gaituen zer handi horrek berotzen nau»

1. Badakit final dotorea egingo dutela, gozatzen eta gozarazten asmatuko dutela. Ez dira alferrik iritsi iritsi diren lekuraino. Hala, dakitena egin dezatela, edo ahal dutena behintzat. Batzuetan asmatu ez arren, utz ditzatela gure oroimenean geratzeko ale ederrak. Ziur egingo dutela.

2. Lanera joatea tokatzen zaigu, beste zientoka lagunekin batera. Egia esan, ez naiz kexatuko, urduri jartzen naiz neu ere, eta nahiago zer edo zer produktiboa egiten egon eserita geldi baino. Beraz, baliteke, zientoka lagun horiek bezala, saioa etxeko salan berriz entzuteko gogoarekin eta agujetekin irtetea… Baina barre, negar, irribarre eta hasperen nahiko eginda, hustuta eta beteta sentitzea gustatuko litzaidake. Gure txikian dugun handitasunaz harro. 10-8an esanda, BECen eta egunero plazan batzen gaituen zer handi horrek berotzen nau, herri egiten gaituen hizkuntzaren joko olinpikoen azken txanpa izango da, denok egongo gara, zuzenean edo diferituan, halako konplizitate eta herri sentimendu sakon horrekin, herri izateko beste egun batez. 7-6an, lagunartean barre, negar, irribarre eta hasperen aldi berean egin ahal izatea bertsotik bertsora.

3. Iruditzen zait nahiko lehiatua izango dela, Maialen, Amets, Unai… baina besteren batek egun ona izanez gero, auskalo! Egun luzea da, eta aguanteak, zorteak, egun ona izateak, eta azukre igoera eta jaitsierek ere izango dute zeresanik. Orduan, gozokiak eta bonboiak ez daitezela falta.

SEBASTIAN LIZASO Bertsolaria

«Bertsoak garbi erakutsi du kinielek ez dutela balio»

1. Espero dut zortzi finalistek, ahal bada denean, baina saioren batean gailurra jotzea.

2. Aparteko saio bat entzun dugula izan dugun sentipena izan nahi nuke BECetik bueltan. Bertsoaren gailurrean ikustea, finalisten emaitzarik onena dastatzea eta beti kantatzen jardun garenok entzuten gozatzea.

3. Txapela zortziren artean lehiatuko da. Bakoitzak bere faboritoak ditu aurretik. Bertsoak garbi erakutsi du kinielek ez dutela balio. Zortziak ikusten ditut baldintza berdintsuetan, nahiz eta jendeak faboritoak izan, egun horretan egin behar du, une horretan, gai horiekin eta epaimahai horrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.