Errezetak eta gogoetak bildu dituzte liburu batean Adurizek eta Innerarityk

'Cocinar, comer, convivir' liburuak gogoeta egitera bultzatu nahi ditu irakurleak

Elikadurak duen garrantzia jorratzen du Aduriz sukaldariak eta Innerarity filosofoak idatzitako liburuak. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2012ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Andoni Luis Aduriz sukaldariak eta Daniel Innerarity filosofia katedradunak Cocinar, comer, convivir (Sukaldatu, jan, elkarrekin bizi) izeneko liburua argitaratu dute elkarlanean. 28 errezeta eta hainbat gogoeta uztartzen dituen liburu «osoa» dela uste du Adurizek. «Errazena da formaltasunik ez duen edo gutxi landuta dagoen iritzia ematea. Baina gu ikuspegi zabalagoa ematen ahalegindu gara», zehaztu du Adurizek.

Era berean, sukaldariak gaineratu du zenbait kapitulutan ondorioak azaltzen direla, eta eztabaidarako bidea irekita dagoela. «Nire iritziz ez dago erabateko egiarik. Elikadurari dagokionez argi izan behar da irtenbideak ez direla batere errazak», argitu du. Kapitulu bakoitzaren ondoren ondo dagokion errezeta azaltzen da. «Adibidez: bat txerri baten buruak osatzen du errezeta bat».

Innerarityk egungo gizarteak elikatzeko orduan dituen ohiturak zeintzuk diren azaldu du: azkar eta pentsatu gabe jatea, alegia. «Mezu kontraesangarriak jasotzen ditugu, hedonistak, ekologikoak, edo dietetikoak, besteak beste. Eta horrek irizpiderik ez izatera eta sukaldaritzaren analfabetaziora eramaten gaitu», erantsi du. «Gaur hemen bazkaltzen dugu bihar beste toki batean, bakarrik edo beste norbaitekin... Ardurarik izan gabe erabakitzen dugu». Analfabetazio egoera horri aurre egiteko beharrezko elementutzat ditu «irizpidea eta heziketa». Izan ere, orain urte batzuk amak edo amonak emandakoa jaten zen. Egun, ordea, ez; eta ez da begiratu ere egiten.

Liburuak hainbat ekarpen egin dizkio Innerarityri. «Niri zenbait gauza ikasteko balio izan dit». Bizitzako gauza interesgarrienak ezustean gertatzen direla da aurreneko ikasbidea. «Nik horrelako liburu bat idaztea ez nuen erabakita. Baina Aduriz ezagutu eta ideia sortu zen». Era berean, gauzarik aberasgarrienak bi arlo desberdin lantzean sortzen direla gaineratu du. «Lankide batekin eta hizkera berean mintzatzen zaudenean ez dira kontu interesgarri asko suertatzen».

Ekarpen horiekin ondorio nagusi bat atera du katedradunak: elikatzeak duen garrantzia. «Jaterako orduan erantzukizun handia dago. Bizitzaren zentzuarekin, zoriontasunarekin, elkarbitzitzarekin eta demokraziaren etorkizunarekin jolasten da jateko orduan, eta hasieran ez nuen irudikatu ere egiten».

Adostasunak eta tentsioa

Liburua Mugaritz jatetxeko bazkalosteko hausnarketetatik jaio zela esan du Adurizek: «Hitz egiten genuenean hainbat galdera eta zalantza sortzen zitzaizkidan». Hortik abiatuta elkarri posta elektronikoak igortzen hasi ziren. Ondoren Destino argitaletxeak liburua argitaratuko zuela esan zien. Presarik gabe eta behar adina denbora hartuz landu dute idazkia. «Premisa bat jarri genion gure buruari. Gauzak ondo egingo ditugu eperik edo mugarik jarri gabe».

Cocinar, comer, convivir bien artean idatzita dago. «Zenbait testu nik idatzi ditut, beste asko berak. Baina biok batera sortutakoak ere badaude, lau eskurekin egin dugun liburua da», zehaztu du sukaldariak. Bukaerako zuzenketa lana, aldiz, Innerarityk bakarrik egin du, hizkuntza lantzeko erraztasun handiagoa duelako.

Ideia askotan bat egin dutela aipatu du katedradunak: «Zuzentzen nengoenean ez nekien testu batzuk nik egindakoak ala Adurizenak ziren. Ziur aski nik bere ideiak jaso nituen eta berak nireak». Hala ere, zenbait unetan iritzi ezberdinak izan dituztela erantsi du sukaldariak: «Batzuetan ez ginen bat etortzen, tentsio momentu batzuk izan ditugu».

Sukaldariak ahalegin handiaegin du liburu honekin. Izan ere, informazioa landu, antolatu eta norberaren mugak ezagutzeak lana eskatzen du.«Intelektualki eta profesionalki inoiz egin dudan lanik gogorrena da. Baina gertatu zaidan gauzarik ederrena ere bada», argitu du Adurizek. Liburuaren helburua irakurlea gogoeta egitera bultzatzea da. «Modu egokian elikatzen den, edo zer jaten duen erreparatzea nahi dugu. Hori lortuko bagenu asko poztuko ginateke», dio Innerarityk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.