Europako hauteskundeak. Komunikazioa

Txispa sortzeko lanak

EAJ, EH Bildu eta PSEko komunikazio taldeek aitortu dute Europakoak hauteskunde zailak direla jendea motibatzeko. «Kaleko» kanpaina egingo dute, zuzenago heltzeko.

EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta EAEko PPko hautagai eta ordezkariak, kanpainaurreko azken egunetan. ARGAZKI PRESS.
enekoitz esnaola
2014ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
«Zer moduz doa Europako kanpainaurrea? Hotz al dago?». «Hotz ez, oso hotz».

Duela bi aste euskal alderdi bateko arduradun batek emandako erantzuna da. Europako Legebiltzarrerako bozetan abstentzio handia iragarri da Euskal Herrian ere; %50ekoa-edo bai.

Nola sortu txispa, beraz? Nola iritsarazi mezua? Euskal alderdietako komunikazio taldeak horretan dabiltza hilabeteotan.

«Hauteskunde zailak dira», aitortu du kanpainaren lehen egunean EAJren komunikazio estrategiaren arduradunak: Joseba Aurrekoetxea EBBko kideak. «Eguneroko bizimoduan sekulako eragina du Europak, hango legebiltzarrean hartzen baitira erabaki gehienak, baina herritarrak bozetarako motibatzea ez dago erraza. Oraingoz, oso hotz doa kanpaina».

Bere jendea «aktibatu nahian», alderdi jeltzaleak Iñigo Urkullu EBBko buru ohi eta Jaurlaritzako lehendakaria askotan aterako du kanpainan: mitin nagusi guztietan izango da, hizlari. «Zazpitan bai, behintzat», dio Aurrekoetxeak. Andoni Ortuzar EBBko presidentea ere izango da mitin horietan, Izaskun Bilbao jeltzaleen hautagaiarekin batera.

Dena dela, EAJk «kaleko kanpaina» egingo du asko, «herritarrekin zuzeneko harremana izateko». EH Bilduk ere mikroekitaldien bila jo du kanpaina diseinatzean, batik bat: bi aste hauetarako dagoeneko 350 ekitaldi antolatuak ditu. «Maiatzaren 25ekoa mobilizazio eguna izan dadin nahi dugu. Europako eredu politiko eta ekonomiko honen alternatiba botoa da EH Bildurena, eta horregatik prestatu dugu ekitaldi ugari, han eta hemen, herritarrekin egoteko eta haiengana iristeko», dio Mikel Ansa EH Bilduko komunikazio taldeko kideetakoak.

Ansak esaten duenez, zaila zaie komunikazioan eta propagandan zenbaterainoko gastua izango duten zehaztea, baina aurreratu du «gastua neurtu» egingo dutela.

Irizpide bera hartu du PSE-EEk, Emilio Alfaro komunikazio arloko arduradunaren hitzetan: «Garai hauek ez dira kanpainan gastu handia egiteko. Gainera, herritarrek ez lukete ondo ikusiko diru asko xahutzea propagandan eta».

PSEk ere egingo ditu ekitaldi handi batzuk —gaur bertan, Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia Donostian izango da—, baina kalean egoteari emango dio garrantzia. Alfarok aitortu du ez dela kanpaina erraza izango, baina ez dago ezkor, uste baitu jendeak azkenean parte hartuko duela bozketan. «Aste honetan, EHUn euskal hautagaien arteko mahai inguru bat izan da, eta aretoa leporaino zegoen. Jende gaztea zegoen han, ikasleak; haietako asko, zutik».

Aurtengo hitzorduko onurak

Ezker abertzaleari duela bost urte baino errazagoa izango zaio kanpaina egitea aurten, orduan Batasuna Espainiako legetik at zutelako eta Iniziatiba Internazionalistak legez kanporatzearen mamua gainean baitzuen —haren aldeko botoa eskatu zuen ezker abertzaleak; Arnaldo Otegik berak, kasurako, kanpainako ekitaldi batzuetan parte hartu zuen—. Alde horretatik, kanpaina egiteko onurak ikusten ditu EH Bilduk —hango parte da Sortu—. Horrez gain, Ansak dio Europan galdeketaren eta independentziaren alde den haizea baliatu beharra dutela herritarrei ilusioa pizteko. «Oraingoz, ez dago hauteskunde giro handirik, baina joango da berotuz».

EAJk «Euskadi, nazio Europan» kontzeptua salduko du kanpainan, baita alderdi jeltzalearen «kudeaketa eredua» ere, Aurrekoetxeak dioenez. «Gauza asko erabakitzen dira Bruselan eta Estrasburgon, eta Izaskun Bilbaok lan handia egin du azken bost urteetan, sare garrantzitsu bat eratuta. Hori baliatzen dugu euskal eragileen onurarako». Kanpaina «onuragarria» egin nahi dute, «alderdien arteko liskarrak saihestuz». «Gastua mugatu» egingo du, eta «alderdiko jendea erne» jarri nahi dute.

Europako hauteskundeetan jendeak konfiantza alderdietan jartzen duela uste du EBBko kideak, ez hainbeste hautagaietan. Hala eta guztiz ere, garrantzia eman nahian esan du Europako Liberalen eta Demokraten Aliantzak Europako Batzorderako aurkeztu duen presidentegai Guy Verhofstadt (Flandria) Euskal Herrian izango dutela hilaren 13an eta 14an, Izaskun Bilbaorekin. «Dena dela, kalean galdetzen badugu zein den Verhofstadt, inork ez daki», aitortu du Aurrekoetxeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.