Kantonamenduetako hauteskundeak

Departamendua ezkerrera

Atharratzeko, Baiona mendebaldeko eta Aramitzeko aldaketarekin, ezkerraren esku da Pirinio Atlantikoetako Kontseilu NagusiaBerdinketa gertatu da Euskal Herrian; PSk 5 aulki ditu, UMPk lau eta Forces 64k bakarra

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Poza nagusi zen barda Alderdi Sozialistaren egoitzetan, inoiz gertatua ez zitzaiena gertatu zitzaielako: sozialistak nagusitu dira Pirinio Atlantikoetako departamenduan. Kontseiluko aulkien erdiak hiru urtetarik behin arraberritzen direnez, herenegun hemezortzi kantonamendutan egin zituzten bozketak, eta hamabitan atera ziren sozialistak garaile. Hori dela eta, 28 aulki dira ezkerrean, eta zentristek eta eskuinak osatu taldean 24. Ipar Euskal Herriko hamar barrutiei dagokienez, berdin-berdin gelditu dira bi aldeak, bosna aulki dituztela. Georges Labazee (PS) izanen da, beraz, segur aski ondoko hiru urteetan Kontseilu Nagusiko presidentea. Ostegunean bilduko da Kontseilu berritua Pauen, eta orduan izendatuko dute departamenduko presidentea.

Aferak tinko ziren, eta inork ez zuen bere burua garaile aurreikusten. Labazeek berak aitortu du: «Goiz batzuz esnatzen nintzen pentsatuz %75eko suertea genuela garaile ateratzeko, baina beste batzuetan alderantzizkoa pentsatzen nuen». Oroit gara 2008az gero berdinketa zela bi aldeen artean, eta, horrelakoetan adinaren arabera hautatzen denez presidentea, eskuinak eskuratu zuela gehiengoa. Baina gertatu da aldaketa; kantonamendu batek eskuinerantz egin badu, hiruk dutelako ezkerrerantz egin urratsa: Atharratze, Baiona mendebaldea eta Aramitze (Biarno).

«Egindakoaz ez dugu ahalgetzerik; oposizio eraikitzaile bat izaten saiatuko gara», dio Brissonek, Kontseiluko UMP taldearen presidenteak. Herritarrek izaten dituzten «kezka handien ondorioa» dela dio Jean Jacques Lasserre Kontseiluko Forces 64 taldearen presidenteak. Baiona mendebaldeko kontseilari berria da Marie-Christine Aragon, eta hark ber gisan dio: herritarrek «aldaketa» nahi dute, eta «agertu da jendeak elkartasuna eta justizia soziala nahi dituela».

Berdinketa Euskal Herrian

2004an bezala, berdinketa gertatu da Ipar Euskal Herrian. Haatik, aldaketa batzuekin, Angelu iparraldean eskuinak hartu duelako Jean Espilondori (PS) aulkia eta, Atharratzen, berriz, sozialistek diotelako hartu aulkia Mixel Arhanzet zentristari. Bost aulki dituzte sozialistek, lau UMPk eta bakarra Forces 64k.

Baionako hiru kantonamenduetan nagusitu dira sozialistak.Eskuinaren barnean diren desadostasunak dira porrot horren esplikazioetariko bat. «Angelun batasuna nagusitu da; haatik, Baionan desadostasunek gaina hartu dute». Egia da, eskuinarentzat hautagai anitz zirela lehen itzulian Baionan, herriko etxeari begira diren ika-miken ondorioz. Angelun, eskuineko eta zentristen botoak bildu eta UMP nagusitu da, bozen %51,45 bildurik. Pentsatu bezala, Bastidan, Iholdin eta Miarritze mendebaldean eskuinak da oraino aulkiaren jabe. Hazparnen, zentristak pasatu ziren, lehen itzulian berean. Garazin, sozialistek atxikitzen dute aulkia, nahiz justu-justu izan, 84 bozen aldea dutelako bakarrik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.