Donostiako 61. Zinemaldia. Sail Ofiziala. Kritika

Begiak irekita

Angel Aldarondo.
2013ko irailaren 25a
00:00
Entzun
'Vivir es fácil con los ojos cerrados'

Zuzendaria: David Trueba. Aktoreak: Javier Camara, Natalia de Molina, Francesc Colomer, Jorge Sanz. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 108 min.

David Truebaren azken filma 1960ko hamarkadako Espainia atzeratuan kokatzen da. Ingelesa irakasteko The Beatlesen abestiak erabiltzen dituen irakasle bat John Lennon ezagutu nahian Almeria aldera joango da. Bidean, zerbaitetatik ihesi dabilen neska gazte bat eta etxetik ihes egin duen mutiko bat hartuko ditu. Hirurok Espainia beltzeko bide estuak zeharkatuko dituzte.

Eskertzekoa da David Trueba zinemagile eta gidoilariak komedia samur eta argitsua ekarri izana Zinemaldira, Sail Ofizial sakona alaitzeko hain beharrezkoa den film horietako bat. Zinema jaialdiak ez dira pelikulen merituak bere bidezko neurrian baloratzeko tokirik aproposena. Batzuetan filmaren alde, besteetan kontra, testuinguru zoro eta estresagarriak gure pertzepzioa deformatzeko ahalmena du. Horregatik estimatzen dira hainbeste irribarreak oparitzen dizkiguten istorioak, ikusle burutsuak serio ez hartu arren.

Vivir es fácil con los ojos cerrados filma entretenimendu hutsa da. Entretenimendu zoragarri eta inteligentea. Wes Andersonen ipuin zinematografikoen erara, malenkoniaz eta kolore biziez margotutako posta-txartel baten aurrean gaude. Harri-kartoizkoa dela? Beharbada. Anakronikoa? Agian. Sinpleegia? Baliteke. Ustezko akats berberak Aki Kaurismakiren —beste zuzendari handi batzuen artean— lanetan aurki ditzakegu, eta ez diegu horregatik uko egingo. Elkarrizketa antzerkiarrek badute beren xarma. Antzezpen amateurrak maitagarriak izan daitezke. Borondate oneko istorio biribil baten barnean, bai. Gainera, Lennonek Strawberry Fields Forever abestia konposatu zuen toki eta egunera eramango gaitu. Primeran.

Askatasun eta modernitatearen eremu txikiak bilatzen, konplexuz beteriko herrialde baten konbentzio sozialei aurre egingo diete. Eszena pintoresko eta klixez beteriko itxura izan arren, filma ez da batere inozoa, nahiz eta Cuéntame edo Verano azul bezalako telesailen oihartzunak izan. Edonola ere, adiskidetasun zintzoei buruzko road movie polit hau Sail Ofizialean ikusitako filmetatik bihotza bigundu didan lehen filma da. Azkena ez dadila izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.