Koldo Tellitu Mejia.
Eusko Jaurlaritzaren murrizketak (III)

Gorriak ez, beltzak dira marrak

2013ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Egunkariei begira jarri naiz. «Murrizketen ondorioz, guztiz mugatu da gure jarduera» (Jasone Mendizabal, Topaguneko lehendakaria). «Ez dugu urte osoan ikerketak egin ahal izateko adina diru» (Andres Urrutia, Euskaltzainburua). «Murrizketen ondorioz, guztiz mugatu da gure jarduera» (Mertxe Mugika, AEK-ko koordinatzaile nagusia. «Ez dugu proiekturik bertan behera utzi, baina bai baldintzak estutu» (Iñaki Murua, Bertsozale Elkarteko lehendakaria). Egunkariei begira, bai, baina 2012ko urtarrilaren 31ko BERRIAren zenbakiari begira zehazki. Ordukoak baitira euskalgintzako eragile horien adierazpenak. Orduko Eusko Jaurlaritzak aurrekontuetan euskalgintzari egindako murrizketek nola eragin zieten azaldu zuten erreportaje horretan.

Marra gorriak igaro ziren orduan. Are gehiago, hitz emandako zenbait laguntza bertan behera utzi zituen Patxi Lopez lehendakariaren gobernuak. BERRIAk badaki, jakin ere, zertaz ari naizen. Eta geuk, ikastolok, ere ikusi genuen eman ziguten hitza ez betetzen.

Urtebete igaro da, aldatu da Eusko Jaurlaritza, badatoz aurrekontu berriak, eta marra gorrietatik harago, beltzak ikusi ditugu. Ezer gutxi dakigu, egia da, euskalgintzak izango dituen diruei buruz. Egun gutxi barru aurkeztuko dizkigute, hori ere horrela da. Zer dela eta, orduan, kezka baino gehiago alarma pizte hau?, galdetuko du baten batek. Aurkeztu aurretik abisua eman digutelako, murrizketa handiak datozela iragarri digutelako Eusko Jaurlaritzatik bertatik. Dakigun apurrak zeharo beldurtu gaitu, muineko kontuak ukitzen direlako, gune ahulenak, baina funtsezkoak, azken ezpata-kolpearen mehatxupean direlako.

Gogoan iltzatuta dauzkagu, ondo iltzatuta gainera, Iñigo Urkullu lehendakariak, artean hautagai zela, Hamaika Telebistan esan zituen hitzak: «Bai, guretzat kultura gure izaeraren sena da, eta horretan ez da izan behar murrizketarik, eta euskaran are gutxiago. Nik uste dut urratsak egiten jarraitu behar dugula».

Tristea da baieztatzea orduko esanek balioa galdu dutela. Murrizketak ezinbestean egin behar direla argudiatu dezakete, baina orduan ere ari ziren horretaz mintzatzen, ari ziren 1.200 milioi euro gutxiago izango zirela aurreratzen, eta «ez da izan behar murrizketarik» eta «euskaran are gutxiago» esan zuten orduan.

Begira diezaiegun orain iragarritako «murrizketa handiek», egiaztatzen badira, ekarriko dituzten ondorioei; ez da fikzio ariketa bat, erraza da aurreikusten: lehenik eta behin, normalizazioan atzerapauso nabarmena; horrekin batera, hainbat proiektu bertan behera utzi behar izatea; are gehiago, zenbait enpresa itxi behar izatea eta beste zenbaiten iraupena kinka larrian jartzea. Aurpegiak ere jar diezazkiekegu ondorioei: beharrik gabe geratuko diren langile on, kualifikatu, prestu eta militante ugarirenak.

Espero dugu irudikatu dugun etorkizun hurbil hori irauli ahal izatea. Espero dugu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak iazko urrian esandakoa betetzea. Euskararen eremuan ezin baita murrizketarik egin, are gutxiago azken urteotan jasan behar izan ditugun murrizketen ondoren. Euskara, euskalgintza, lehentasunekoa da, estrategikoa da, eta hala izanik, baliabideetan ere islatu egin behar da, eta hori ikustea espero dugu aurrekontuak aurkezten direnean.

Euskalgintzako eragileok ez dugu alde batera utziko euskararekiko dugun konpromisoa, ezta murrizketak izanda ere. Urteetan euskalgintza aurrera atera da auzolanari, militanteen lanari, herritarren laguntzari eta gizarte elkartasunari esker.

Euskalgintzako erakundeak herritik sortu eta aberasteko asmorik gabeko erakundeak gara, herri honi zerbitzu publiko bat eskaintzen diogu, lehentasunezkoa eta estrategikoa, eta hori egiten jarraitu nahi dugu, gainera gaur egun ditugun langileekin, guztiekin. Eta langileon lanpostuen defentsa beste inondik ez baletor ere, guk geuk defendituko ditugu, beti bezala.

Bihar: Mikel Irizar, Topagunea federazioko presidentea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.