Donostiako 61. Zinemaldia. Sail ofiziala. Kritika

Hegoalde hotza

Angel Aldarondo.
2013ko irailaren 24a
00:00
Entzun
'Caníbal'

Zuzendaria: Manuel Martin Cuenca. Aktoreak: Antonio de la Torre, Olimpia Melinte. Herrialdea: Espainia-Errumania-Errumania-Frantzia. Iraupena: 116 min.

Hotza. Hori da Martin Cuencaren filma deskribatzeko hitzik aproposena. Zinemagile interesgarri horren estilo eskandinaviarra ezin hobea da Granadako jostun kanibalaren istorioa islatzeko. Ausarta da zuzendariak hartutako kontenplaziozko jarrera bitxia, ikusleengandik —batez ere patzientzia gutxikoak— gehiegi urruntzeko arriskua duelako; eta oraingoan, La mitad de Oscar filmean bezala, hari-harian ibiliko da.

Badirudi protagonistak bizi duen psikopatia zuzendariak berak sufritzen duela: ez du errukirik ikuslearekin. Pertsonaia hieratikoak, elkarrizketa lasaiak, sinbolismo folklorikoak, errealizazio kalkulatzailea... Mimo handiz burututako plano hermetikoek jostun zehatzaren puntadak dirudite. Baliteke Imanol Rayo zinemagile nafarraren Bi anai film bortitzarekin parekotasuna izatea.

Oro har, filmaren magnetismoa ia metraje guztian mantentzen da, baina gidoiaren apaltasunak eta erritmo patxadatsuak lantzean behin beheraldi bat ekarriko du. Ez da batere erraza narratiba antiklimatikoa erabiltzea fribolitatean maldan behera joan gabe. Meritu ikaragarria du Martin Cuencak bere barruan egindako lanak, estetizismo jasangarriaren bideari gogor atxikita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.