«Euskal lurralde elkargorik ez da izanen»

Frantziako Legeen Batzarrean izandako eztabaidan argitu du gobernuaren jarrera Lebranchu ministroak

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko uztailaren 2a
00:00
Entzun
«Ez da lurralde elkargorik izanen Euskal Herriarentzat», Marylise Lebranchu Deszentralizazio ministroak argi utzi duenez. Frantziako Legeen Batzarrean Colette Capdevielle diputatu sozialistak egin eskaerari argiki erantzun zion barda ministroak.

Deszentralizazio erreformaz eztabaidatzen hasi ziren atzo gauean diputatuak. Edizio hau ixterakoan ez zuten Capdeviellek aurkeztu zuzenketa bozkatua oraindik. «Ondare kulturalean berezitasun bat» izateaz gain, «elkartasun espazio bat» osatzen duten lurraldeentzat lurralde elkargo bat osatzeko aukera aurkeztu zuen iragan astean. 9. artikuluari gehituriko zuzenketa izanki, eztabaidaren lehen egunetan behar lirateke bozkatua izan.

Dena dela, Lebranchuren erantzunarekin oraindik argiago gelditu da Frantziako Gobernuak ez duela Ipar Euskal Herriaren aitorpen instituzionalik nahi. Diputatu sozialisten taldeak ere ez du proposamena sostengatzen. Hots, zuzenketak onartua izateko aukera gutxi du.

Polo bat: «berri ona»

Haatik, barda Lebranchuk zioen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoarentzat metropoli edota baserri munduko polo baten sorrera «berri ona» litzatekeela. Frederique Espagnac senatariak egin proposamenak gobernuaren sostengua du. Ipar Euskal Herriarentzako Antolaketarako eta Kooperaziorako Poloaren sorrera ekarriko lukeen aldaketa aurkeztu zuen bere kabuz, maiatzaren 24an.

Senatuak alde bozkaturik, egituraketa mota honek aitzina segitzen du, eta ondoko egunetan iritsiko da Legebiltzarrera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.