Europako hauteskundeak. Kanpaina

Eskubideak lortzeko, mobilizatzera deitu du EH Bilduk

Juaristik esan du «dominazioaren kateak» hausteko ezinbestekoa dela herritarrak aktibatzea

David Fernandez, Josu Juaristi eta Patxi Zabaleta. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Iruñea
2014ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
«Estatuko erregimenaren dominazioaren kateak hausteko» deia egin die herritarrei Josu Juaristi EH Bilduko zerrendaburuak. Iruñean, Foruen monumentuaren aurrean eginiko ekitaldi batean, Juaristik salatu du euskal herritarrek «mendeak» daramatzatela «eskubideak ukatzen dizkien estatu baten [Espainia] menpe». Hori amaitzeko garaia dela azpimarratu du EH Bilduko kideak, eta hori lortzeko mobilizatzeko deia egin die herritarrei. «Gure etorkizunaren jabe izateko garaia heldu da», azpimarratu du.

Ekitaldian David Fernandez Kataluniako CUPeko burua izan da. Hauteskundeetan ez aurkeztea erabaki duen arren, CUPek babesa agertu dio EH Bilduri, bi indar politikoek eskatzen duten aldaketa politikoa eta soziala «antzekoa» delako.

Horrekin batera, bi herrialdeen «autodeterminazioaren aldeko borroka» nabarmendu du Fernandezek. Haren esanetan, herritarren parte hartzea ezinbestekoa da helburu hori lortzeko, eta azpimarratu du parte hartze horrek egiten diola «minik handiena» Europari.

Salaketa 'La Razón'-en aurka

Donostian eginiko agerraldi batean, EH Bilduk jakinarazi du La Razón egunkariaren aurkako kereila bat jarriko duela auzitegian. Kazeta horrek astelehenean argitaratu zuen ETAk erregistratu egin duela koalizioa alderdi politikoen bulegoan. EH Bilduk jakinarazi du aurrerantzean «bide judizialetik» joko dutela koalizioa iraindu eta gezurra esaten dutenen aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.