Krisia Nafarroako Gobernuan

Bozetara deitzeko keinu egin arren, ez da ausartu

Bozak aurreratzeko aukera iradoki du Barcinak, baina, Rajoyk deitu ostean, argi utzi du ez duela dimitituko

joxerra senar
Iruñea
2014ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Urduri jarri da. Ikusirik bere agintaldia amaitzear dela, hauteskundeak aurreratzeko ideiarekin jolas egin zuen atzo jendaurrean. «Borrokatuko naiz ez dadin egon Bildurekin gobernu bat, ezta bi hilabetez ere». Diario de Navarra egunkariari egindako adierazpen horrek espekulazio andana eragin zuen atzo goizean. Izan ere, oposizioari egoeraren kontrola hartzeko tartea kenduta, Barcinak aukera ireki zuen bozetara bere kabuz deitzeko. Keinu egin zuen, baina ez zen ausartu. Mariano Rajoy Espainiako presidenteak deitu zion, eta Navarra Televisionen bere posizioa berregokitu zuen: «Ez dut dimisioa emango. Ez dezala hamabost egun itxaron. Aurkez dezala orain [Roberto] Jimenezek Bildurekin zentsura mozioa, eta hala ez dugu itxurarik egin beharrik».

Urduritasun eta zalantza horren atzean, Barcinak arrisku kalkulu zaila egin du. Idoia Nieves Ogasuneko zuzendari gerentearen salaketak erabat jokoz kanpo utzi du presidentea. Gobernua hain ahul izateak Lourdes Goikoetxea presidenteordea kargutik kentzeko tarterik gabe utzi du. Hala, oposizioari zentsura mozioaren aukera kendu eta hauteskundeak aurreratzea erabakiz gero, denbora irabaz dezake. Horrela, UPNren jarduneko gobernu batek hiru hilabete irabaziko lituzke, eta erregimenaren gainbeheraren kontrola berreskuratuko luke. Zentsura mozio bidez, berriz, beste kolore bateko gobernu bat iritsiko litzateke, eta UPNren gestioaren arrastoak nahierara erabil ditzake kanpainan. Beste aukera ere oso arriskutsua da UPNrentzat: hauteskundeak aurreratzea porrota jendaurrean onartzea da.

Horren jakitun, zentsura mozioa bere alde erabili nahi du. Alde batetik, alde du Espainiako eskuin mediatikoa, baita Nafarroakoa ere. Azken bi egunetan ikusi den bezala, Nafarroako afera PSOE ahultzeko baliatuko du PPk Espainian, eta PSOEren zalantza horiek profitatu nahi ditu era berean Barcinak. Rajoyrekin izandako deiari buruz, azaleko kontuak baino ez zituen aurreratu: «Normala denez, kezkatuta dago. Telefonoz deitu zidan galdetzeko zer gertatzen ari zen, eta kontatu egin nion. Animoak eman zizkidan. 'Nafarroa benetan defenditzeko irmotasuna' eskatu zidan, eta gezurrezko akusazio baten biktima den pertsona bat defenditzeko eskatu».

PSOEko idazkari nagusi Alfredo Perez Rubalcabarekin ere hitz egiten saiatu da. «Telefonoz deitu diot, baina ezin izan dut harekin hitz egin». Rubalcabari «Nafarroak duen esanahiari buruz» hitz egin nahi dio. UPNk orain Nievesen salaketaren muina saihestu, eta Jimenezen gain jarri nahi du arreta: «Jimenezek presidente izateko irrika du, eta berdin zaio dena, baita gezurretan aritzea ere. Hordagoa bota du, eta, frogarik gabe, bere epaia eman du».

PSOE, «guztiz konbentzituta»

PSOEko Antolamendu idazkari Oscar Lopezek, berriz, Rajoyri eskatu dio argitzeko zeri buruz hitz egin duen Barcinarekin. «Elkarren arteko ustelkeriak estaltzea hitzar dezakete».

UPNren asmoen jakitun, Jimenezek adierazi du PSOEn «guztiz konbentzituta» daudela egia jakin behar dela Lourdes Goikoetxearen aurka egin diren ustelkeria salaketei buruz. «Hori oso argi dugu, eta gainontzeko guztia arreta desbideratzea da». Haren esanetan, Barcinak Bildu erabiltzen du horretarako: «Hau ez da Bilduren kasua; hau Nafarroako Gobernuaren ustelkeria kasua da». Haren esanetan, ikerketa batzordearen ondorioak ezagutzeko itxarongo dute, eta horregatik ez dute aurreiritzirik. Goikoetxearen aurkako salaketak «egiaren zantzuak» dituela uste du.

Geroa Baiko Uxue Barkosek ere arreta desbideratzeko saio hori gaitzetsi du Euskadi Irratian. «Bilduk PSNren zentsura mozio bati eman diezaiokeen babesari ematen diote garrantzia, egiazki ustelkeria kasu bat izanik», azaldu du. Presioa PSOEra zuzendu nahi duela uste du Barkosek, eta alderdian denetariko iritziak atera dira. Jarrera sendo bat faltan botatzen du, dena den. Gainera, auzitan jarri du Roberto Jimenez orain presidente izateko zilegitasuna: «Yolanda Barcina presidente izatea ahalbidetu zuen alderdiko burua izan zen, eta Barcinaren presidenteorde izan zen urtebetez», gogorarazi du. Egungo egoera oso konplexua dela deritzo. Konplexutasun hori UPNk balia dezake.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.