Elizaren ondasunak (I). Gipuzkoako egoera

Zeharkako erregistroa

Gipuzkoan dozenaka eliza erregistratu ditu gotzaindegiak, zeharkako bide bat erabilita: elizak dauden lurrak jarri ditu bere izeneanGehienak 80koak dira, baina bada erregistro berririk: uztailean egin zuten katedralarena

Garikoitz Goikoetxea.
Donostia
2012ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Nafarroan jarri dute zeresana elizen erregistroek, baina handik at ere badira mugimenduak. Gipuzkoan ere aritu da Eliza ondasunak bere izenean jartzen. Zeharkako bide bat erabili du horretarako Donostiako Elizbarrutiak: eraikinak ez, elizak dauden lurrak jarri ditu bere izenean. Parrokien izenean ipini ditu ondasunak Jabetzaren Erregistroan, baina, hori bai, parrokiaren ordezkari gisa gotzaina jarrita. 1980ko hamarkadakoak dira erregistro gehienak, Jose Maria Setienen garaikoak. Hala ere, badira aurten eginikoak ere: Donostiako katedrala dagoen orubea uztailean jarri du bere izenean gotzaindegiak. Erregistroko paperek diote udala dela jabea.

Eliza ondasunez jabetzen ari dela Nafarroan azaleratu zuten orain dela bost urte. Talde baten salaketaren ostean, parlamentuak informazioa eskatu zion Espainiako Gobernuari. Erantzuna: 1.087 ondasun erregistratu zituen Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzak 1998tik 2007ra, legeak ematen dizkion abantailez baliatuta. Espainiako zenbait lekutan ere gisa berean jardun dute gotzainek. Informazioa lortzea izan da arazo, ordea. Areago orain: PP gobernuan dagoenetik, oztopoak jartzen ari da Espainiako Justizia Ministerioa —haren menpe dago Jabetzaren Erregistroa—. Gipuzkoako Batzar Nagusiek, esate baterako, eskatua dute informazioa.

Gobernuak ez du informaziorik eman, baina Nafarroakoaren gisako jardunak Gipuzkoan ere badirela jakin ahal izan du BERRIAk. Elizak herri txikietan eta handietan erregistratu ditu ondasunak.

Mende luzez inoren izenean ez dira egon elizak eta haiek dauden lurrak. Lehen aldiz eraman ditu erregistrora Elizak. Hori gertatu da Elduainen. 1982an, azaroaren 25ean, bi lursail jarri zituzten Santa Katalina parrokiaren izenean: Santa Katalina eliza bera dagoen orubea, eta Santa Kruz baselizarena —erre egin zen 2005ean—. Parrokiako agintari gisa Setien gotzaina ageri da erregistroko paperetan, eta argi diote elizak dauden lurra dela erregistratutakoa.

Nafarroako jardun bertsua

Badaude aldeak Nafarroako eta Gipuzkoako elizen jardunean. Iruñeko eta Tuterako Artzapezpikutzak bere izenean jarri ditu ondasunak; Gipuzkoan, gehienetan, herri bakoitzeko parrokien izenean. Hala ere, hutsala da aldea, Gipuzkoan paperetan gotzaina ageri baita arduradun. Nafarroan argudiatu dute seguruagoa dela artzapezpikutzaren izenean jartzea.

Lege pribilegioak aprobetxatzea da bi elizbarrutien antzekotasuna. Espainiako Hipoteka Legeak bidea ematen dio Elizari bere burua ondasun baten jabe egiteko. Hori egin du Donostian: Parte Zaharreko Koruko Andre Mariaren basilika dagoen lurra immatrikulatuta dauka Elizak 1983tik.

Zergatik erregistratu zituzten lurrak, eta ez eraikinak, Nafarroan bezala? Ezin zutelako, azken batean. 1980ko hamarkadan jo zuen Gipuzkoako Elizak Jabetzaren Erregistrora, eta orduan ez zeukan modurik eraikin erlijiosoak bere izenean jartzeko, legeak ez baitzion aukera ematen. Zeharkako bidea hartu zuen: lursailak bere izenean jarri zituen jabe gisa azaltzeko. Hori da erregistroaren xedea: publikoki azaltzea jabetza.

Elizak ez, baina beste eraikin batzuk jar zitzakeen bere izenean. Bada horrelakorik Gipuzkoan: Aizarnan (Zestoa), apaizetxea erregistratuta dauka. Lurren jabetza hartzeko aukera ere bazeukan.

Elizak 1998tik dauka aukera eraikin erlijiosoekin gauza bera egiteko. Gipuzkoan, ordea, apenas hartu duen bide hori. Lursailak erregistratzen jarraitu du. Azkena, orain dela hilabete pasatxo: Donostiako Artzain Onaren katedrala dagoen orubea bere izenean jarri zuen Donostiako Elizbarrutiak —parrokien izenean egin dituzte gehienak, baina hori, gotzaindegiarenean—. Maiatzaren 23an egin zuen eskaria Jose Ignacio Munillaren gotzaindegiak, eta uztailaren 7an eman zioten baietza.

Katedraleko lurra, udalarena

Eliza herriaren ondasunez jabetzen ari dela salatu dute Nafarroan. Argia da Donostiako katedralaren kasua. Elizak eta udalak itun bat egin zuten 1887an; herriko etxeak orube bat utzi zion gotzainari, eliza eraikitzeko. Baldintza batzuk jarri zizkion. Haietan, argi adierazten da udala dela lursailaren jabea. Besteak beste, Elizak onartu zuen dena delakoagatik katedrala ixten badu «jabe den udalari» itzuli beharko dizkiola lurrak, eta eliza ere bai. Hala ere, orubea erregistratu egin du Munillak.

Zaharragoak dira gainerako elizak, eta zailagoa da ondasun horiek herrienak direla frogatzea. Elduainen Santa Kruz ermita egitea adostu zuteneko paperak badira. Honela diote: «Ermitarik ez zutenez prozesioak egiteko, [elduaindarrek] beste leku batzuetako elizetara eta ermitetara jo behar izaten zuten, eta horrek deserosotasunak sortzen zizkien. Aurrerantzean halakorik ez izateko, herritarrek eta bizilagunek erabaki dute gurutze santua gurtzeko ermita bat egitea». 1603ko irailaren 21ean onartu zuen baseliza egitea udalbatzak; 1604ko urriaren 31rako amaitu zituzten obrak.

Ermita erre zuen suak, eta gaur egun lursaila besterik ez dauka han Elizak. Beste herri batzuetan, ordea, balio handiko ondasunak eskuratu ditu Gipuzkoako Elizbarrutiak. Orubeak bakarrik kontuan hartuta ere, handia da aberastasuna. Pentsa: Donostiako katedrala dagoen lursailak 3.078 metro koadro ditu, hiriburu erdian; Parte Zaharreko Koruko Andre Mariaren basilikak, 2.773.

Monumentu izendatuta

Lursail hutsak ez dira, nolanahi ere. Balio handiko eraikinak daude horietan. Katedrala eta Koruko Andre Mariaren basilika monumentu izendatuta dauzka Eusko Jaurlaritzak. Parte Zaharreko elizak atari ikusgarria du, eta zaharberritze lan handiak egin dituzte azken urteetan: 2008an itxi egin zuten urtebete pasatxorako, obrak egiteko; bost milioi euroko aurrekontua zuten, eta parrokia kexu da orain, erakundeek ez diotelako eman «agindutako» dirua. 2,7 milioi euroko zuloa du parrokiak. Diputazioak milioi bat euro pasa eman dizkio parrokia horri 2007az gero.

Erregistratutako lurretan dauden parrokiekin hori guztia. Ordea, erregistratzaileek argi diote: inork ez dauka betebeharrik ondasunak Jabetzaren Erregistrora eramateko. Litekeena da jabetza gehiago izatea Elizak. Badauzka lursail gehiago bere izenean jarrita, katastroan, adibidez, baina horiei buruzko informazioa lortzea zaila da, pribatua izaten da eta.

[email protected]

Bihar: Azterketa lege ikuspegitik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.