Sorturen Kongresua. Ekitaldia

Lehen urratsa egin du Sortuk

Otegik espetxetik bidalitako gutunean mentalitatearen iraultza aldarrikatu du: «Kontsigna gutxiago eta argudio gehiago»Independentzia lortzeko xedea dutenekin estrategia hitzartzeko prest azaldu da Sortu

Sorturen Kontseilu Nazionaleko kideak, Anaitasuna kiroldegian atzo arratsaldean eginiko ekitaldian. I. ZABALETA / ARP.
joxerra senar
Iruñea
2013ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Bere estatutuak aurkeztu eta bi urtera, Espainiako Konstituzionalaren murrua gainditu ostean, bere bideari ekin dio jada Sortu alderdiak. Iruñeko Baluarte jauregian egin du bere lehen biltzar eratzailea, eta han, laurehun biltzarkideren zein nazioarteko eta Euskal Herriko beste hainbat eragileren aurrean, Hasier Arraiz Sortuko presidente izendatu berriak argi esan du zein den helburua: independentzia lortzea. «Askatasun osoa dugu helmuga». Horretarako, helburu horrekin bat egiten duten indar politiko eta sindikal guztiekin «Euskal Herriaren lema partekatzeko» prest azaltzen da Sortu; «betiere nora goazen adosteko gai baldin bagara», zehaztu du. «Askapen prozesua» bururaino eramateko tresnaizan nahi du Sortuk, nahiz eta bidean «gorabeherak eta kontraesanak» sortuko direla ohartarazi.

Biltzarrari amaiera eman dio Arraizek, eta esanguratsua izan da azken diskurtso horretan nori egin dizkion lehen hitzak: euskal presoen senideei. Kartzeletara honako mezu hau helarazteko eskatu die: «Beraiekin gaude, orain eta beti, eta gure esku dagoen guztia eta gehiago egingo dugu gurekin lehenbailehen egon daitezen».

Hain zuzen ere, iragana behin betiko atzean uzteko gatazka politikoari konponbide oso bat ematea da Sorturen beste erronka nagusia. « Ez da erraza izango. Bakezale asko omen dago Madrilgo eta Parisko gobernuetan, baina gaur egun eragile politiko nagusien artean bakegile gutxiegi topatzen ari gara». Blokeoa gainditzeko, gatazkaren muin politikoa askatzea eta «ondorio guztiei irtenbidea ematea» izango dira lehentasunak.

Otegi: «Zorrotzak izan»

Biltzarra Arraizekin amaitu da, baina idazkari nagusi izango denarekin hasi da. Postu hori, berez, oraingoz hutsik egongo da, harik eta Arnaldo Otegi espetxetik irten arte. Hain zuzen ere, Otegik kartzelatik bidalitako gutun bat irakurri du Karmele Aierbek, eta bertan Sorturen militantzia osoari galtzak bete lan eman die. Otegikmentalitatearen iraultza eskatu du. «Kontsigna gutxiago eta argudio gehiago behar ditugulako, ardatza parte hartzea delako, buruatsegin gutxiago eta autokritika eta antolakuntza askoz gehiago behar ditugulako». Otegik dio ezker abertzalea ez zela betiko erresistentzia egiteko edo protesta egiteko sortu. «Askatasuna irabazteko baldintzak sortzeko antolatu zen. Eta hori lortzeko, zorrotzak izan behar dugu».

Egoeraren analisia ere egin du.«Une historikoa eta erabakigarria» dela dio. «Nazio askapenerako borrokaren ikuspuntutik», bi ondorio ekarri ditu krisiak: «Estatu espainiarrak bizi duen deskonposizio prozesua, mendeetan izan ez dena», eta ongizate estatua eraistea helburu duen kapitalismoaren kontraerasoa.

«Zer egin egoera honetan? Aukera guztiak baliatu», esan du espetxetik Otegik. Alternatiba bat eraiki, eta horren inguruan gehiengo zabalak biltzea izango da Sorturen erronka, haren hitzetan. «Hain zuzen, horregatik erabaki genuen estrategiaz aldatzea», azaldu, eta hainbat zalantza planteatu ditu: «Benetan azaldu dugu eta barneratu aldaketa estrategiko honen sakontasuna? Jabetzen gara hemen eta orain euskal estatua deklaratu eta eredu sozial alternatiboa eraikitzeko lan historiko itzela dugula aurrean egiteko? Ala uste dugu iraganarekiko ezberdintasun bakarra borroka armatuaren desagerpena dela?».

Pare bat orduz, kazetariak ez dira biltzarrean egon. Azpimarratu behar da nazioartetik zein Euskal Herritik gonbidatu andana izan dela. Euskal Herritik, Baluarten izan dira, besteak beste, Aralarko Patxi Zabaleta eta Asun Fernandez Garaialde; EAko Maiorga Ramirez; EAJko Manu Aierdi; Geroa Baiko Uxue Barkos; Abertzaleen Batasuneko Mertxe Colina; Nafarroako Ezker Batuko Jose Miguel Nuin;Bilduko Bakartxo Ruiz; Amaiurko Sabino Cuadra eta Xabier Mikel Errekondo; ELAko Mitxel Lakunza...

EPPK-ren mezua

Bigarren zatian, Iñaki Zabaletak hartu du gidaritza, eta euskaraz zein ingeles txukunean mintzatu da. Lehenik eta behin, Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren gutuna irakurri du Kandido Zubikaraik. Gogora ekarri duenez, «ezker abertzalearekin batera» egin da bidea orain arte, eta aurrerantzean horrela jarraitzeko asmoa dago: «Zuek kanpotik eta guk barrutik».

Zubikaraik nabarmendu du Euskal Herriaren gehiengoak argi utzi duela presoen auziak lehentasuna duela eta «Parot doktrina zein sakabanaketa» indargabetu behar direla. Zubikaraik azpimarratu du «guztien artean» aukera berriak sortu direla, baina Espainiako zein Frantziako estatuak aukera horiek ito nahi dituztela salatu du. «Presoak prozesua zingiratzeko erabili nahi dituzte, baina presoen egoeraren hobekuntza baino gehiago prozesuaren bideragarritasuna dago jokoan». Egungo blokeo egoerari aurre egiteko, «irudimena, ausardia eta erabakitasuna» aldarrikatu ditu.

Nazioarteko egoeraren eta biltzarraren ebazpenak ia-ia aho batez onartu ostean, kontseilu nagusia izendatu dute —ikus alboko irudia—. Arraiz izendatu dute presidente.

Arratsaldean, Anaitasuna kiroldegian ekitaldi politikoa egin du Sortuk. Sinn Feineko ordezkariak presoen egoera konpontzeko beharra dagoela azpimarratu du, eta Sirizako kideak Otegi aske uzteko eskatzearekin batera, herrien batasuna aldarrikatu du krisiari aurre egiteko. Amaieran, Pernando Barrenak konpromiso irmo bat adierazi du: «Sortuk ez du bake itxaropena zapuztuko». Konpromisoa eta antolakuntza aldarrikatu ditu: «Horrek ekarri gaitu hona, eta horrek bakarrik eramango gaitu garaipenera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.