Biztanleria (I). Egoera orokorra

Zahartuta, eta gaztetu ezinik

Europako herri zahartuenetarikoa da Euskal Herria: 15 urte baino gutxiago duten hamar laguneko, hamalau daude 65 urtez gorakoakHiru milioiren langa pasatuta, geldialdian da hazkundea, eta jaisteko zantzuak nabari dira

Garikoitz Goikoetxea.
2013ko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Herri zaharra dela esan izan dute, Europako zaharrena. Zahartutako herria ere bada orain, Europako zahartuenetakoa. Euskal Herria. 15 urte baino gutxiagoko hamar gazteko, hamalau lagun daude 65 urte baino gehiagokoak. Alemania eta Italia soilik ditu parean. «Mendebaldeko herrialdeetako prozesu normala da. Intentsitate handiagoa izan du hemen», azaldu du Pello Urkidi EHU Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleak. Egoera areagotuko dela ziurra da: euskal herritarren %47k dituzte 45 urte baino gehiago. Erretirora iritsiko dira asko hamarkada gutxian. Eta ez dago nahiko jaiotza horien tokia ordezkatzeko.

Hiru milioi herritarren langa orain zazpi urte gaindituta, berriro geldialdian dago biztanleen kopurua. 2000ko hamarkadan immigrazioak izan du zeresan berezia biztanleriaren hazkundean. Krisi garaian, aldatu dira gauzak. Euskal Herria biztanleak galtzen ari dela esateko zantzuak agertu dira. INE Espainiako Estatistika Institutuak aurreratu ditu aurtengo datuak: 5.100 lagun gutxiago zenbatu ditu Hego Euskal Herrian. %0,17 lagun gutxiago urtebetean.

Hazkunde nabarmena izan du Euskal Herriko biztanleriak azken mendean. 1877ko datuarekin alderatuta, hirukoitza baino handiagoa da biztanleen kopurua. Argazki orokorra da hori, nolanahi ere. Euskal Herriko biztanleria hirukoiztuta ere, Nafarroa Behereak eta Zuberoak herritarrak galdu dituzte: %40 gutxiago dira. Bizkaiak, berriz, orain mende bat baino sei bider herritar gehiago ditu.

Industrializazioari lotuta dago biztanleriaren bilakaera, Hegoaldean, batez ere. XIX. mende bukaeran jarri du begia Urkidik. Milioi bat biztanle ere ez zituen Euskal Herriak. «Jaiotza tasa handia zen, baina heriotza tasa ere bai, eta ez zegoen hazkunde handirik». Hasi zen industria hedatzen, eta bildu zuen jendea. Esanguratsuak dira Bizkaiko zenbakiak: hamar urtean, ia bikoiztu egin zuen biztanleria. «Higiene aldetik-eta hobetzen joan zen egoera, eta heriotzak gutxitzen joan ziren». Egoera berria zabaldu zuen horrek. «Familiek ikusi zuten geroa ziurtatzeko ez zela hainbeste umeren beharrik».

Batez ere Bizkaian eta Gipuzkoan nabari da mende hasierako goraldia. Nafarroa Beherea eta Zuberoa husten ari ziren ordurako. Lapurdin hasia zen kostaldean jendea biltzen. Araba eta Nafarroan, batik bat mende erditik aurrera hasi ziren biztanleak gehitzen.

Piramiderik gabeko piramidea

Mende hasierako joera indartzen joan da, nahiz eta izan diren gorabehera batzuk historiaren harian. «Garapena ez da lineala», ohartarazi du Urkidik. 1918ko gripearen itzala nabari da Hegoaldean, eta areago 36ko gerrarena. «Heriotza tasa handitu zuela askotan esaten da, baina eragin handiagoa izan zuen jaiotzetan. Egoera normalean jaioko ziren ume asko ez ziren jaio». 1950-60 aldera, berriz, aurkakoa: gerratik irtenda, egoera ekonomikoa hobetzen, jaiotza tasak berealdiko igoera izan zuen. Baby boom izena jarri zioten. Iparraldean, berriz, txikiagoak izan dira gorabeherak. Lehen Mundu Gerrak arrastoa utzi zuen, nolanahi ere.

Piramide itxurarik gabeko adinpiramide bat utzi du bide horrek. «Eta, agian, ez du piramidea izan behar. Azkenean, piramideak islatzen du jende asko jaiotzen dela baina asko hiltzen direla adin gazteetan. Orain daukagunak esan nahi du jendea zahar izatera iristen dela». Hori ona da, Unai Martin EHUko irakaslearen iritzian. «Gehiago bizi garela ikusten da, eta hori lorpen sozial bat da». Jaiotza tasa jaitsi dela bistan da, baina, haren ustez, bizi-itxaropena luzatzeak gehiago eragiten du. Euskal Herrian, 78 urtean dute gizonek, eta emakumeek, 84 urtean.

Adin banaketari erreparatuta, gune nagusia 30-59 urte bitartean dago: herritarren %46 daude tarte horretan. Hortik kanpo, parekoa da egitura: 30 urtez azpikoak dira %29, eta 60 urtetik gorakoak, %26.

Europako datuen azpitik

Mundura begira jarrita, herrialde batzuetan badute Euskal Herriaren gisako egoera. Jaiotzen kopuruari erreparatuta, Europako batez bestekoaren azpitik dago Euskal Herrikoa: 10,4ko tasa du Europako Batasunak; 9,9koa Euskal Herriak. Suitzaren, Alemaniaren eta Italiaren parean dabil, beraz. Espainiak eta Frantziak altuagoa dute tasa. Urteetan Europako iparraldeko herrialdeetan izan dute jaiotza gutxi; buelta eman diote, ordea, eta Euskal Herria atzean utzia dute. Finlandian, esate baterako, 11,2ko tasa daukate. «Jaiotza tasa berreskuratzeko politikak egin dituzte herri horietan. Politika sakonak, ez hemen jarritako adabakiak», adierazi du Urkidik.

Jaiotza kopurua horrela jaisteko arrazoien artean, antisorgailuen eragina bai, baina batez ere emakumeak lan munduan hartu duen tokia hartu du hizpide Urkidik. «1960ko eta 1970eko hamarkadetan normala zen gaztetan emakumeek lan egitea etxetik kanpora, baina lehen haurra izanda lan merkatutik ateratzen ziren. Gaur egungo andreak, baimenak izan arren, itzultzen dira».

Bat eta beste, zahartzera jotzen jarraitzen du Euskal Herriak, eta urte gutxian areagotuko da hori. Martin: «Baby boom garaian jaiotakoek erretiroa hartzen dutenean, arazoa izango da une horretan lan egiteko adinean daudenak askoz gutxiago izango direla. Lan merkatuan ordezkapena egiteko arazoak izango ditugu». Eta urte gutxi falta dira hori gertatzeko: Hegoaldeko datuak oinarri hartuta, herritarren %12ri hamar urte baino gutxiago falta zaizkie erretiroa hartzeko adinera heltzeko.

Deigarria da: Euskal Herrian lanerako jendea faltako dela eta gazteak kanpora joaten ari direla zabaltzen ari dira. «Ez dakit zenbat ari diren joaten, baina laster etorriko dira, ez dagoelako ordezkapenik. Eta kanpotik ere hasiko da jendea berriro», dio Martinek.

Etorkinak. Industrializazio garaian Espainiatik bezala, 2000ko hamarraldian Afrikatik, Latinoamerikatik eta Europako ekialdetik etorri dira milaka. «Biztanleak galtzen ari ginen», ohartarazi du Urkidik. Alde handiz ez, baina jaiotza tasaren goitik zegoen heriotza tasa 1990eko hamarkada bukaeran eta 2000koaren hasieran. «Egoera sozioekonomikoa aldatzearekin, kanpotarrak etortzen hasi ziren. Etorkin gehienak gazteak izaten dira, eta horrek lagundu du jaiotza tasa berpizten».

Erretiroarekiko kezkan

Gizartea zahartzeak pentsioetan izan dezakeen eraginak sortu du ezinegona azkenaldian. Espainiako Gobernuak esku artean du erreforma proiektu bat. Aldaketa behar dela argudiatzeko, oker erabiltzen dira datu demografikoak, Martinen ustez. «Arazoa ez da demografikoa, baizik eta politikoa». Adin egitura hartu dute kontuan aldaketa behar dela esateko; demografoak azaldu du lan egiteko adinean daudenen kopurua ez, lan egiten dutenena hartu behar dela aintzat. Krisiaren aurreko adibidea jarri du: 65 urtetik gorakoen kopurua gehiago hazi zen lan egiteko adinean zeudenena baino, baina Gizarte Segurantzaren egoera hobetu egin zen, jende gehiagok aurkitu baitzuen lana.

Gizarte egitura berriari erantzutea da erronka, aditu bien iritzirako. «Multzo handi bat erretiroa hartzen joango da, bizi-itxaropen handiarekin, eta oso baldintza onetan, ezgaitasun handirik gabe». Zerbitzuek egoera horretara egokitzen joan beharko dutela uste du Urkidik. 45 urtetik gorakoak ia herritarren erdiak izanda, gero eta gehiago biziko direla begi bistan egonda, «aldaketa kultural bat» ate-joka dago, Urkidiren ustez: «Ez da berdin lehengo 65 urte edo oraingo 65 urte. Erretiroa hartuko dute, bai, baina pertsona ongi badago, ez dira zahar-zaharrak».

Bihar: Eskualdekako egoera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.