Abortatzeko eskubidea (I). Espainiako Gobernuaren lege erreforma

Tiraderatik ateratzeko zain

Hegoaldean, haurdunaldiaren lehen hamalau asteetan libreki abortatzeko aukera kendu nahi du Gallardonen erreformakUda ostean proiektuari berriz ekiteko asmoa agertu du Espainiako Justizia Ministerioak

Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2013ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroaren egitasmo nagusia tiraderatik atera ezinik dabil. Abortuaren Legea agintaldiaren lehen erdian aldatuko zuela hitzemana zuen Espainiako Gobernuak; baina, horretarako hiru hilabete falta direnean, lege aurreproiektuak idatzi gabe jarraitzen du. Balizko testuak kritika asko pilatu ditu, eta Gallardon ia bakarrik geratu da PPko emakumeek ere atzerakoitzat dituzten baldintzen defentsan. Baina ministroak ez du amore eman, eta Justizia Ministerioak jakinarazi du uda ostean erreformari berriro ekingo diola.

Baina zertan datza lege aldaketa? Informazio ofizialik ez dagoen arren, Gallardonek adierazpen bidez eman dituen aztarnak aztertu ditu BERRIAk Laura Montero Mujeres ante el Congreso talde feministako kidearekin.

Zein aldaketa ekarriko du lege berriak?

Haurdunaldiaren lehen hamalau asteetan libreki abortatzeko aukera desagertuko da. Monterok nabarmendu du 2010eko legearen «lorpen handienetako bat» izan zela azalpenik eman gabe abortatu ahal izatea, nahiz eta talde feministek epea luzatzeko eskatu izan duten. «Libreki erabakitzeko tarte horrek autonomia aitortu zien emakumeei beren gorputzen, amatasunaren, sexualitatearen eta bizitzen gainean».

2010eko legearen epeen sistema indargabetu, eta baldintzen legea berrezartzea da Gallardonen asmoa. 1985eko arauak zekartzan hiru kausetako bi berreskuratu nahi ditu; emakumeek abortatu ahal izango dute bortxaketaren biktima izan baldin badira, edo beren osasun fisiko edo psikologikoa arriskuan badago. Fetuaren malformazioei dagokien hirugarren kausa kanpoan uztearekin tematu da ministroa.

Planteamenduan ere aldatuko da legea. Izenetik hasita: Haurdunaldiaren Borondatezko Etenaren eta Sexu eta Ugalketa Osasunaren Lege Organikoa da 2010ekoa, eta amatasunaren zein haurtzaroaren babesa eraman dezake izenburuan Gallardonen testuak. Monterok azaldu du PPk gidatzen dituen autonomia erkidego batzuetan —Madrilen eta Murtzian, adibidez— jada halako legeak onartu dituztela: «Eliza Katolikoaren eta Red Madre fundazioaren gustura idatzita daude. Amatasunaren kontzeptua indartzea dute helburu; ama izan nahi ez dutenak haurdunaldia amaieraraino eramatera behartu nahi dituzte, eta ondoren umea adopzioan ematera».

Zertan da 1985ekoa baino murriztaileagoa?

1985ekoa baino lege murriztaileagoa egingo duela ohartarazia du Gallardonek, eta agerikoa da saiatuko dela. Malformazioen baldintza kentzeaz gain, bada oharkabean pasatzen ari den beste diferentzia bat: 1985eko testuak ez zuen eperik adierazten emakumearen osasunaren baldintzan, baina feministek uste dute lege berrian aukera hori mugatuko dutela, agian haurdunaldiaren hogeitabigarren astera arte.

Andreen osasunaren kausa muga dezakete?

«Baldintza psikologikoak» kentzeko eskatu dute abortatzeko eskubidearen aurkakoek; hau da, emakumeen buru osasuna irizpide gisa erabiltzeko aukera desagerrarazteko, kausa horren pean egin baitziren 1985. eta 2010. urteen arteko abortu gehienak. Eskakizun hori betetzeak zaila dirudi, adibidez, Osasunaren Mundu Erakundeak osasunaz emandako definizioari erreparatuta: «Ongizate fisiko, mental eta soziala».

Dena den, buru osasunaren zirrikitua estaltzen saia daiteke ministroa, adibidez medikuek arazo psikologikotzat har ditzaketen patologiak zerrendatuz. Ginekologoen egitekoa ere traba dezake: abortua egingo duenaz gain, beste biren txostena eskatzea aztertzen ari da; bi horiek ezingo lirateke zentro berekoak izan.

Zer gertatuko da adingabeekin?

Neska adingabeek gurasoen baimenik gabe abortatzeko eskubidea dute egun, baina PPren gobernuak aukera kenduko du. 2010eko legea onartu zenean Espainiako Auzitegi Konstituzionalean salatu zuen puntuetako bat da.

Abortatzen dutenak kartzelara joango dira?

Ez. Gallardonek argi adierazi du andreek ezingo dutela espetxe zigorrik jaso, baina horrek ez dakar berritasunik: 2010eko legeak jada baztertzen zuen aukera hori. Medikuei, ordea, urtebete eta hiru urte arteko zigorra jar dezaiekete, edo jarduteko baimena kendu, legezko baldintzetatik kanpo abortuak egiteagatik. Izan ere, abortua oraindik ere delitua da: PSOEk ez zuen Zigor Kodetik kendu, eta PPk ez du kenduko.

Adostasunik ba al dago PPren barruan?

Ez. Gallardonen asmoek zalaparta eragin dute PPren barruan, eta pertsona esanguratsu batzuek jendaurrean agertu dute haserrea. Espainiako Kongresuko PPko eledun Alfonso Alonso malformazioen kausa kentzearen aurka agertu da. Baina keinu sinbolikoena Celia Villalobos Kongresuko presidenteordeak izan zuen maiatzean: erreformaren aurka PSOEk jarritako mozioari buruzko eztabaidatik alde egin zuen, PPko diputatu Beatriz Escuderoren argudioekin ados ez zegoelako.

Hedabide batzuen arabera, haserre hori bideratzea lortu dute diputatuek, Gallardonen egitasmoa arriskuan jartzeraino: ustez, parlamentari batzuek legearen aurka bozkatzeko mehatxua egin diote ministroari. Eta PPk ezin du boto askorik galdu: lege organikoek 176 aldeko boz eskatzen dituzte, eta PPk 185 diputatu ditu.

Desadostasunak prozesua atzeratzen ari diren arren, Monterok gogora ekarri du alderdiaren barruan «muturreko jarrera kontserbadoreak» ere badaudela, eta Jaime Mayor Oreja jarri du adibide: «Generoaren ideologiak emakumeak abortatzera derrigortzen dituela esaten du. Ez da gehiengoaren iritzia, baina lobby indartsuak dira».

Konstituzionalari itxarongo diote?

Ez dago argi. 2010eko legeko zortzi artikuluren aurkako helegitea jarria du PPk —tartean, hamalau aste libreen kontra—, baina ez dirudi Auzitegi Konstituzionalak luze gabe gaiari helduko dionik. «Konstituzionalaren doktrinari jarraiki» jardungo duela adierazi izan du Gallardonek; hortik abiatuta, eragile batzuek uste dute auzitegiaren ebazpenari itxarongo diola. Epaia erdibidekoa izango balitz, 2010eko legea ebazpenera egokituz hitza beteko luke, eta, bide batez, azken hilabeteetako liskarra baretu. Baina, itxaron gabe ere, auzitegiak 1985ean ezarritako doktrinan oinarri daiteke ministroa. Arazoa da orduko epaia oso nahasia izan zela, eta interpretazio ugari izan dituela: nasciturus-a (jaiotzekoa dena) babestu beharra ezarri zuen, baina ez zion eskubiderik aitortu.

BIHAR: Datuen interpretazioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.