Donostiako 61. Zinemaldia. Sail Ofiziala. Kritika

Minaren gogoa

Filmaren irudi bat.
Angel Aldarondo.
2013ko irailaren 28a
00:00
Entzun
'La herida'

Zuzendaria: Fernando Franco. Aktoreak: Marian Alvarez, Manolo Solo, Rosana Pastor, Ramon Agirre. Herrialdea: Espainia. Iraupena: 98 minutu.

Istorio gogor eta minbera baten aurrean gaude. Ana 30 urteko anbulantzia gidaria da. Inguruko gaixoei laguntzen saiatuko da, bere buruari mina emanez. Kosta egiten zaio besteekin erlazionatzea; psikiatrek borderline edo mugako nortasun nahasmendua deitzen dioten gaitza dauka. Bere ingurua ulertzeko duen zailtasuna ia gaindiezina da. Hori dela eta, ezingo dio eutsi bere burua zauritzeari.

Marian Alvarez aktore ezezagunak, nahiz eta esperientzia gutxi izan, bikain ondu du emakume suntsitu eta zaurgarriaren erretratua. Zilarrezko Maskorra irabazteko modukoa. Pelikularen pisu guztia bere bizkarrean eramango du, neskaren nora ezaren etengabeko segimenduan. Une oro agertuko da pantailan, pertsonaia galeria estua aurkezten dela eta. Gainontzeko guztia desenfokatua agertuko da, planotik kanpo, off-ean. Ez dugu behar. Haren inguruko bizipen gazi-gozoak ez dira garrantzitsuak mina ulertzeko, ia ez dute eraginik haren gogoan; beti egongo da hondatuta.

Lan sendoa eta duina atera zaio Fernando Francori bere opera prima-n. Zaila da hain elementu gutxirekin horrenbeste egitea. Errealismo zinematografiko garaikidearen adibide dela esan genezake. Baliabide mugatuekin, bikain aritu da edukia formari gailenduz, batere diskurtsiboa izan gabe, mundukera gabe. Formalki ez baita sobera iraultzailea, Gus Van Santen filmen traza hartuko du. Michael Hanekeren gerizpean. Patxadaz, tempo lasaiaz, eta apenas hitzik gabe; begiradek hitz egiten dute. Askori nekagarria gertatuko zaie, eta luze samarra izanda ere, zinez interesgarria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.