Euskal presoak. EPPKren bitartekarien kontrako polizia operazioa

Urkulluk dio bitartekarien kontrako operazioa «atzerapausoa» dela

PSEren ustez, atxiloketek «ezinegona» eragin dute; Donostiako taldearen adierazpena ez du babestu, halere

Erredakzioa
Bilbo
2014ko urtarrilaren 11
00:00
Entzun
Iñigo Urkullu lehendakariaren ustez, Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroa ez da «pertsona egokia» Euskal Herrian ireki den garai berria gidatzeko. Euskal gizartea zein ezker abertzalea «aurrerapausoak» egiten ari diren bitartean ministroa «atzerapausoak» egiten ari dela iruditzen zaio. «Ezer gertatu ez balitz bezala jarraitzen du». Botere judizialak ere «urratsak» egin behar dituela adierazi du, eta, horren haritik, EPPKren bitartekarien aurkako polizia operazioa hartu du hizpide.

Operazioa agindu izanak «kezkatu» egin duela esan du, «ezerezean geratu diren beste operazio batzuen» oinarri bera duela iruditzen baitzaio. «Operazio traketsa izan da, helburu mediatikoa zuena, atzerapausoa dena, eta bere aurrekariak, Herrira-ren aurkako auzia, esaterako, ezerezean geratu ziren».

Idoia Mendia PSE-EEren bozeramaileak bere alderdiaren jarrera ofiziala azaldu du. Gertaerak ezinegona eragin duela aitortu du Mendiak, baina esan du ez duela babesten PSEren Donostiako taldeak hartutako jarrera. Donostiako Udalean adierazpen bateratua onartu zuten PSEk, EAJk eta Bilduk. Operazioa «egungo egoera politikoan oztopoa» dela dio adierazpen horrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.