Etxarri Aranazko Udalak uko egin dio galdeketa dela-eta gobernuak irekitako auziari

Gobernuaren «sarean erortzeko» asmorik ez duela dio, eta herri ekinbideak galdeketa egiteko nahia azaldu du

joxerra senar
Iruñea
2013ko irailaren 26a
00:00
Entzun
«Beldur diote gure herritarrek zer pentsatzen duten galdetzeari». Joxi Bakaitzeko Etxarri Aranazko alkateak jakinarazi duenez, udalak ez du «gobernuaren sarean erortzeko asmorik», eta, horregatik, herri galdeketaren inguruko auzi judizialari uko egitea deliberatu du. Bakaikoak Nafarroako Gobernuaren jarrera gaitzetsi du, «ahaleginetan ari direlako Etxarrin galdeketa bat egin ez dadin». Haren esanetan, galdeketa egiteko eskaera «gatazka juridiko luze, garesti eta antzuetan murgildu nahi izan du» UPNren gobernuak. Udalaren ustez, gobernuak «herritarrei ahotsa kentzea» du helburu bakar, baina horrekin beldurra baino ez dutela adierazten uste du Bakaikoak.

Etxarri Aranatzen, urtarrilean ekin zioten galdeketa bat egiteko bideari, Etxarri 2012+1 herri ekinbidearen bitartez. Nafarroako foru legearen baldintzak betetzen zituelakoan, ekinbideak herri galdeketa bat egiteko sinadura bilketa egin zuten, eta, ondoren, udalera igorri zuten eskaera. Maiatzaren 10ean, udalbatzak Bildu eta NaBai koalizioen aldeko botoarekin gehiengo handiz onartu zuen proposamena, eta, ondoren, gobernuari bidali zion. Udal batek herri galdeketa egiteko eskaera igortzen duenean, gobernuak Espainiako ministroen kontseilura bidali ohi du, baina kasu horretan Nafarroako gobernuak Administrazioarekiko Auzitegiaren eskuetan utzi zuten auzia.

Gobernuaren jarrera kritikatu zuten atzo bai udal gobernuak bai Etxarri 2012+1 herri ekinbideak. Mikel Mundiñano ekinbideko ordezkariaren esanetan, gobernuak «trikimailu juridikoak baliatu ditu bere eginkizuna bete eta Madrilera bideratu beharrean ekinbidea bertan behera utzi eta ukatzeko». Udalarekin bat egin du, eta uste du gobernuak demokraziari beldurra azaldu diola.

Hala ere, herri ekinbideak ez du geldi geratzeko asmorik. «Nafarroako Gobernuak gatazka bilatzen duen bitartean, Etxarri 2012+1 ekinbideak herritarron arteko errespetua eta bizikidetza ditu helburu. Haren ustez, «ez du zentzurik indarrak eta denbora gatazka juridikoetan galtzea». Hala, udalarekin elkarlanean jarraitzeko prestutasuna azaltzeaz gain, herri galdeketa egiteko borondatea berretsi du. Horretarako «modu berriak» jorratuko dituztela ziurtatu du.

«Harantzago» joateko asmoa

Joxi Bakaikoa alkatearen ustez, berriz, argi geratu da «haratago» joan behar dela: «Etxarriko herriak bultzatutako erronkak agerian utzi du egungo instituzioetan eta egitura politikoetan ez dugula tokirik. Muga juridiko eta administratiboak gainditu eta gure bideak jorratu behar ditugu». Udalak deitzen dio «gizarte zibilari eta alderdiei erabakitzeko eskubidearen aldeko urratsak egitera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.