Ipar Kivu okupatu du Kongoko armadak

Kongoko Errepublika Demokratikoko presidenteak M23rekin negoziatzen jarraitzeko beharra nabarmendu du

Erredakzioa
2013ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Kongoko Errepublika Demokratikoko armadak Ipar Kivutik falta zitzaion azken hiri nagusia okupatu duela jakinarazi du Joseph Kabila errepublikako presidenteak. Tropak herenegun sartu ziren Bunaganan, eta M23 talde matxinoa kanporatu zuten. Ekialdeko mugan dago hiri hori, Ugandari itsatsita, eta gerrillaren gotorleku izan da azken hilabeteotan: urte eta erdiz agindu dute Ipar Kivun. Joan den ostiralaz geroztik, hainbat eraso egin ditu armadak, eta Kibumba, Kiwanja, Rutshuru eta Rumangabo hirietatik egotzi ditu gerrillariak.

Kabilak zoriondu egin ditu erasoan parte hartu duten tropak eta Monusco, Kongoko Errepublika Demokratikoa Egonkortzeko Nazio Batuen Misioa, eta armak uzteko deia egin die talde matxino guztiei, baita ustez Ipar Kivun «triskantzak eragiten jarraitzen duten atzerriko taldeei» ere: «Bestela, indarkeria erabiltzea beste aukerarik ez zaigu geldituko». Kongoko Errepublika Demokratikoko Gobernuak Ugandari eta Ruandari egozten die 2012ko matxinada babestea.

Bake elkarrizketak

Eraso militarrak gorabehera, matxinoekin negoziatzen jarraitzeko beharra nabarmendu du Kabilak:«Horrek ez ditu alde batera utzi behar bake iraunkorra lortzeko aukera politikoak». Gobernua eta M23 iazko abenduan hasi ziren irtenbide politiko bat negoziatzen, baina behin eta berriz eten dituzte elkarrizketak. Presoen inguruko auziak eta matxinoak armadan sartzeak eragiten ditu desadostasun handienak—armadako desertoreek sortutako taldea da M23—. Hain zuzen ere, Ugandak asteazkenean jakinarazi zuen M23ko buruzagitzako ordezkari bat jada han dagoela gobernuarekin elkarrizketei berriz heltzeko asmoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.