Amazonia

Munduaren birika, arnasestuka

Brasilgo Kongresuak Basoaren Legearen erreforma onartu du, eta 2008a bitartean Amazonia suntsitu dutenei amnistia ematea jasotzen du, besteak beste. Legea indarrean sartuz gero basogabetzea areagotuko dela salatu dute ekologistek.

2011ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Brasilgo Amazoniako oihanean, ekologistak, eta nekazari eta abeltzainak elkarren etsai bilakatu dira aspaldian. Azken horiek basogabetzea defendatzen dute, lurra landatzeko eta abereak zaintzeko; lehenek, berriz, oihana babestu behar dela diote. Amazoniaren babesa arautzen duen Basoaren Legearen erreforma onartu berri du Brasilgo Kongresuak, eta pozik utzi ditu nekazaritza eta abeltzaintza sektoreko enpresariak. Izan ere, besteak beste, 2008ko uztaila bitartean oihana suntsitu dutenentzat amnistia eskatzen du testu berriak.

Legeak aurrera egiten badu, 4.300 milioi euroko zigorra barkatuko die Brasilek delitu egileei. Rafael Cruz (Sao Paulo, Brasil, 1982) Greenpeaceko Amazoniako taldeko kideak legediaren erreformak hiru aldaketa nagusi eragingo dituela azaldu dio BERRIA-ri. Lehenik eta behin, krimenak egin dituztenek ez dute egindako kaltea ordainduko. Horrez gain, egungo babes mugak murriztuko dira. 1934tik baserritar bakoitzak bere landa eremuaren zati batean jatorrizko ekosistema mantendu eta babestu behar du, legearen arabera. «Orain arte babesa handitzeko neurriak baizik ez dituzte hartu. Erreforma honek, berriz, 1934tik lehen aldiz babes hori murriztea onartuko luke; %80tik %50era jaitsiko litzateke babestutako eremua», adierazi du.

Azkenik, eskualde bakoitzari emango zaio oihanaren babesaren inguruan erabakiak hartzeko ahalmena. «Amazoniaren babesa hauteskundeetarako negoziazio elementu bilakatuko da», ohartarazi du Greenpeaceko kideak, eta hori hondamendia izango dela. Bederatzi eskualdetan banatuta dago, eta bakoitzeko agintariek Basoaren Legearen interpretazio ezberdina egingo dute. Cruzek «borroka egiteko bederatzi fronte» izango dituztela ere gaineratu du.

Greenpeaceren kalkuluen arabera, 86 milioi hektarea babesgabe geratuko dira, legea bere horretan indarrean sartzen bada. Hori horrela, legearen babesean basogabetu ahal izango dute eremu hori. Orain arte suntsitu dena baino askoz gehiago, alegia.

Amazoniako egur preziatua saltzeko, soja lantzeko eta abereek bazkatzeko suntsitu dira urte hauetan guztietan milaka eta milaka hektarea. 1990eko hamarkadan bereziki bortitza izan zen oihanaren aurkako erasoa; urteko 58.000 kilometro koadro inguru suntsitu zituzten. Joera Ekonomikoen Fundazioko presidenteak behin honela adierazi zuen: «Amazonia behiak elikatzeko suntsitzen ari gara». Izan ere, bertan landatzen den soja ere abereak elikatzeko erabiltzen da.

Enpresarien presioa

Basoaren Legearen erreforma Kongresura Brasilgo Alderdi Komunistak (PCdoB) eraman badu ere, nekazaritzako eta abeltzaintzako sektorearen lobbya dago proposamenaren atzean. «Landa jabe handiek bultzatu dute hau guztia, krimenak egin dituztenak eta horiengatik ordaindu nahi ez dutenak, alegia», salatu du Cruzek. Duela hainbat urte hasi ziren indarrean dagoen 1965eko legedia aldatzeko eskatzen, baina orain arte ez dute oihanaren babesa murrizteko neurririk aurrera ateratzea lortu.

Lobbyak politikaren norabidea zuzentzeko duen ahalmena salatu dute Brasilgo hainbat erakunde eta talde ekologistak. Izan ere, alderdi komunistaren proposamenak aldeko 410 boto jaso zituen, aurkako 63 boto eta abstentzio bat. Diputatu gehienak elkar besarkatzen ikusi ahal izan zituzten herritarrek, eta garaipenaren keinua egiten. Greenpeaceko Amazoniako taldearen presidentearen arabera, baina, ez dago zer ospatua. Izan ere, «gure diputatu gehienek gure basoak suntsitzea babestea ez da harro egoteko modukoa», erakunde ekologistako kidearen ustez.

Kongresuan Landa Blokeak erabateko babesa eskaini dio legediaren aldaketari; izan ere, nekazaritza eta abeltzaintza enpresek finantzatzen dute alderdia. Honen guztiaren atzean «hauteskunde interesak eta interes ekonomikoak» besterik ez daudela dio Cruzek.

Kongresuko langa aise pasata, indarrean sartzeko senatuko muga zeharkatu beharko luke Basoaren Legeak. Erreformaren aurkarien esperantza da bertan oztopo gehiago jarriko dizkiotela, besteak beste, gobernua onar ez dadin lanean ari delako. Adituen arabera, hainbat aldaketa beharko ditu testuak Senatuan onartu ahal izateko. Aldaketa sakonak jasango balitu, gainera, berriz Kongresuan bozkatu beharko litzateke testu berria. Prozesuak luze joko duela argitu du Cruzek, eta gutxienez bost hilabeteko negoziazioa aurreikusi du.

Dilma Rousseff presidentea «erreforma lotsagarriaren» aurrean betoa baliatzeko aukeraz ere mintzatu da. Brasilgo Konstituzioaren arabera, presidenteak lege bati betoa ezarri ahal dio, herriaren interesaren aurkakoa dela frogatzen badu. Greenpeaceren arabera, herriaren interesen aurka ez ezik, mundu guztiaren aurka ere badoa legedi hori.

Ingurumena bazter utzita

Ingurumena zaintzeko nahikoa egin ez izana leporatu izan diote hainbatetan presidenteari. Gobernuak, baina, salaketa horiek ukatu ditu. Rousseffek hauteskunde kanpainan hitzeman zuenAmazoniaren aurkako delituetan ez zuela amnistiarik onartuko, baita babes mugak ez murriztea ere. Bere hitza serio hartzeak lege honi betoa ezartzea exijitzen duela azaldu du Cruzek.

Horrez gain, 2008an Kopenhageko Klimaren goi bileran, 2020rako Amazoniaren basogabetzea %80 murriztea hitzeman zuen Luiz Inacio Lula da Silvak, Brasilgo presidentetzan Rousseffen aurretik zegoenak. Helburu hori lortu nahi badute, beharrezkoa da Basoaren Legearen erreforma atzera botatzea.

Azken bi urteetan basogabetzea murriztea lortu dute. 2003an urteko 24.000 kilometro koadro suntsitzen ziren; 2006an, berriz, kopurua 6.000 kilometro koadrora jaitsi zen. Ekologistek, dena den, beheranzko joera hori ez dela nahikoa diote, eta basogabetzea guztiz bukatzea lortu behar dela. Besteak beste, munduaren birika deitzen dioten oihan horretan baitago planetako ur edangarriaren %24.

Beheranzko joera hori hautsi egin da, ordea, azkenaldian. Apirilean, iazko hilabete bereko jardunarekin alderatuz, Amazoniaren suntsiketa %27 igo dela jakinarazi du gobernuak. Eta igoera hori legediaren erreformaren ondorio dela dio Cruzek. «Amnistiarekin ametsetan ari dira baserritarrak eta landa eremu handien jabeak», adierazi du Greenpeaceko kideak. Hori horrela, krimenak egiteko ardura txikitu egin da, gerora delitu horiek barkatuko zaizkiela uste baitute.

Rousseffek, berriz, krisi talde bat eratu du, eta basogabetzea geldiarazteko agindua eman die. Armada ere helburu horretan lanean jartzea erabaki du; izan ere, Amazoniaren suntsipenari «baliabide ororekin» aurre egingo diola hitzeman du gobernuak. Ezer egin ezean, oihanari kalte egiteaz gain, nazioartean Rousseffen irudiak jasan dezakeen gainbeheraren beldur dira, besteak beste.

Iragan astean, Joao Claudio Ribeiro ekintzaile ekologista eta haren ematzea hil zituzten. Amazoniaren defendatzaile sutsu Ribeirok hainbatetan salatu zuen nekazaritza eta abeltzaintza sektoreko enpresa handiek mehatxu egin ziotela, eta Rousseffek hilketa argitzeko ikerketa abiarazi du. Cruzek hilketa hori salatu du, eta azkenaldian indarkeriak gora egin duela azaldu. «Ez da segurua Amazonia babestea basogabetzeko aukera txikienaren zain daudenak inguruan dituzunean», dio ekintzaileak.

Urtegia, eraikitzear

Basogabetzeaz gain badu Amazoniak bestelako etsairik. Atzo, Ibama Brasilgo Ingurumenaren Institutuak munduko urtegirik handienetan hirugarrena eraikitzeko baimena eman zuen. Amazoniako oihaneko 516 kilometro koadro estaliko dituzte urez. Zentral hidroelektriko hori 2015ean martxan izatea espero dute.

Ibamak baimena eman aurretik egoera sakon aztertu duela argitu du, eta irabazi sozialak zein ingurumenari dagozkionak exijitu dituela. Brasilgo talde ekologistek, baina, proiektua geldiarazteko eskatu dute, ekosistemankalteak eragingo dituela argudiatuta. Amerikako Estatuen Erakundeko Giza Eskubideen Batzordeak ere zalantzan jarri zuen proiektua, eta urtegiaren eraginak egiaztatu bitartean lanak geldiarazteko eskatu zuen.

Inguru horretan bizi diren baserritar eta indigenek salatu dute urtegiaren eraikuntzaren ondorioz 50.000 lagun lekualdatu beharko direla. Gobernuak ez die oraingoz alternatibarik eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.