Auzia auzi, urratsak ez dira gelditu

2012ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
2009-10-13. Arnaldo Otegi, Rafa Diez, Rufi Etxeberria, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Miren Zabaleta, Txelui Moreno, Amaia Esnal eta Mañel Serra atxilotu zituen Espainiako Poliziak. Baltasar Garzon epaileak agindu zuen operazioa, Batasunaren Mahai Nazional berria osatzea egotzita. Bateragune izena jarri zion Garzonek eratu nahi zuten egitura berriari. Ordu batzuk lehenago zabaldu zuten eztabaidarako txostena atxilotuek.

2009-10-17. Manifestazio erraldoia egin zen Donostian, atxiloketak salatzeko.

2009-10-20. Fase politikoaren eta estrategiaren argipena izenburuko txostena banatzeari ekin zion ezker abertzaleak.

2009-11-14. Ezker abertzaleak agerraldi jendetsua egin zuen Altsasun, prozesuaren oinarriak laburbildu eta borondateak biltzen zituen agiria aurkezteko.

2010-01-25. Otegi, Diez, Moreno, Jacinto, Zabaleta, Rodriguez, Serra eta Esnal auzipetuz, autoa kaleratu zuen Garzonek.

2010-02-14. Barne eztabaida amaitutzat eman zuen ezker abertzaleak, eta Zutik, Euskal Herria! agiria kaleratu. Altsasuko Adierazpenaren ildoak barneratu, eta indar bilketa independentistaren aldeko deia egin zuen.

2010-09-25. Bake bidean. Aterabide demokratikoen akordioa izeneko agiria sinatu zuten politika, gizarte eta sindikatuetako 28 eragilek. Besteak beste, ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek, Alternatibak, Abertzaleen Batasunak eta LABek.

2011-01-10. Su-eten orokor, iraunkor eta egiaztagarria aldarrikatu zuen ETAk.

2011-02-08. Ezker abertzaleak Sortu alderdia aurkeztu zuen. Auzitegi Gorenak ez zuen legezko egin.

2011-04-26. Angela Murillo auzitik aparte uzteko eskaera atzera bota zuen Auzitegi Nazionalak.

2011-05-22. Bilduk Hego Euskal Herriko mapa politikoa irauli zuen udal eta foru hauteskundeetan.

2011-06-27. Bateragune auziko epaiketa hasi zen Auzitegi Nazionalean. Uztailaren 7an amaitu zen, eta irailaren 16an jakinarazi zuten epaia.

2011-09-24. Epaia gaitzesteko, manifestazio erraldoia egin zen Bilbon.

2011-10-17. Nazioarteko Konferentzia egin zen Aieten.

2011-10-20. Jardun armatuaren behin betiko amaiera iragarri zuen ETAk.

2011-11-20. Amaiur koalizioa Hego Euskal Herriko ordezkari gehien lortu zuen alderdia izan zen Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan.

2012-04-28. Ezkerreko alderdi subiranistek elkarlanerako konpromisoa sinatu zuten.

2012-05-3. D3M eta Askatasuna auzia epaitzen hasi ziren Auzitegi Nazionalean.

2012-05-09. Zigor urteak murriztu arren, Auzitegi Gorenak Bateragune auzikoen kondenak mantendu zituen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.