Generalitateari bozetarako kanpaina erretiratzeko agindu diote

Diadako irudiak ageri direla eta, Espainiako Hauteskunde Batzordeak ebatzi du ez dela legea betetzen

Erredakzioa
2012ko azaroaren 1a
00:00
Entzun
Espainiako Hauteskunde Batzordeak azaroaren 25eko bozetako kanpaina erretiratzeko agindu dio Kataluniako Generalitateari. Batzordearen arabera, botoa ematea bultzatzeko Generalitateak abian jarritako kanpainako bideoek eta iragarkiek ez dute betetzen hauteskunde legea: «Gisa honetako kanpainek, zuzenean edo zeharka, inoiz ezin dute bultzatu alderdi baten aldeko botoa».Generalitateak jakinarazi du helegitea aurkeztuko duela erabakiaren aurka. Ez dute beste kanpainarik egingo azaroaren 25eko hauteskundeetarako.

Erretiratzeko agindutako bideoetan Diada eguneko manifestazio jendetsuaren irudiak ageridira. Bertan, gazte batek honako hau dio: «Azken Diadan egon nintzen». Eta beste gazte batek, ondoren: «Nik botoa eman nuen».CiUk irailaren 11ko manifestazio hori babestu zuela eta, iragarkiak CiUren alde egiten duela uste dute PSC,PPC, ICV eta Ciutadans alderdiek. Horregatik, helegitea aurkeztu zuten Bartzelonako Hauteskunde Batzordean. Batzorde horrek Espainiako Hauteskunde Batzorde Zentralaren esku utzi zuen auzia; atzo eman zuen ebazpenaren berri: «Generalitateak berehala erretiratu behar du kanpaina, espediente zigortzaile bat ireki aurretik».

«Demokraziari beldurra»

Francesc Homs Kataluniako Gobernuko bozeramailea haserre mintzatu da hauteskunde batzordeak hartutako erabakiaren inguruan: «Ez kontsultarik egin, ez botoa ematea bultzatu, ematen du demokraziari lotutako guztiak beldurra ematen diela». Izan ere , Homsen ustez, martxan jarritako kanpainak ez ditu urratzen beharrezkoak diren «neutraltasuna, objektibotasuna eta alderdikeriarik eza».

Gobernuko bozeramaileak iragarri du ez dutela beste kanpainarik bultzatuko azaroaren 25eko hauteskundeetarako: «Kanpainan Estatutua sartzea nahi dute, zeina lege organikoa den eta Espainiako legea. Hori da azken hilabeteetan jarraitu nahi izan duten norabidea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.