Arrauna. Kontxako Bandera

Bete-beteko tiroa

Urdaibaik bi gauza lortu zituen igandean: onena izatea eta Kaiku faboritoa ia aukerarik gabe uztea

Urdaibaiko arraunlariak trainerua uretatik ateratzen, herenegun, Donostiako portuko arranplan. J. C. R. / ARP.
Aitor Manterola Garate.
2013ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Berdinduak izan ziren Kontxako Banderaren aurreko azken estropadak, eta paretsu zetorrela ematen zuen aurtengo estropada nagusiak. Horrek esan nahi zuen loria eskuratzeko hautagaien zerrenda luzexka zela, eta edozer gerta zitekeela lehen jardunaldian. Halaxe jazo zen herenegun, azkenean. Urdaibaik erakusten die atzea orain beste zazpi traineruei, azkarrena izan zelako. Hegan egin zuen uretan Bou Bizkaia traineruak.

Bi estropada eta bandera bakarra irabazita azaldu zen Donostiara, irabazle sena galdua balu bezala. Baina Kontxaren aurreko asteetan, ederki baino hobeto zekiten zertan zebiltzan. Oso argi izan dute helburu nagusia Kontxako Bandera dutela, eta eraku- tsi zuten igandean baleko prestakuntza eraman dutela eta erabaki zuzenak hartu dituztela; esaterako, arraunlarien arteko txandakatzeak San Miguel ligako estropadetan. Tiro bakarra gorde zuten eskopetan denboraldi honetarako, eta bete-betekoa atera zaie. Lehen egunean, bai behintzat. Eskatzen hasita, eskatuko luke alde handixeagoa izatea bigarren eta hirugarren sailkatuekiko, baina beste alde batera, ase izateko moduan da Kaiku faboritoa ia lehiaz kanpo utzi duelako.

Aldeak eta tarteak. Horiek izaten dira hizpide nagusi Kontxako igande batetik bestera. Hondarribia du hiru segundora Urdaibaik; Oriori sei kentzen dizkio; eta Kaikuri, hamahiru. Orio bakarrik izan zuen txandakide Bermeoko ontziak. Biak joan ziren aurrenekoan, San Pedrorekin eta Tiranekin batera. «Kanporantz Oriori eustea zen gure asmoa. Hori eginda, bagenekien barrurantz lan ona egingo genuela», bota zuen gero Jon Salsamendi Urdaibaiko entrenatzaileak. Eutsi zion bai, eta bueltakoan bere alde jarri zituen aldeak. Orio bi segundora ere jarri zitzaion une batean, baina laugarren kaletik hegan egin zuen Gorka Aranberri patroiaren gidaritzapean.

Hondarribia bikain; Kaiku ez

Bigarren txandan ziren eguneko beste bi protagonistak izango zirenak. Hondarribia eta Kaiku buruz buru joan ziren kanporantz, denen harridurarako, Hondarribiak hain lan ona egitea ezustea izan zelako neurri batean. Kaikuk brankaz hautsi izan ditu estropadak, eta igandean ezin. Kontuan izanda poparean aurkariek aldea jan izan diotela, ez zen seinale onena bizkaitarrentzat. Hondarribiak baieztatu egin zituen Kaikuren inguruko zalatzak: hautsi egin zuen bueltako luzean, txikitu. Hamar segundo atera zizkion. Eta hori egoera txarra bazen Kaikurentzat, gehiago okertu zitzaion Urdaibaik hamahiru atera zizkiola ikustean. Ohorezko txandatik kanpo geratzeko ere gutxi behar izan zuen, San Pedrori bi segundo pasatxo atera zizkiolako, lehen txandako hirugarren sailkatuari. Portugaletek uste baino maila apalagoa eman zuen, baita Tiranek ere. Donostiarra duin ibili zen. Datorren igandean, behin-betiko tiroak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.