Albistea entzun

Bukatu da Kanbodiako Khmer Gorrien aurkako epaiketaren lehen fasea

Gizateriaren aurkako krimenak leporatzen dizkiete bi agintari ohiri; 2014 hasierarako espero dute epaia

Samara Velte -

2013ko azaroak 1

Amaitu da Khmer Gorrien bi goi kargudunen aurkako epaiketaren lehen zatia. Kanbodiako Nazioarteko Auzitegiak datorren urte hasieran emango ditu Nuon Chea eta Khieu Samphanen aurkako epaiak. Khmer Gorrien agintaldian (1975-1979) gertatutako gehiegikeriengatik, gizateriaren aurkako krimenak egozten dizkiete: fiskalak bizi osoko espetxe zigorra eskatu du. Bi agintari ohien adina dela medio —82 eta 87 urte dituzte—, hainbat zatitan banatu dute epaiketa, akusatuak ez daitezen zigorra heldu baino lehenago hil. Amaitu berri den fasean, ustezko hiru delitu aztertu ditu auzitegiak: Phnom Penh indarrez hustea, hiriko biztanleria landa guneetako lan esparruetara egoztea, eta soldadu errepublikanoen hilketa.

Khmer Gorriek, Kanbodiako Alderdi Komunistaren adar armatuak, ia lau urtez agindu zuten Kanbodian, Pol Poten eskutik. Europan xurgatutako ideia komunistak muturrera eramanda, nekazaritzan oinarritutako iraultza egin asmo zuten. Kapitalista eta burges jotzen zituzten egitura guztiak eraitsi zituzten: besteak beste, erlijioa, jabetza pribatua eta dirua debekatu zituzten, eta biztanleria hirietatik landara eramanarazi zuten, arroz eta kotoi soroetan lan egitera. Disidentzia gogor erreprimitu zuten, baita intelektualtzat jotzen zituztenak ere. S-21 tortura zentroan 15.000 eta 17.000 pertsona artean hil zituztela kalkulatzen da. Denera, 1,7 milioi pertsona inguru hil ziren goseteen, gaixotasunen eta errepresioaren ondorioz: Kanbodiako herritarren ia laurden bat.

Ukatu egin dituzte karguak

Samphan Kanbodia Demokratikoko estatuburu izan zen 1976tik 1979ra. Vietnamek hura inbaditu eta Khmer Gorriek agintea galdu ondotik ere alderdiaren buruzagitzan jarraitu zuen, eta 1985etik aurrera Kanbodiako Alderdi Komunistako idazkari nagusi kargua hartu zuen. Chea, berriz, alderdiko bigarrena eta parlamentuko burua zen.

NBEren babesean sortutako auzitegi bereziak 2007an agindu zuen bi agintari ohiak atxilotzeko. 2011n hasi zen haien aurkako epaiketa. Orduan Ieng Sary, Khmer Gorrien Atzerri ministro izandakoa, eta Ieng Thirith, Gizarte Gaietarakoa, ere bazeuden inputatuta, baina lehena iragan den martxoan hil zen, eta bigarrena auzitik kanpo utzi zuten iaz, gaixotasun larri bat diagnostikatu ziotelako.

Ordutik, 90 pertsonak baino gehiagok deklaratu dute lekuko gisa. Akusatuek ukatu egin dituzte egozten zaizkien karguak. Cheak argudiatu du bere postuan ez zeukala eskumenik aginduak emateko: bigarren mailako arduradunek ezkutatu egin zituztela goseteak eta hilketak, eta berak Khmer Gorrien gobernua erori ostean izan zuela gertatutako gehiegikerien berri. Hala ere, barkamena eskatu du, alderdiak «kontrola galdu» izanaren «ardura morala» onartuta. Samphanek kategorikoki ukatu du sarraskien berri zeukala: «Orain, erraza da esatea nik ulertu behar nuela gertatzen ari zena, eta esku hartu behar nuela egoera aldatzeko. Baina benetan uste al duzue hori zela neure herriarentzat nahi nuena?».

Hurrengo fasean genozidioagatik, torturengatik eta jazarpen etniko eta erlijiosoagatik epaituko dituzte Samphan eta Chea. Epaiketa bidegabea egin dietela salatu dute biek, eta AEBei eta Vietnami egotzi diete garai hartako hainbat erasoren errua.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Quad aliantzako lau herrialdeetako liderrak, gaur, Tokion ©EFE

Asia-Pazifikoan Txinari aurre egiteko neurriak adostu ditu Quad aliantzak

Igor Susaeta

AEBek, Indiak, Japoniak eta Australiak Pekini leporatzen diote Indopazifikoan 'statu quo'-a «indarrez» aldatu nahi izatea. Ohartarazi dute eskualdean ezin dela Errusiak Ukrainan egindako inbasioaren «antzekorik» gertatu.

Doktrinatzeko zentroetako ikasgeletako bat, artxiboko irudi batean. ©WU HONG, EFE

Txinako Polizia hackeatu, eta uigurren kontrako jazarpenaren datuak azaleratu dituzte

Uxue Rey Gorraiz

Zibererasoaren ondorioz, poliziek uigurrei ateratako 5.000 argazki baino gehiago gelditu dira agerian; irudiok 2018an ateratakoak dira. Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandataria Txinan da, giza eskubideen urraketak ikertzen saiatzeko.

Trenaren bosgarren zatia, Quintana Roo estatuan (Mexiko). ©LOURDES CRUZ / EFE

Ekosistemaren arnasari entzungor

Zuriñe Iglesias Sarasola

Mexikoko Tren Maiaren bosgarren zatian eraikuntza lanak behin-behinean etenda daude ingurumen kalteak direla medio. Greenpeacek gobernua salatu du legea «urratu» duelako.

Irango exekuzioak salatzeko iaz Berlinen egindako protesta bat ©FILIP SINGER / EFE

Exekuzioak %20 ugaritu ziren iaz munduan, koronabirusari aurre egiteko murrizketak arindu zirela eta

Ander Perez Zala

Amnesty Internationalen arabera, 579 lagun exekutatu zituzten 2021ean, hemezortzi herrialdetan; horietako 314, Iranen. Gorakada hori «kezkagarritzat» jo du GKEak.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...