Duran i Lleidak adierazi duenez, CiUk zerga itunean soilik jarriko du arreta

Espainiako Kongresuko CiUko bozeramaileak «lasaitasuna» eskatu du Kataluniako garai berri hauetan

Erredakzioa
2012ko irailaren 18a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Josep Antoni Duran i Lleida CiU koalizioak Espainiako Kongresuan duen bozeramailearen arabera, CiUk Espainiako Gobernuari ostegunean aurkeztuko dion zerga itunean soilik du arreta. Azken egunetan CDC Konbergentzia Demokratikoko zenbait buruk CiUren hurrengo hauteskunde programan Kataluniarentzat estatu propio bat eskatzearen aukeraz hitz egin dute. Artur Mas Generalitateko presidenteak berak ere esan du Kataluniak estatua behar duela. Unio alderdiko buru Duran i Lleidak «lasaitasuna» eskatu du garai berrien hauetan. Hala ere, onartu du CiUk bere jarrera politikoaren inguruan berriz pentsatu beharko duela, Diadan «Kataluniako herritarren zati handi batek erakutsitako sentimendu orokorraren ondoren».

Bestalde, PPko idazkariorde Carlos Florianok Kataluniaren auzian PSOEk izandako «anbiguotasuna» salatu du: «Argitu dezatela behingoz Katalunian dituzten tirabirak; ez dakigu guztiak dauden independentziaren alde edo gutxi batzuk diren». Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko burua independentziaren aurka agertu zen herenegun, baina Diadako manifestazioan PSCko kide batzuk parte hartu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.