Mexikoko zinema garaikidea azalduko du Zinemaldiak

4+1 zikloan bederatzi film eskainiko dira, tartean 'Abel', 'Luz silenciosa', 'Revolución', 'Alamar' eta 'Norteado'

Donostia
2011ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Latinoamerikako zinemaren barruan, Mexiko da erreferentzia nagusietakoa. Hango autore garaikideen bederatzi lanen bidez, herrialdean azken urteetan egin denaren zantzu bat erakutsiko du Donostiako Zinemaldiak, irailaren 16tik 24ra. «Normalean bertako areto komertzialetara iristen ez den zinema» jendeari ezagutarazi nahi diote, zikloaren programatzaile Garbiñe Ortegak adierazi duenez.

El lugar más pequeño dokumentalak zabalduko du zikloa, Tatiana Huezo zuzendariaren presentziarekin. Huezoren lanak El Salvadorko gatazka armatuari so egiten dio, herri txiki bateko jendearen bizipenak kontatuz. Hamar zuzendariren artean eginiko Revolución filma ikusteko aukera ere izango da, Mexikoko iraultzari buruzko hamar ikuspegi biltzen dituen lana. Bi errealizadore, Gerardo Naranjo eta Rodrigo Garcia, jaialdian izango dira, eta ikusleek haiekin solastatzeko aukera izango dute. Beste aktore batzuen artean, Gael Garcia Bernal eta Diego Luna aktore ezagunak nabarmentzen dira. Lunaren beste lan bat ere izango da zikloan: Abel. Lehengo urteko Zinemaldian arrakasta handia izan zuen aktore mexikarraren opera prima-k, eta Horizontes Latinos saileko saria eta gazte epaimahaiarena irabazi zituen.

Pedro Gonzalez Rubioren Alamar lanak, berriz, dokumentalaren eta fikzioaren arteko mugak gainditzen ditu, aita-seme baten itsas bidaia aitzakia hartuta. Yulene Olaizola zuzendari gaztearen Intimidades da Shakespeare y Victor Hugo dokumentala ere txalotua izan da oso: lan ezohiko eta intimoa da, zentzuaren eta eromenaren arteko muga lausoa erakusten duena. Azken aldian sona hartu duen Carlos Reygadasen Luz silenciosa filma ere berezia da. Irudi geldoekin eta plautdietsch hizkuntzan filmatutako elkarrizketa urriekin, komunitate menotar batean murgiltzen du ikuslea. Fernando Eimbckeren Lake Tahoe eta Nicolas Peredaren Verano de Goliath lanak ere emango dituzte; sari ugari jasotakoak dira biak ala biak. Mexikotik Estatu Batuetara iritsi nahi duten legez kanpoko etorkinen gaia ere azalduko da, Rigoberto Perezcanoren Norteado lanean.

4+1 jaialdiarekin batera antolatu du Zinemaldiak zikloa. «Autore zinema publiko handiari» ezagutarazteko erronkarekin sortu du Mapfre fundazioak jaialdi hori, halako ekitaldiek abagunerik onena eskaintzen dutelakoan, fundazioko Daniel Restreporen ustez. Jaialdi mugikorra da 4+1, Mexiko, Brasil, Kolonbia, Argentina eta Espainian antolatzen dena, eta datorren urtean Mexiko Hirian izango da.

Haurrentzako pabiloia

Beste ekimen bat ere antolatu du Zinemaldiak Mapfre fundazioarekin lankidetzan: Zinema Estudio Txikia. Okendo plazan pabiloi bat eraikiko dute, eta biltzen diren haurrak hainbat tailerretan parte hartzeko aukera izango dute. Jose Luis Rebordinos Zinemaldiko zuzendariari «ilusio berezia» egiten dio horrek, «datozen belaunaldiak zaintzea» garrantzitsua iruditzen baitzaio: «Haurrak dira etorkizuneko ikusleak». Fermin Muguruzak, Patxi Zubizarretak eta Izibiñe Oñederrak emango dituzte tailerrak, besteak beste. Gainera, haurrentzat hamasei film eskainiko dira. Doako jarduerak izango dira guztiak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.