Albistea entzun

Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Lehenengo itzulia

Hollandek eskura dauka inoren laguntza barik gobernatzeko aukera

Alderdi Sozialistak, bere aliatuekin, bozen %34,4 lortu ditu; bigarren itzulian joera errepikatuz gero, gehiengo osoa lortuko luke

Ezkerreko alderdi guztiek egin dute gora, baina Melenchon lehiatik kanpo geratu da
Tamaina handiagoan ikusi

Jon Fernandez -

2012ko ekainak 12

Eskuinetik ezkerrerako biraketa hasi zuen Frantziak maiatzeko presidentetzarako hauteskundeetan, eta joan den domekako emaitzekin sendotu egin da joera. Oraindik bigarren itzulia egiteko badago ere, François Hollandek dagoeneko lasaiago begiratzen die aurrean dituen bost urteei: ezustekorik ezean, bere aldeko gehiengo zabala izango du Asanblea Nazionalean, eta horrek lasai gobernatzeko aukera emango dio. Legebiltzarreko ezkerreko alderdiek, guztira, botoen %46,6 jaso dituzte —2007an baino 11 puntu gehiago—; eskuineko alderdiek, berriz, %34 —duela bost urte baino 12 puntu gutxiago—.

Gainera, PS Frantziako Alderdi Sozialistak, bere aliatuekin —DVG eta PRG—, botoen %34,4 lortu ditu, eta zenbaki horiekin beste inoren laguntza barik gobernatzeko aukera izango luke. PSren emaitzak legebiltzarrera eramanda, 275 eta 329 bitartean lortuko lituzke. Frantziako Asanblada Nazionalak 577 eserleku ditu, eta beraz, 289 diputatu behar dira gehiengo osoa lortzeko. Datorren domekan egingo duten bigarren itzulian joera bera mantenduz gero, sozialistek gehiengo absolutua lortuko lukete, eta beraz Hollandek ez luke Ezkerreko Frontearen babesik behar bere egitasmoak aurrera ateratzeko.

Gehiengoaren mugarria gaindituko ez balu ere, PSk nahikoa izango luke berdeen babesarekin, botoen %5,4 jasota 10 eta 20 diputaturen artean lortuko bailituzkete berdeek. Dena den, domekan sozialisten babesa jaitsiko balitz ere, Ezkerreko Frontearen babesarekin gobernatu ahal izango luke PSk txarren-txarrenean. UMPk, bestalde, 220 eta 260 diputatu baino ez lituzke izango.

Ezkerreko Fronteko buru Jean-Luc Melenchonek, bestalde, ez du legebiltzarkide izateko aukerarik izango. Frantzia iparraldeko Henin-Beaumont barrutian aurkeztu da Melenchon, Marine Le Pen aurkeztu den leku berean, eta eskuin muturreko hautagaiak aurre hartu dio bigarren itzulira igarotzeko aukerarik laga barik. Porrota aitortu bezain laster, datorren domekan ez dela bozkatzera joango jakinarazi du Melenchonek.

Bozen lehen itzulia Jean Marc Ayraulten gobernuarentzako lehenengo azterketa izan da, eta onik atera da. Lehen ministroak itzuli bakarrean lortu du parlamenturako eserlekua Nantesko barrutian, eta baita hainbat ministrok ere. Nolanahi ere, aurreikuspenen arabera, bigarren itzulira pasatu behar diren ministroek ez dute arazorik izango herritarren babesa jasotzeko. Asanblea Nazionalean eserlekurik lortzen ez duten gobernuko kideek kargua laga behar lukete.

Segolene Royal kolokan

Irabazi arren, dena ez da nahi bezala atera sozialistentzat. Segolene Royalek zail izango du legebiltzarrean aulki bat lortzea. Frantzia mendebaldeko Charente-Maritime barrutian Olivier Falorni sozialista ohiari aurre egin beharko dio domekan, eta inkestek Falorni jotzen dute faborito. Hain justu, Asanblada Nazionaleko presidente izendatu nahi luke PSk Royal, eta haren garaipena kolokan egoteak tentsioa eragin du PSn. Martine Aubry sozialisten idazkari nagusiak bere hautagaitza bertan behera lagatzeko eskatu dio Falorniri. «Royal ez da edozein hautagai», Aubryren ustez, eta alderdikide ohiari ohartarazi dio ez litzatekeela «onargarria» izango 2007an PSren presidentegaia izan zena «eskuinaren botoekin» garaitzea.

Ordezkaritza jakin batzuen zalantza bazter lagata, lasai daude sozialistak. Normalean lehen itzuliko joera berresten dute bigarren itzuliko emaitzek. Baina Hollandek ez du partida bukatu aurretik irabazitzat eman nahi. Ayrault lehen ministroak datorren domekan berriz ere botoa ematera joateko eskatu die herritarrei, gobernuak gehiengo «zabala, sendoa eta koherentea» izan dezan.

Abstentzio handia

Ezkerreko alderdien gorakadarekin batera, herritarren parte hartze txikia nabarmendu da Frantziako legebiltzarrerako boze lehenengo itzulian. Abstentzioa %43ra arte iritsi da, 2007an baino hiru puntu gorago igoz. Bi hilabetetan lau zita dituzte herritarrek hauteslekuetan, eta jendea nekatuta dago. Hollanderen eta Nicolas Sarkozyren arteko norgehiagoka luzearen ostean, legebiltzarrerako bozek interes gutxiago piztu dute Frantzian presidentetzarakoek baino —abstentzioa %19,6koa izan zen ordukoan—.

Asanblea Nazionalean ordezkaritza zabalagoa edo estuagoa lortzeko ez eze, alderdi politikoen patrikak betetzeko ere badu garrantzia legebiltzarrerako bozen emaitzak. Legediaren arabera, gutxienez 50 barrutitan botoen %1a lortzen duen alderdi bakoitzak 1,68 euro jasotzen baititu lortutako boto bakoitzeko. Hau da, Le Monde egunkariaren arabera, joan den domekan jasotako emaitzen ondorioz, PSk ia 13 milioi jasoko ditu legealdi honetan, UMPk ia 12 milioi, eta Fronte Nazionalak ia 6 milioi euro. Halere, lehen itzulikoa datuak dira horiek, eta oraindik bigarren itzulikoak falta dira behin betiko zenbatekoak zehazteko.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.