Dena prest dute Ondarroan

«Denon hobe beharrez» Aske Guneak «era baketsuan» amaitu behar duela esan du Segurtasun Sailak

Atzo arratsaldeko elkarretaratzera arrantzale jantzita joateko deia egin zuten. LEA-ARTIBAI ETA MUTRIKUKO HITZA.
A. Goikoetxea- A. Alkorta
Ondarroa
2013ko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Ondarroan oraindik askatasunaren aldeko aldarria egiten dihardute, Urtza Alkorta atxilotzea eta espetxeratzea oztopatzeko osatu duten Aske Gunean. «Alarma faltsuak» zirela eta, behin eta berriro zabaldu zen atzo atxiloketa «edozein momentutan» izan daitekeela. Baina gertatutakoak gertatuta, desobedientzia ekinaldiak aurrera jarraitu zuen. Herritarrak eta Alkorta «indartsu» daude, eta Ondarroako Alameda egunetik egunera «geroz eta beteago» dago, koordinatzaileek azaldu dutenez.

Begirada atzera botata, herenegun gauean «alarma faltsuak» izan ziren gertakaririk nabarmenenak. Ertzaintzak Alkorta atxilotzeari ekingo ziola zabaldu zen, eta bi aldiz osatu zuten herri harresia Alameda ondoko zubian. Gerora, bi alarmak «faltsuak» zirela baieztatu zuten.

Lehenengo tentsio unea 02:00etan izan zen; Ertzaintzaren furgoneta bat inguruan zebilela ohartarazi zuten. Jarraian, furgoneta hura polizia etxean sartu zela baieztatu zuten, eta herri harresia desegin egin zuten. 05:00etan eta 07:00etan, berriro piztu zen alarma. «Mugimendua dago ertzain etxean», zabaldu zen gaua pasatzera hara joandako herritarren artean. Baina bere horretan geratu zen abisua. Bosgarren eguna izan zen atzokoa, eta bezperan baino jende gehiago bildu zen. Kanpin dendak zubiaren bi aldeetara jarri zituzten, eta jende askok plazan bertan pasatu zuen gaua.

Goizaldekoak, baina, ez ziren izan herria alerta egoeran jarri zuten momentu bakarrak. Izan ere, 10:30ak aldera orain artean oihartzunik handiena eduki duen alarma piztu zen. Txirrin eta suzirien bitartez, herritarrei Alamedara jaisteko deia egin zieten antolatzaileek, eta, beste behin ere, zubia herritarrez bete zen.

Ondoren, Iurretatik Ertzaintzaren zortzi furgoneta atera zirela jakin zuten Aske Gunean bildutakoek, eta, hori jakinda, berriz ere osatu zuten herri harresia. Baina Iurretatik abiatutako furgonetak ez ziren Ondarroara iritsi, eta, beraz, herri harresia desegin egin zuten. Arratsaldean, kaleko jantzitako polizia ugari gerturatu zela zabaldu zuten.

Goizeko saioen ostean, koordinatzaileek esan zuten «garaipen» bat dela harresia osatzeko asmoz zubira igotzen diren aldi bakoitza, eta aurrerantzean ere hala jarraitzeko deia egin zuten. «Lortu behar dugu Ertzaintza bila ari den ahultasun unerik izan ez dadin», nabarmendu zuten koordinatzaileek.

Alarma uneetan, herri harresia osatzeaz gain, egitarau zabala prestatu ere egin dute han orduak eta orduak ematen dituzten herritarrentzat. Atzoko goizak aurrera egin ahala, egitarauak eguneroko martxarekin jarraitu zuen. Goizero egin ohi den elkarretaratzea egin zuten, 11:00etan. Gero, 12:30ean, DJ Bullen musika emanaldia izan zen. Batzuek bazkaria prestatu bitartean, iragarrita zegoen eguraldi txarrari aurre egin ahal izateko karpa handi bat muntatzen hasi ziren. Arratsaldean, berriz, elkarretaratzea egin zuten lagun ugarik, zubian eta arrantzale jantzita —hainbat txalupa ere gerturatu zen—. Han bildutakoentzat esker oneko hitzak izan zituen Alkortak. «Hau aurkituko dute: herri bat aurrean», nabarmendu zuen.

Aldi hau itxi arteko orduetan, herritar ugari gerturatu zen Aske Gunera. Euskal Herriko hainbat lekutatik joan zen jendea, eta alderdi eta sindikatuen babesa jaso zuten, Sortu, Alternatiba, Eusko Ekintza eta ELArena, besteak beste. Gaur, LAB, EHNE, Hiru, EILAS eta ESK-ko ordezkariak izango dira.

Informazio nahasien artean, Aske Gunea gaur desegingo duten susmoa zabaldu zen. Hori dela eta, Aske Gunearen koordinatzaileek esan zuten garrantzitsuena «alarma egoerak bere horretan jarraitzea» dela. «Zurrumurruak asko dira eta».

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuorde Josu Zubiagak, berriz, Onda Vasca irratian esan zuen «era baketsuan» amaitu behar duela Ondarroako Aske Guneak, «guztion hobe beharrez». «Gauzak zentzuz egin behar direla uste dugun jendea gara. Ez dakit nork nahi duen han istiluak sortzea», adierazi zuen Zubiagak. Gaineratu zuenez, Ertzaintzak «modu ordenatu batean» konpondu nahi du egoera, eta azaldu zuen legeriaren arabera eta «errealitate sozialarekin batera» jokatzen duela Ertzaintzak. Azpimarratu zuen, halaber, Espainiako auzitegien agindu judizialak betetzea ere badela Ertzaintzaren «eginbeharra».

PPrentzat, berriz, «oker politikoa» da Alkorta oraindik aske egotea. Nerea Llanos PPko legebiltzarkideak uste du Alkortaatxilotu gabe dagoen minutu bakoitzeko «ETAren erronka loditzen» dela. «Beltran de Herediari hainbeste gustatzen bazaio Polizia ingelesaren eredua, esan behar zaio bobby-ek honezkero atxilotu zutela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.