Albistea entzun

Espainia. Hauteskunde autonomikoak

Azken gotorlekuaren galera

Gaur egingo dituzte bozak Andaluzian, eta inkestek gehiengo osoa ematen diote PPren hautagaiari

Jon Fernandez -

2012ko martxoak 25

Andaluzia ez da edozein lurralde Espainiako lehia politikoan. Eskualde autonomikorik jendetsuena da —zortzi milioi eta erdi biztanle, ia-ia—, eta, beraz, Madrilgo gorteetarako bozetan ere garrantzi handia izaten du Andaluziako botoaren joerak. 1978an Espainiako Konstituzioa ezarri zenetik, PSOEren esku egon da Sevillako agintaritza. Gaur aukeratuko dute Andaluziako gobernu berria, eta, 30 urtean lehen aldiz, inkestek deskalabrua iragarri dute sozialistentzat, eta sekulako garaipena, aldiz, popularrentzat.

Helburu ezberdinekin, baina PSOEk eta PPk euren makineria osoa jarri dute martxan kanpainarako. Jose Antonio Griñan Andaluziako egungo presidente eta hautagaiak Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusiaren eta Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiaren ondoan bukatu zuen kanpaina, ostiralean, Sevillan. Hiri hartantxe, Javier Arenas hautagai popularrak Mariano Raxoi presidentearen babesa jaso zuen herenegun. Iaz udaletako eta autonomietako hauteskundeetan ia estatu osoko mapa urdinez marraztea lortu ostean, Andaluzia ere bereganatu nahi dute kontserbadoreek, eta badakite oraingoan badezaketela.

Griñanek ere badaki, Rubalcabari iazko Espainiako bozetan gertatu bezala, ezin duela irabazi. Jendaurrean onartu ez arren, ahalik eta porrotik duinena lortzea da sozialisten helburua. Metroscopiaren inkestak %34ko babesa eta 41 diputatu eman dizkio —hamabost galduko lituzke—. Gaur, egoerari buelta emateko konfiantza duela esan du Griñanek; faktore guztiak, baina, kontra ditu egungo presidenteak.

Hasteko, 2009ko apirilean iritsi zen boterera, baina ez zuten hauteskundeetan aukeratu, ordura arteko Andaluziako presidente Manuel Chavesek Madrilgo gobernura joatean utzitako lekua betetzeko iritsi baitzen. Horregatik, andaluziar askok ez dute begiko. Arenasen gorakada geldiarazteko, Raxoiren gobernuaren murrizketa politika erabili du Griñanek arma gisa, eta estatuko aurrekontuak gaurko bozak igaro arte ezkutatu izana ere leporatu dio. Baina hautagai popularrak erraz isildu du, mahaiaren gainean Andaluziako langabezia tasa jarrita —%31 da orokorra, eta %50tik gora gazteen artean—, baita Sevillako gobernu sozialistaren erregulazio espedienteen ustelkeria ere.

Herritar askoren babesa galdu du PSOEk, agerian geratu baita Andaluziako Gobernuko Lan Sailean ustelkeria izan dela gutxienez azken hamar urteetan. Azpimarratzekoa da, gainera, Griñan bera Ekonomia eta Ogasun sailburua izan zela 2004tik 2009ra, Sevillan. Erregulazio espedienteen auziak hondoratu du, neurri handi batean, sozialisten agintea.

Irabazi ezinaz jabetuta, Griñanek IUrekin balizko «ezkerreko gobernu bat» osatzeko aukera ere aipatu du azken egunetan. Nolanahi ere, ez litzateke ezkontza erraza izango bi alderdiena. Andaluziako Gobernua 1982an sortu zenetik, sozialisten esku egon da, eta, azken inkesten arabera, gobernua aldatzearen alde dago herritarren %70. Arenasek irabazi arren gehiengo osorik lortu ezean, ikusteko dago zein izango litzatekeen IUren aukera: sozialistei boterean eustea ala aldaketaren alde egitea, iazko bozen ostean Extremaduran gertatu bezala. Bederatzi diputatu lor ditzake IUk, duela lau urte baino hiru gehiago. Alderdi Andaluzista, berriz, legebiltzarretik kanpo geratuko litzateke beste behin, botoen %2,7 eskuratuta.

Laugarrenean, bai

Popularrek, berriz, alde dute dena. Metroscopiaren inkestak gehiengo osoa eman die, botoen %47 jaso eta 53 eserleku lortuta —109 aulki daude Sevillako legebiltzarrean—. Bozetara laugarren aldiz aurkeztu da Arenas —1994an, 1996an eta 2008an galdu egin zuen—, eta aldez aurreko euforiari balazta jartzen ahalegindu da kanpainako azken egunetan. «Gehiegizko konfiantza zentimetro bat ere ez» du nahi, eta «boto erabilgarria» eskatu du PSOEk eta IUk ordezkatzen duten «aukera erradikalari» aurre egiteko.

Urtez urte galdu ostean, Arenasek eskura ikusten du Andaluziako Gobernua. «Gobernu zentrista» bat osatuko duela hitzeman du, eta, horretarako, babesa eskatu die «andaluziar moderatuei». Presidente «errespetatua» izan nahi du popularrak, baina ez «beldurra eragiten duena». Cadizko probintziako Isla de San Fernando hirian egindako mitinean, hautesleei deia egin zien igandean Andaluzia «uharte» ez bilakatzeko. «Ez dadila Andaluzia izan 30 urtean aldaketarik izan ez duen komunitate autonomo bakarra».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Esteron ibaiaren ibarreko tarte lehortu bat, Niza hiritik gertu (Okzitania), uztailaren amaieran. ©SEBASTIEN NOGIER / EFE

Europan azken bostehun urteetako lehorterik handiena espero dute

Gorka Berasategi Otamendi

Kontinentearen erdialdeko eta mendebaldeko estatuak ezohiko bero boladak eta lehorteak ari dira pairatzen, klima larrialdiagatik. Suteek berotegi gas asko isuri dute zenbait herrialdetan

Salman Rushdie idazlea, 2019ko azaroaren 11n, Berlinen. ©HAYOUNG JEON / EFE
Monusco Nazio Batuen Kongoko Errepublika Demokratikorako misioaren kontrako protestetan hildako herritar baten hileta, aurreko astean. ©STR / EFE

Odolak mendekua nahi du

Oskar Epelde Juldain

Egunotan dozenaka lagun hil dira NBEren Kongorako misioaren kontrako protestetan. Milizianoen erasoen aurrean ezer ez egitea egozten diete kasko urdinei.

FBIko bi agente Donald Trumpen Mar-a-Lago etxearen atarian (Palm Beach, Florida), joan den asteartean. ©CRISTOBAL HERRERA-ULAXKEVITX, EFE

FBIk sekretupeko dokumentuak eraman ditu Trumpen Mar-a-Lago etxetik

Gorka Berasategi Otamendi

AEBetako presidente ohia ikerketapean dago, ustez espioitza legea urratzeagatik. Floridako etxean atzeman dioten dokumentazioaren edukia defentsa arloko gaiekin lotuta dago, besteak beste.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...