17. Korrika. Furgonetatik

Lekukoa eta nerbioak

Ibai Maruri Bilbao.
2011ko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Joan den asteko ostegunean 17. Korrika Trebiñun abiatu zenetik, hamaika lekuko aldaketa ikusi ditut. Furgonetatik gehienak, errepidetik hainbat, eta lasterkarien atzean joaten garen kazetarion autoetatik bakarren batzuk. Asko izan dira zer sentitu duten galdetuta une zoragarria dela erantzun diguten lekuko eramaileak. Amets ere maiz egin dut lekukoarekin egunotan, begiak itxita furgonetako ikuspegi berbera sortzen baitzidan irudimenak. Bihar irakurriko den mezua gordeta daraman makila txiki hori izan da gure ardatza ia-ia.

Gaur niri egokitu zait eskuetan heltzea. Zuzenago esateko, Korrikaren berri ematen ari garen kazetari eta kamerarioi. Eta urduri jarri naiz. Urduri jarri gara. Gehienok bai behintzat, denek onartu ez arren. Lekukoak urduri jarri nau.

Ortuellan erosi dugu kilometroa: 1.888.a. Furgonetatik jaitsi, autoetan sartu eta aurrea hartu diogu euskalakarien tropelari, gure kilometroan haien zain egoteko. Antolatzaileen peto horiak kendu, eta lekuko eramaileenak jarri ditugu. Halako batean, musika entzun dugu hurbiltzen. Bazetorren. Bihurgunetik agertu da furgoneta. Lekukoa hartu dugu. Binaka. Banaka. Hirunaka. Oharkabean bete dugu bidea. Bukatutakoan, elkarri begiratu diogu. «Zoragarria izan da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.