Frantziako Legebiltzarrerako hauteskundeak. Bigarren itzulia

Abertzaleen bozak gakoa izan dira garaipen eta porrotetan

Seigarren barrutian abertzaleei esker irabazi duela erran du Alauxek; Maitiak, hautatua bera ez izatea leporatu die

Aitor Renteria.
Baiona
2012ko ekainaren 19a
00:00
Entzun
EH Bairen bozak erabakigarriak izan dira laugarren eta seigarren hautes-barrutietan. Bigarren itzulira begira, EH Baik askatasuna eman zien lehen itzulian bere alde bozkatu zuten hautesleei. Bi itzulien artean, engaiamendu zehatzak hartzeko galdetegia egin zieten UMP, Modem eta PSko hautagaiei. Engaiamendu zehatzik eskuratu ez, eta hautesleen esku utzi zuten nori eman boza. Zenbakiei begiratuz, argi dago seigarren hautes-barrutian ezkerreko abertzaleek UMPko Alliot-Marieren aurka bozkatu dutela eta laugarrenean ez dutela PSko Frantxua Maitiaren alde egin.

Lehen itzulian, Maitiaren zerrendak lortu zuen boz gehien laugarren hautes-barrutian, eta baita Euskal Herriko eremuan ere. Azken horretan, 89 bozeko aitzina hartu zion Maitiak Lassalleri. Bigarren itzulian, ordea, Lassallek Maitiak baino 2.204 boz gehiago lortu ditu Ipar Euskal Herrian, eta hautes-barruti osoan, 991 baino ez. Maitiaren porrota Euskal Herrian gauzatu da. «Abertzaleek Lassalleren alde bozkatu dute», erran zuen Maitiak emaitzen berri izan bezain laster. Anita Lopepe EH Baiko hautagaiak 3.413 boz eskuratu zituen laugarren hautes-barrutian.

Lassallek bozen %62,34 eskuratu zituen Iholdiko kantonamenduan, %51,98 Garazikoan, %59,64 Amikuzen,%53,99Hazparneko kantonamenduan, %57,65 Baigorrin eta %51,57 Atharratzen. Maulen baino ez zuen irabazi Maitiak; %50,86.Lehen itzulian EH Bai lehen indarra izan zen herrietan ere, Suhuskunen eta Izuran esaterako, Lassalle atera da garaile bigarren itzulian.

Sinbolo handia

Alde handia dago Modemeko zentristen eta UMPko eskuindarren artean, eta oraindik gehiago hainbat urtetan ministro izandako Alliot-Marieren kasuan. Alderdi sozialistak ez ditu bereganatu EH Baik eskatu engaiamenduak, baina seigarren hautes-barrutiko Sylviane Alauxek jarrera irekia erakutsi du. Baina Alauxen alde baino gehiago, Alliot-Marieren aurka egin dute abertzaleek.

Alauxek 1.700 bozen aldea atera dio Alliot-Marieri. Lehen itzulitik bigarrenera bikoiztu ditu bozak, eta Alliot-Mariek zentristen sostengua eskuratu arren, ez da aski izan diputatu postuari eusteko. Pello Etxeberri-Aintzart EH Baiko hautagaiak 5.400 boz eskuratu zituen lehen itzulian. Ospakizunetan Allauxek azpimarratu zuen abertzaleen bozei esker lortu zuela garaipena.

Zailagoa da neurtzea abertzaleen eragina bosgarren hautes-barrutian, PSko Capdeviellek 6.203 bozen aldea lortu baitu. Horren alde handia lortzeko, ezkerreko boz guztiak eskuratzeaz gain, beharrezkoa izan du EH Bairen bozen parte bat eskuratzea. Grenet eresinbolo handiegia zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.