Xabier Olarra. Itzultzailea eta editorea

«Hammetten uzta irakurtzeak egin nau nobela beltzaren zale»

Atzerriko letrak Euskal Herrira ekartzea, horixe izan da Xabier Olarraren helburua azken hogeita hamar urteetan. Bide horrek adina liburu itzuli ditu, Igela argitaletxea sortu zuen xedea burura eramateko. Uzta jaso du: omenaldia egin diote Donostian.

IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iker Tubia.
Iruñea
2013ko abenduaren 20a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Euskal Liburuen Gaua ospatu zuten atzo editoreek, idazleek, irudigileek, itzultzaileek, eta zuzentzaileek. Protagonista Xabier Olarra (Tolosa, 1951), berari eman baitzioten Dabilen Elea saria. Horren aurretik, baina, BERRIA-rekin solasean aritu zen letren munduko argi ilunez.

Orain arte egin duzun lan guztia omentzera dator saria.

Sektoreak norbaiti ematen dion saria da, nolabait, beraz, alde horretatik inportantzia hori du. Bestalde, behin ibilbidea saritzen hasten direnean, horrek esan nahi du adinean aurrera zoazela, eta ibilbide bat izateko urteak behar direla.

Oraindik izanen duzu zer eginik.

Gogoa dagoen bitartean bada zer egina. Baina, bestalde, garaia ere bada gazteei bidea uzteko.

Itzultzaileak beldur zarete bigarren mailan geratzeko?

Itzultzaileak berez onartu behar du bera sortzaile bat badela hein batean, baina fikziozko liburuak-eta itzultzen ditugunean benetako sortzailea egilea dela, eta gu saiatzen gara hark egin duen sorkuntza handi bat gure mailan ere ahalik eta ondoen egiten. Baina, nahiz eta askotan izaten den bigarren mailakotzat hartua, lan ondo eginak eta txukun eginak badu bere meritua eta aitortu behar zaio, besterik gabe.

Zure meritua 1985. urtetik dator, eta 30 lanetik gora itzuli dituzu. Ez da ahuntzaren gauerdiko eztula.

Ez dakit asko edo gutxi den. Kontuan izanda hori dela nire lanbidea, lanbidetik aparteko nire afizioak bultzatuta egina dela. Hemen, seguru aski literatur itzultzaile profesionalak baleude, 30 nobela eta gehiago ere itzuliak izango zituzten. Baina kontua da ez daudela tarteka horretan ere aritzen diren itzultzaileak baizik.

Aurretik ere esan izan duzu panorama beltza dela. Egun ere hala da?

Alde horretatik, panorama beltza da. Alegia, ez baldin badago hemen behar adinako irakurzaletasunik, liburuak ez badira saltzen literatur itzultzaile profesional bakar bat izateko, hori txarra da. Baina beste aldetik badira beste alderdi on asko. Geroz eta jende gehiago dago prestatua lan hau egiteko, eta lan horretan orain aritzen baldin bada, tarteka edo beste lanbide batzuekin konbinatuz, hori berez ere ez da txarra. Garenak gara, gaudenak gaude, eta dagoen lana dago. Geroz eta jende gehiago dago prest lan hori egiteko, eta hori orain dela 30 urte ez zegoen esaterik.

Ofizio eta afizio duzu literatura itzulpengintza, eta horrek hainbat idazle ezagutzeko aukera eman dizu.

Lan horretan niretzat gauzarik inportanteena da, batez ere, horrek behartzen zaituela autorea eta obra ia berak baino hobeto ezagutzera. Hasten zara liburu horren edo obra horren mamia ahalik eta zehatzenen ezagutzenbeste hizkuntza batera pasa egin behar duzulako. Liburua sakon ezagutzeko eta hori zure herritarrei ahalik eta modurik hoberenean edo txukunenean emateko aukera ematen dizu. Hori da lanbide honek daukan alderik pozgarriena.

Dagoeneko autore asko ezagutu dituzu. Zein aukeratuko zenuke?

Oso gogokoa izan dut beti Dashiell Hammett. Bere bi obra itzuli nituen, eta aldi berean bere biografia irakurri nuen. Hori askotan egiten dugu itzultzaileok. Sail beltzaren afizioa 1990 inguruan hartu nuen gizon horren uzta gorria irakurri nuelako. Oraindik egiteke daukagu batzuentzat haren obra nagusia izan dena, ez ezagunena baina bai nagusiena: The Glass Key. Baina ez dakit noiz helduko zaion ordua.

James M. Cainen Karteroak beti jotzen du bi aldiz izan zen egin zenuen lehenbiziko itzulpena. Ordutik lana egiteko modua ere aldatuko zen.

XX. mendetik XXI. mendera pasa gara. XX. mendean baliabideak ez ziren gaurkoak, orduan hiztegi sail bat genuen, askotan hizkuntza bateko hiztegi orokor bat bai, baina esate baterako argotezko hiztegia ez genuen, eta obra horretan jendeak ulertu behar zituen makina bat gauza etortzen ziren. Gaur egun baliabideak asko aldatu dira, zerbait ulertu nahi baduzu ia-ia ezintasunik ez dago ondo dokumentatu eta bilatzekotan, lehen baino errazago egiten da. Hori teknologia berriek ekarri dute.

Literatur itzulpengintzaren bi lubakietan ibiltzen zarela esan ohi da: itzultzaileenean eta editoreenean. Bietan gerra ematen.

Ez dut esango hor inolako konfliktorik izan denik. Nik lan egin dut beste argitaletxe batzuentzat, eta funtsezkoena Igela argitaletxean egin dut. Hor beti izan dut aukera nahi izan dudana itzultzeko eta aukeratzeko, eta hori behintzat abantaila bat da.

Igelaren helburuetako bat mundu osoko literatura obrarik esanguratsuenetako batzuk hautatu eta itzultzea da. Bete duzue?

Bete dugu hein batean, baina hasiera bateko planteamenduan geneukan guzia egiteko aukera ez dugu izan, mugatuak garelako. Bestalde, orduan Eusko Jaurlaritzak EIZIErekin literatura unibertsala argitaratzeko plana egin zuen. Guk beste lerro batzuk izan ditugu, esaterako nobela beltzarena edo enigma nobelarena, eta horiek literatura zentralaren edo mainstream horren alboko ildo batzuk izan dira. Hor bai sentitu garela lasai eta libre, aukera guztiak izan ditugulako. Gainerako kasuetan, literatura unibertsalean zihoan ildoarekin pixka bat uztartu eta elkarri trabarik ez egin, eta kito. Milaka obra daude, nahi izanez gero badago bizi oso bat pasatzeko baina ez pertsona batek, ehun pertsonak ere.

Zeren arabera egiten duzue hautaketa hori?

Funtsean gure gustuen arabera. Gure gazte denboran edo geroago irakurrita genituen zenbait obra inportanteak iruditzen zitzaizkigunak. Esaterako, [Truman] Capoteren Odol hotzean, edo [Louis Ferdinand] Celineren Gauaren muturrerainoko bidaia. Hasiera- hasieratik funtsezkoak iruditu zitzaizkigun, eta lehenbiziko hamarretan bi horiek daude. Joan zen urtean pentsatu nuen Hoben ordaina [Ian] McEwanen obrarik, orain arte behintzat, kritikoek diotenaren arabera, hoberena itzultzea. Literatura ere aurrera doa, eta horrelako obra batzuk ere aukeratu ditugu, horiek ere egon behar dutelako.

Nobela beltza eta enigma sailak izan ziren Igelaren lehenbizikoak. Momentu hartan erabaki hori hartzea, beharbada, ez zen errazena.

Erabakia ez zen: hemendik hasi, eta gero besteekin segituko dugu. Zen: hasiko gara. Eta horiek 90ean argitaratu ziren, Sherlock Holmesen obra bat Zirriborro eskarlata eta [Horace] McCoyren Zaldiak akatzen ditugu ba, eta hurrengo urtean literatura sailean lau obra atera genituen. Haien artean [Francis Scott Fitzgeralden] Gatsby handia esate baterako, edo Truman Capoteren Eskuz landutako hilkutxak. Gure planteamendua zen: literatura erdiko trontzo izan dadila, eta besteak lagungarriak izan litezke.

Dena den, Igelaren bereizgarritzat hartu izan da nobela beltza.

Noski, beste inork ez baldin badu ildo hori zehazki lantzen, zuri gelditzen zaizu. Guk sail beltzean 25 liburu atera ditugu, eta Enigma sailean ez dira 20ra iristen, baina literatura bilduman 50 dira. Beraz, gehiago argitaratu dugu bestelakotik horretatik baino. Hala ere, guri ez zaigu pisua egiten hori gainean eramatea. Alderantziz, guk hori egin dugu. Hori iruditzen zitzaigun gauzatu beharreko bide bat zela, nahiz eta ez den edukitzen literatura goi mailakotzat, baina badira autore batzuk izen hori eta gehiago merezi dutenak.

Itzulpengintzaren egoeraz ez ezik, argitaletxeen egoeraz ere hitz egin beharko litzateke.

Nik uste dut euskal argitaletxeen egoera zaila dela. Irakurle gutxi dago. Irakurle gutxi baldin badago, liburuak argitaratzea kostu handiko lan bat da, eta gero mantentzen zaila. Konponbide gutxi daude. Horietako bat, beharbada, teknologia berriek ere ekar dezakete. Liburuak argitaratzea garestia da, baina are garestiagoa da paperean inprimatzen badira. Gaur egun aukerak ere badaude, hiztunen kopurua eta irakurleen kopurua kontuan hartuta egin litezke argitarapenak. Badakigu poesia itzulia oso gutxik irakurriko dutela. Denok dakigu zer problema dauden are poesia bertako sortzaileena jendeak estimatzeko ere. Poesia itzuliarena are larriagoa da. Teknologia berriek lagundu beharko dute.

Irakurle gutxi daudela diozu. Euskaraz daude irakurle gutxi edo orokorrean galdu dira irakurleak?

Termino absolutuetan esanda, orain adina irakurle ez ditu sekula izan euskarak, orain adina ez da sekula argitaratu euskaraz, orain adina aukera ez ditu sekula izan irakurleak euskaraz, baina horrekin batera dator irakurleak geroz eta gutxiago direla dirudienez, eta liburuaren etorkizuna alde horretatik geroz eta beltzagoa dela. Hor bilatu behar dira irtenbideak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.