Euskal presoak. EPPKren bitartekarien kontrako polizia operazioa

Oztopoak gainditu eta bake bidean lanean segitzeko deia

Gaur eguerdian hiriburuetan protesta egitera deitu dute hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek

Hainbat eragile, atzo, Donostian eman zuten prentsaurrekoan. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Oihana Elduaien Uranga.
Donostia
2014ko urtarrilaren 10a
00:00
Entzun
«Oztopo eta zailtasunen gainetik» lanean jarraitu behar dela uste dute hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek, eta beraiek horretan jarraituko dutela hitzeman dute. Espainiako Gobernua prozesua oztopatzen tematuta dagoela uste dute, eta horren erakusletzat jo dute EPPKren bitartekaritzaren kontra egindako polizia operazioa. EPPK-k legera egokituz urratsak egingo dituela jakinarazi eta bi astera egindako operazioa iragarpen horri emandako erantzuna dela pentsatzen dute agerraldian azaldu direnek, eta salatu egin dute.

Baina, salaketak salaketa, bakearen alde lanean jarraitzeko deia egin dute eragile horiek, elkar hartuta. Operazioa kritikatu eta atxilotuak askatzeko eskatzeko mobilizaziorako deia egin dute. Zehazki, gaur eguerdian hiriburuetako udaletxe atarian egingo diren elkarretaratzeetara joatera dei egin diete herritarrei.

Sortuko, EAko, Aralarreko eta Alternatibako ordezkariak ez ezik, ELAkoak, LABekoak, CNTkoak, ESK-koak, EILASekoak, CCOOkoak, CGTkoak eta Hirukoak ere baziren atzoko agerraldian. Horiez gain, Lokarrikoak, Eskubideak-ekoak eta Etxerat-ekoak ere bai. «Irmoki» salatu zuten EPPKren bitartekarien kontrako polizia operazioa, eta babesa eta elkartasuna adierazi zieten atxilotutako zortzi lagunen familietakoei eta lagunei.

Euskal gizarteari animoa kendu nahian ikusten dute eragile horiek Espainia, presoen eskubideen aldeko lana «kriminalizatu» nahian. «Ez dira konformatzen prozesuaren alde ezer ez egitearekin; tematuta daude oztopoak jartzen». Baina prozesuan aurrera egiteko lanean jarraitzeko erabakia hartuta daukate beraiek, eta horretarako presoen eskubideak errespetatzea «ezinbestekoa» dela ohartarazi dute.

Prozesua oztopatzeko saio horretan, PSOE Espainiako Gobernuan zegoenean gertatu ziren Bateragune auzia ekarri die gogoraatzoko agerraldian zeudenei bitartekarien kontrako operazioak. Orduan, Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta ezker abertzaleko beste hainbat lagun atxilotu zituzten «ETAren aginduz Batasuna berregituratzen saiatzea» leporatuta. Gaur egun, auzi horretan epaitu eta zigortuta, espetxean daude ezker abertzaleko bost kide.

Baina Xabier Anza ELAko kideak eta Camino Saiz EILASekoak atzo irakurritako testuan, gogora ekarri dute instituzio ororen «eginbeharra» gizarteari bere gatazkak konpontzen laguntzea dela. Hori ez egiteak, eta polizia operazioak agintzeak, Espainiako Gobernuaren «ahulezia» erakusten du, eragile horien ustez: «Badirudi estatua eta bere aparatuak jabetu direla ez dutela irabazteko ezer elkarrizketa eta konponbide prozesu batean». Horiek hala, polizia operazioari «justifikazio logikoa» bilatzea ezinezkoa dela azpimarratu dute eragile horiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.