Europako hauteskundeak. Kanpaina

EH Bilduk «haustura botoa» eskatu du, «bidea irekitzeko euskal demokraziari»

Josu Juaristi «harrituta» agertu da PPren eta PSOEren aliantzari buruzko adierazpenek «asaldatu» dituztenekin

Iruñeko Comptos Ganberan EH Bilduk egindako agerraldia, atzo. BERRIA.
Erredakzioa
Donostia
2014ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
«Harrigarria egiten zait PP-PSOE aliantzak inor asaldatzea». Hala adierazi zuen atzo EH Bilduren hautagai Josu Juaristik Eibarko ekitaldian (Gipuzkoa), Miguel Arias Cañete PPren hautagaiak eta Felipe Gonzalez Espainiako presidente ohiak bi alderdien arteko Aliantza Handiari buruz esandakoak hizpide hartuta. «Izan ere, eskutik joan dira azken 35 urteotan», azaldu zuen, eta gehitu bi alderdiak saiatzen direla eusten «herrien kartzela baino ez den estatu ustelari». Horren aurka, «haustura botoa» EH Bildurena dela aldarrikatu zuen, «euskal demokraziari bidea irekiko diona».

EH Bilduko legebiltzarkide Rebeka Uberak ere hartu zuen hitza Eibarko ekitaldian. EAJri mintzatu zitzaion: «Zuek zarete, PP eta PSOErekin batera, Troikaren beso politikoa euskal erakundeetan». Jeltzaleek «bestelako Europa bat» aldarrikatu arren, Uberaren hitzetan, haiek dira Bruselaren eta Madrilen aginduak martxan jarri dituztenak, hezkuntzan, osasunean eta enpleguan aurrekontuak murriztu dituztenak eta Kutxabank pribatizatzearen eta AHTaren alde alde agertu direnak.

Nafarroaren zerga autonomia

Iruñean ere egin zuen ekitaldia atzo EH Bilduk, goizean, Comptos Ganberaren aurrean. Nafarroaren subiranotasuna eta zerga autonomia aldarrikatu zituen han Maiorga Ramirez parlamentariak: «Ezinbestekoa da Madrildik eta Europatik inposatzen dizkiguten politika ekonomikoei aurre egiteko».

Izan ere, zergen arloan UPNren gobernua «utzikeriaz» ari dela salatu zuen Ramirezek, eta Madrilek ez dituela errespetatzen Nafarroaren eskumen eta eskubide historikoak: «[UPNk] ez du aldaketarik egiteko asmorik, eta, beraz, de facto, uko egin die gure eskumen eta eskubide historikoei».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.