Atzerrira lanera joatea ez dela irtenbidea salatu dute

Kasu askotan «lan baldintza txarrak lekuz aldatu» besterik ez direla egiten adierazi du EGK-k, arduratuta

Jon Rejado.
Gasteiz
2014ko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
EGK Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak gazteek atzerrira lanera joateak duen «alde iluna» ezagutarazi du, horren aldeko mezuen beste aldea erakusteko. Erabaki pertsonala den neurrian «onargarria» dela azaldu du Itsaso Andueza EGK-ko presidenteak; ordea, migratzearen aldeko mezuak gaitzetsi ditu. «Gazteak kanpora irtetera bultzatzea hemen ez garelako beren eskubideak bermatzeko gai, ez da hain onargarria», salatu du.

«Atzerrira lan bila joatea prekarietateari aurre egiteko konponbide aproposa den ideia orokortu da», azaldu du. Ideia horren alde txarra zehazteko lau lan ildo jorratu ditu EGK-k. Alde batetik, herritarren iritziak bildu dituzte blog baten bidez, baita Bilbon gaiari buruzko jardunaldi batzuk egin ere. Horrez gain, Euskal Herritik lan bila joandako gazteekin elkarrizketak egin dituzte, eta, azkenik, datuak aztertu.

Lan horren ostean, EGK-k ondorioztatu du «sarritan» migratzeak ez dituela lan baldintza kaskarrak konpontzen. «Askotan, prekarietate hori lekuz aldatu eta luzatu baino ez du egiten». Are gehiago, kasu okerrenetan bidaiatu aurretik aurreztutako dirua galdu duten gazteen berri ere eman du Anduezak.

Erroldatik kanpo

Ikuspegi ekonomiko soila baino analisi sakonagoa egin du EGK-k, eta migratzearen ondorioz galdutako eskubideen berri ere eman du. Hain zuzen ere, atzerrira joatean gazte askok erroldako antzinatasuna galtzen dute, eta, horrekin batera, erroldak aitortzen dituen zenbait eskubide ere bai: diru laguntzak jasotzeko aukera, babes ofizialeko etxebizitzetarako sarbidea, udal hauteskundeetan parte hartzeko aukera... Horrez gain, langabezia saria jasoz gero hori gabe gelditzeko arriskua ere badagoela azaldu dute. «Bizimodua aurrera ateratzeko zuten baliabide ekonomiko bakarra ere galtzen dute». Gazteek lanera joateko aukeratutako tokiaren arabera, beste alde arazotsu batzuk ere egon daitezke. «Hemen aitortzen zaizkigun baina leku batzuetan gauzatzen ez diren eskubideak gal ditzakegu: sexu askatasunerako eskubidea adibidez», esan du Anduezak. Horiekin batera, txostenean arazo burokratikoak ezagutarazi dituzte, edota etxetik urruntzearen ondoriozko arazo afektiboak.

EGK ikerketen ondorioetan oinarritu da instituzio publikoei proposamen batzuk egiteko, bai aukerarik ezaren ondorioz emandako gazteen migratzea saihesteko, bai kanpoan dauden gazteen itzulera errazteko. Lehenik eta behin, lan duinak sortzeko planak eskatu ditu, gazteak atzerrira joan beharrean ikus ez daitezen. Bestetik, atzerrira lan bilajoateari buruzko «informazio erreala» eskatu du Anduezak.

Horrez gain, Euskal Herritik kanpo doazen gazteen egoera jakiteko ikerketak eskatu ditu. «Euskal gazteen migratzearen arazoei aurre egin nahi badiegu; errealitate horren konplexutasuna ezagutu behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.