Donostiako 61. Zinemaldia. Kritika. Perlak

Perfekziotik urrun

Beñat Eizagirre Indo.
2013ko irailaren 28a
00:00
Entzun
'L'amour est un crime parfait'

Zuzendariak: Arnaud eta Jean-Marie Larrieu. Herrialdea: Frantzia-Suitza. Iraupena: 111 minutu.

Arnaud eta Jean-Marie Larrieu anaien lanik esanguratsuena Peindre ou faire l'amour (2005) izango da ziurrenik, Cannesko Sail Ofizialean estreinatu ostean sona apur bat lortu baitzuen nazioarte mailan. Gainera, jaialdi entzutetsuari esker hainbat herrialdetan ikusi ahal izan zen. Duela urte batzuk Zinemaldira etortzeko aukera izan zuten Lourdesen jaiotako zinemagileek, Kontrauhina: Frantziako zinema berriena zikloaren baitan Un homme, un vrai (2003) filmarekin parte hartu baitzuten. Orduko lan hartan bezalaxe, Mathieu Amalric aktore ezaguna da L'amour est un crime parfait thriller entretenigarri honetako protagonista nagusia. Oro har, film interesgarria da, baina argi dago ez duela aurtengo publikoaren saria erdietsiko, ez baita beste perlen mailara iristen. Istorioa ez da batere borobila, eta anaiek eraikitako unibertsoari sinesgarritasuna falta zaio. Horrek ikuslearen arreta galtzea ekar dezake, ezinbestean. Bertuteak baditu, baina bizitasuna falta zaio. Indarrik ez du. Nolabait, jendearen irrika piztu beharko luke mota honetako thriller batek, baina kasu honetan ez du aparteko emoziorik eragiten. Ikus daiteke, noski, baina merezi duenik ezin esan daiteke. Istorioak aurrera egin ahala, fedea desagertu egin daiteke; egileek proposatzen duten jolasa ez da hasiera batean pentsa daitekeen bezain zirraragarria. Filmaren planteamenduan kale egiten dute, ez baitute ikuslea inondik inora txunditzea lortzen, eta sentsazio gazi-gozoarekin konformatu beharko du, halabeharrez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.