18. Korrika. Ibilbidea

2.580 kilometro euskararen alde

Andoaindik Baionara, Euskal Herrian zehar bi mila kilometrotik gora egingo ditu 18. Korrikak, martxoaren 14tik 24raLasterketa une oro non doan erakutsiko duen aplikazio bat aurkeztu dute aurten

2.580 kilometro euskararen alde.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2013ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Andoaindik (Gipuzkoa) Baionara 2.580 kilometro daude Korrikak atzo aurkeztutako ibilbideari jarraiki, eta martxoaren 14tik 24ra horiek guztiak igaroko ditu 18. Korrikak. Eta batetik bestera euskararen aldeko aldarria garraiatuko duen lekukoa prest dute AEK-ko arduradunek; Bilbon, EITBren egoitzan egin zuten agerraldia, elkarlanean jardungo diren eragileekin batera. Izan ere, errepidez ez ezik, telebistaz zein sakelakoen bidez ere jarraitu ahalko da ibilbide guztia, programazio eta aplikazio berriei esker.

Andoaingo Martin Ugalde kultur parketik abiatuko da Korrika, martxoaren 14an, eta hamar egunez Eman euskara elkarri leloa Euskal Herri osotik zabaldu ostean, ohi bezala, hiriburu batean amaituko da: Baionan. Tartean, beste seietatik igaroko da: hasi eta hurrengo egunean zapalduko du Iruñea, eta hilaren 16an Donibane Garazi eta Maule; 19ko iluntzean helduko da Gasteizera, eta 21eko arratsean Bilbora; Donostiak, berriz, azken-aurreko egunean jasoko du Korrika, martxoaren 23an, iluntzean.

Teknologiak, hala ere, ibilbidearen berri une oro izaten lagunduko du. Akting ingeniaritza enpresak landutako aplikazioaren bidez, Korrikaren egoera kontsultatu ahal izango da eskuko telefonoetatik: lasterketa non dagoen, lekukoa nork duen, norbera dagoen tokitik noiz igaroko den, zenbat kilometro falta zaizkion Baionara heltzeko... Horretaz gain, Korrika Kulturalaren agenda eta jolas bat ere ekarriko du aplikazioak. Android zein Appleko gailuentzat prestatu dute, eta doan instala daiteke.

Ez da teknologia berriekin lotuta atzo aurkeztu zuten berritasun bakarra. EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin, EITBrekin eta Tabakalerarekin elkarlanean arituko da Korrika aurten, transmedia edukiei buruzko ikerketa batean. Istorio bat hainbat formatu eta plataforma erabiliz kontatzea da transmedia; ideia hori bat dator Korrikaren ezaugarriekin, EHUko Libe Mimenzak azaldu duenez: «Korrika bazen aurretik ere transmedia izaera zuen ekitaldi erraldoi bat». Besteak beste, EHUko gradu zein graduondo ikasle batzuek Korrikari buruz egindako lanak baliatuko dituzte.

Telebistaz ere jarraipena egin ahal izango zaio lasterketari. Azken bi aldietan bezala, egunero saio bat eskainiko dio ETBk Korrikari. Hamaika Telebistak ere «saio berezi bat» txertatuko du eguneroko programazioan. Korrikari hedapen handia ematea da haren helburua, Naroa Iturri Hamaika TBko kazetariaren hitzetan. Telebistaz ere Korrika bizitzeko aukera eskaini nahi die ikusleei: «Horrek harritu gintuen orain dela bi urte: jendea korrika egiten agertzen zituzten irudiak bi orduz jartzen genituen, eta askok ikusten zituzten. Egia da Korrikak menpekotasuna sortzen duela, emozio berezia».

Korrikaklip ere, abian

Baina parte hartzeari eta ikus-entzunezkoen sorkuntzari ere lekua egingo die Korrikak. Duela bi urteko Euskalaklip lehiaketaren arrakasta ikusita, Korrikaklip bideo laburren lehiaketa hasi zuten atzo bertan. Martxoaren 12ra bitartean, Eman euskara elkarri leloa zabaltzen duten lanak aurkeztu ahal izango ditu nahi duenak, Esne Beltzaren Bagoaz! kantuaren doinuarekin. Bideoek gehienez bost minutuko iraupena eduki ahal izango dutela ohartarazi dute, eta MP4 edo AVI formatuan bidali behar direla.

Informazio gehiago bildu nahi izanez gero, bisitatu webgune hau: www.korrika.org
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.