Donostiako 61. Zinemaldia. Kritika. Zuzendari Berriak

Etxean

Beñat Eizagirre Indo.
2013ko irailaren 28a
00:00
Entzun
'El árbol magnético'

Zuzendaria: Isabel Ayguavives. Herrialdea: Espainia-Txile. Iraupena: 85 minutu.

Isabel Ayguavives espainiarraren El árbol magnético atsegina, polita eta samurra da. Irribarre goxo batekin uzten zaituzten horietakoa, hain zuzen, eta Zuzendari Berriak saria irabazteko hautagai sendoa izan daiteke. Baliabide gutxirekin egindako lana izan arren, emaitza paregabea da. Bikaina da benetan, gogoangarria oso. Andres Gertrudix Kepa Sojoren Loco con ballesta lanean ikusi ahal izan den aktore madrildarra da protagonista nagusia. Bruno Txilera itzuliko da urte askoren buruan, eta familiako kideekin elkartuko da, azkenean. Familiaren topaketa du hizpide filmak, eta istorioa oso sinplea izan arren, bete-betean asmatzen du. Une atsegina igaroko du ikusleak familiaren berotasunean, eta hasiera batean aspergarria izan daitekeela eman badezake ere, biziki interesgarria gertatzen da. Ikuslea erabat harrapatzen du egitasmo xume eta xalo honen bitartez. Xarma berezia duen lana dela esan daiteke, eta iraganeko garai ahaztezinak gogoratzeak dakarren poza helaraztea lortzen du. Baina, ez hori bakarrik, denbora igarotzearen inguruan hausnarketa bat plazaratu nahi baitu, halaber. Egilearen helburua ez da ikusleari barre eragitea, zoriontasunaren lekuko den irribarre bat ezpainetan marraztea baizik. El árbol magnético gisako lanek argi eta garbi erakusten dute maisulanak egiteko ez dela diru askorik behar. Txundigarria, zinez, Isabel Ayguavivesen lehendabiziko filma.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.