279 milioi kostako da metroko linea berria, esan baino %85 gehiago

Bilboko metroaren linea berria 2016rako amaitzea espero dute Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Aldundiak

Erakundeetako ordezkariak, atzo, metroaren hirugarren linea egiteko akordioa sinatzen. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Ainhoa Larrabe Arnaiz.
Bilbo
2013ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Bilboko Zurbaranbarri auzoan etxe tartean dagoen zulo batek azaleratzen du metroaren hirugarren lineako obra. Zementu eta altzairuzko kobazuloaren antza du oraindik eraikitzen ari diren metro geltokiak, baina 2016. urterako martxan jarri nahi dute. Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak azpiegitura bukatzeko hitzarmena sinatu zuten atzo, eta epe hori ezarri zuten. Obran bertan izan ziren horretarako. Lanak bukatzeko jarriko duten dirua zehazten du akordioak: 2013tik 2016ra ia 140 milioi euro bideratuko dituzte erakunde biek; 70 milioi inguru bakoitzak. Esan baino %85 gehiago kostatuko da obra.

«Hitzarmenarekin, behin betiko bultzada emango diogu obrari», adierazi zuen Jose Luis Bilbao Bizkaiko Aldundiko buruak. Harekin batera izan ziren Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburua, Ricardo Gatzagaetxebarria Ogasun sailburua, Iñaki Azkuna Bilboko alkatea eta Loren Oliva Etxebarriko alkatea.

Duela lau urte hasi ziren Bilboko metroaren hirugarren linea eraikitzeko lanak. Hasieran aurreikusitako inbertsioa 151 milioikoa bazen ere, 279 milioi gastatuko dituzte orotara. Hasieran ezarritako kopuruaren ia bikoitza da, %85 gehiago. Bilbaok aitortu zuen lanak hasterakoan ez zutela era horretako arazorik gertatuko zenik espero. Lanarekin aurrera jarraitu nahi dutela esan zuen atzo, ordea; «arazo teknikoak eta bestelako arazoak gora behera». Bizkaiko Foru Aldundiak 56 milioi euro inguru jarri ditu orain arte ,eta 83 milioi gehiago jarriko ditu orain. Azkunak ere lanetan edukitako diru arazoak aipatu zituen: «Momentu batean obrak diru faltagatik gelditu ziren, aurrekontuak txarto egin zirelako». Esker onez jaso zuen Jaurlaritzak eta aldundiak sinatutako hitzarmena. «Ahalegin ikaragarria egin dute erakundeek eta, babestu egin behar ditugu».

Proiektuari beren sostengua azaldu nahi izan zioten ordezkari guztiek atzoko ekitaldian. Bilbao aritu zen aldundiaren izenean, eta haren hitzetan, erakunde horrek jarritako diruak erakusten du Bilbo eta Etxebarriren orainaren eta etorkizunarekin duten «konpromisoa».

Oregik ere ildo beretik jo zuen. Konpromisoa aipatu zuen hark ere. Atzo sinatutako hitzarmenak hirugarren linea bukatzeko berme guztiak betetzen dituela adierazi zuen: «Garai zailak dira ekonomiarentzat eta gizartearentzat. Baina Eusko Jaurlaritzak garraio azpiegitura handi honen diseinuarekin duen konpromisoa sendoa da».

Bilbotik gertuago

Metroaren beste bi lineek duten diseinu berarekin eraikiko dute linea berria, Norman Foster arkitektoak egindakoarekin hain zuzen. 5.885 metroko ibilbidea izango du, eta zazpi geltoki izango: Etxebarriko San Antonio auzoan, Bilboko Otxarkoagan, Txurdinagan, Zurbaranbarrin, Alde Zaharrean, Uribarrin eta Matiko auzoan. Bilbo iparraldeko auzoei emango die zerbitzua linea berri horrek, eta hiriburuko erdialdearekin lotuko ditu. Oregi: «Bilboko auzoetako 82.000 herritarri baino gehiagori emango die zerbitzua». Sailburuak nabarmendu zuen Bermeo, Durango eta Eibartik hiriburura doan jendeari ere erdialdera iristeko aukera emango diola metroak 2016tik aurrera. Eta Artxandako tunel berriaren eraikuntzarekin Txorierri ere lotuko dute metro sarearekin. «Bilboko metropoliari dagokionez, hobera egingo du Txorierri, Durangaldea eta Urdaibai eskualdeetako zerbitzuaren funtzionalitateak».

Metroak 90 milioi bidaia eskaintzen ditu urtean. Oregiren esanetan, hirugarren linearekin biderkatu egingo dira bidaiak. Metroaren jasangarritasuna nabarmendu nahi izan zuen: «Gure auzo eta udalerrietako bizi kalitatea eta ingurua hobetuko da horrekin».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.