Donostiako 61. Zinemaldia. Sail ofiziala. Kritika

Ilundu ondoren

Angel Aldarondo.
2013ko irailaren 24a
00:00
Entzun
'Le week-end'

Zuzendaria: Roger Michell. Aktoreak: Jim Broadbent, Lindsay Duncan. Herrialdea: Erresuma Batua. Iraupena: 93 minutu.

Meg eta Nick adineko irakasle bikote ingelesa asteburu-pasa doa Parisera, ezkontzaren 30. urteurrena ospatzera. Ustez beren harremana biziberritzeko asmoz egiten dute bidaia, baina beraien ezkutuko nahia da elkarrekiko maitasuna probatzea. Dudak argitzeko helburuarekin, makillajea kenduko die denborak areagotzen dituen zimurrei.

Roger Michell zuzendariak trebezia handiz moldatu du Hanif Kureishiren aparteko gidoi liluragarria, eta aktoreek, lan adimentsua eginez, jeinuz erantsi dituzte beraien pertsonaiak —ez nintzateke harrituko Jim Broadbent eta Lindsay Duncan aktoreek Zinemaldian sariren bat jasotzea—. Bat egite perfektu horretan, Kureishik etengabean zirto biribilez osatu duen elkarrizketa garratzak gailentzen dira. Umore britainiar ironiko eta sofistikatuaz baliatuko dira protagonistak elkarri barneko sentimendu aitorrezinak jaurtitzeko. Horrela, ikusleari zaila egingo zaio bereiztea zeintzuk diren protagonisten benetako pentsamendu, asmo eta desioak. Elkarri zirikatuz jolasean dabiltzala dirudi, etengabe loturaren soka tenkatzen, ondorioez axolagabekerian. Barka atrebentzia, baina horrelako amodio-erlazio masokista barregarria soilik Tom Sharperen hizkuntzan da sinesgarria.

Le week-end ez da soilik adineko maitasun harremanei buruzko hausnarketa, amodioaren basbeslekua ez baita zahartzaroko jabetza pribatua. Ustezko komedia aurrera joan ahala drama latza azalduko da, eta gure irribarrea izoztuko. Errukiz begiratuko diegu bikotearen bizipenei bizipozen bila. Iraganeko ametsak eta utopiak berreskuratzeko zailtasuna onartuta —Bob Dylanen Like a Rollin' Stone abesti esanguratsua tartean—, bat-batean gaztaroko askea loratuko da. Azken finean, ez dago adinik Bande à part filmeko koreografia ezagunaren lehen pausoak emateko.

Hitz-jario gehiago izanez gero, Michellen filma Before Midnight-en jarraipena izan zitekeen, Richard Linklaterren trilogiaren itxiera perfektua. Lazgarri erromantikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.