Euskal presoak. 'Parot doktrina' Estrasburgoko Auzitegian

Etxerat: «Giza eskubideak daude jokoan»

Herrira-k gaur egingo dituen mobilizazioetara joateko deia egin dute Sortuk, EAk, Aralarrek, ABk eta Alternatibak

Etxerateko kideak —tartean 'Parot Doktrina' ezarri zaien zenbait presoren senideak—, atzo Iruñean egindako agerraldian. IDOIA ZABALETA / ARGAZKI PRESS.
Hodei Iruretagoiena.
2013ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
«Etengabeko mendekua eta sufrimendua nahi duen espetxe politikaren tresna bat gehiago da 197/2006 doktrina». Hala salatu zuten atzo Etxerat elkarteko kideek. Doktrina aplikatu dioten Jose Mari Mendinuetaren bikote Jone Lazkozek esan zuenez, «erabateko eskua» ematen dio espetxe politika horrek eskubideen urraketari. Iruñean egin zuten agerraldia euskal preso eta iheslarien senideek; gaurkoa «egun garrantzitsua» dela ohartarazi zuten: «Giza eskubideak daude jokoan».

Izan ere, Lazkozek salatu zuen gaur Estrasburgon aztergai izango duten doktrinak «bizi osora» zigortzen dituela presoak. Gainera, «zuzenbidearen aurka doan atzerako ezintasunaren printzipioa erabiliz» egiten dute hori, aurrez ezarri gabeko «zigor erantsia» ezarriz. Horrez gain, presoen senideak ere «bizi osora» zigortzen dituztela gogorarazi zuen; besteak beste, sakabanaketarekin. «Guk ere ondo dakigu zer den sufrimendua», adierazi zuen. Gogora ekarri zuten, halaber, Anjel Figueroa presoaren heriotza, eta haien «besarkadarik beroena» helarazi zizkieten senide eta lagunei.

Herrira mugimenduak, berriz, Euskal Herri osoan antolatu ditu mobilizazioak gaur arratsalderako, Giza eskubideak. Irtenbidea. Bakea. 197/2006 doktrina eten. Ines del Rio askatu lelopean. «Mezu argi bat» helarazi nahi dute horrela: euskal gizartearen gehiengoak bat egiten du doktrina hori indargabetzearekin. «Ordua da bakeari aukera bat emateko».

Gizartearen «parte hartzea»

Indar soberanisten ustez ere asko da Estrasburgon «jokoan dagoena»; ez da bakarrik Del Rioren kasua edo gaur egun doktrina aplikatua duten 71 presoen etorkizuna. «Euskal preso politikoei estatuak aplikatzen dien zigor estrategia jarriko da zalantzan», esan zuen Maiorga Ramirezek, atzo Sortuk, EAk, Aralarrek, ABk eta Alternatibak egindako agerraldian. PPren gobernua «alarma soziala» piztu nahian ari dela salatu zuen, baina gaineratu zuen euskal gizarteak «elementu ontzat» joko lukeela «espetxe politika bertan behera uztea». «Euskal Herriak ez luke ulertuko kontrako erabakirik». PSE-EEko Jesus Egigurenek ere esan zuen herenegun, ETB2n, «lardaskeria juridikoa» dela 197/2006 doktrina.

Madrilen eta Parisen «itxikeriari» aurr egiteko, Ramirezek nabarmendu zuen gizartea bihurtu behar dela protagonista presoen gaian: «Gizartearen parte hartzea, konpromisoa eta aktibazioa dira gatazka eta horren ondorioak gainditzeko bide nagusia». Horrela, bost alderdiek dei egin zuten Herrira-k antolatu dituen mobilizazioetan parte hartzera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.