Kataluniako independentzia

Erreferendumaren hazia

Artur Mas Generalitateko presidentea eta ANC eta AMI independentistak galdeketa bideratzeko elkarlanaren beharraz aritu diraKontsulta 2014an nahi dute independentistek; gobernuak ez du datarik

Carme Forcadell ANCko presidentea, Artur Mas Generalitateko presidentea, eta Francesc Homs  bozeramailea, atzo, gobernuko egoitzan. GALDRIC PEÑEROJA.
Amagoia Mujika Tolaretxipi.
2012ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Erreferendum eskaerak handitu dira Katalunian irailaren 11ko manifestazioaz geroztik, eta egingarria dirudi dagoeneko, data zehatzik ez dagoen arren. Gobernua eta mugimendu independentista eseri dira, eta Diadak utzitako zurrunbiloan oraindik, giroa hoztu baino lehen elkarlanean aritzeko konpromisoa hartu dute. ANC eta AMI independentistek ez dute burujabetza ez den beste biderik onartuko, eta Gobernuak ez du eskaera hori egiten dutenen gogoa uxatu nahi; galdeketaren alde agertu da. Egutegia finkatzeko garaia heldu da orain.

Atzoko bileran, ANC Biltzar Nazional Katalaneko eta AMI Independentziaren Aldeko Udalen Erakundeko ordezkariek Artur Masi jakinarazi zioten independentziaren prozesua bideratzeko egutegia finkatu behar dela, 2014an gobernuak erreferendumera dei dezan. Gobernuarentzat, ordea, «oraingoz» ez dago egunaz hitz egiterik, baina «herritarrei galdeketa egitea gogoan» izan eta izango dutela esan du Francesc Homs Generalitateko bozeramaileak:«Orain are gehiago», egoera hartzen ari den «abiadura bizia» dela eta. Datetan sartu aurretik elkarrekin lan egin beharraren garrantzia azaldu nahi izan du, eta alde horretatik bilera «oso baikorra» izan dela baloratu dute bi aldeek.

Carme Forcadell ANCko presidenteak jakinarazi ditu mugimendu independentistak Artur Masi egindako eskaerak. Horien artean dago itun fiskalaz harago egin dezan eskatzea, haren ustez,independentzia ez den bestelako proposamenik ez delako onargarria: «Itzulerarik ez duen puntuan dago Katalunia», eta Masek kutunena duen eskaera, hau da, itun fiskala, «motz geratzen» da Kataluniako herritarren gogoan. «Datozen hauteskundeek autodeterminazioaren kontra edo alde nor dagoen ikusteko plebizitua» izan behar dutela eskatu dute.

Homsentzat, «pentsatzekoa» da datozen hauteskundeetan alderdien proposamenak «aldatu» egingo direla, «egon den indar aldaketa kontuan hartuta», baina CiUk hartuko duen jarreraz ez du ezer aurreratu. Orain, denen ahotan dago Kataluniako hauteskundeak aurrera ditzaketela, eta horrek, dudarik gabe, prozesua azkartuko luke.

Elkarlana

Bileratik atera den beste gakoetako bat elkarlana da, aurrera bidean gizartea eta gobernua elkarrekin joateko beharra. Herritarren artean independentziaren eskaera lortuz doan babesak alderdi politikoak eta Kataluniako Gobernua bera jarrera bat hartzera behartu ditu. Presidenteak independentistei eskatu die «gizarte zibila eta gobernua elkarrekin» joan daitezen, eta «erabat ados» agertu dira ANCko eta AMIko ordezkariak, Forcadellek esan duenez. «Independentziaren gainean jarrera jakinik ez dutenak erakartzea izango da orain erronka, erreferenduma egiterako baiezkoak aise irabaz dezan».

Masek Madrilen erakutsi duen jarrera ere aipagarria iruditu zaio Forcadelli, estatu propioa defendatu duela eta: «Masek egoeraren mailan egoten jakin izan du».

Irailaren 11ko manifestazioak «itzulerarik gabeko puntua ezarri du Kataluniaren emantzipazio prozesuan, independentziari buruz historian izan den mobilizaziorik handiena izan delako», eta horri esker ari dira mugitzen gauzak, Forcadellen iritziz. «Herritarren %20k baino gehiagok manifestazio batean Bartzelona bete izanak, argi utzi du katalanen heldutasuna. Estatu berria lortzeko independentziaren deiadar argia izan da, inolako liskarrik gabe. Urrats hori egiteko gizarte katalana prest dagoela erakusten duen froga argia da».

Bien bitartean, Artur Masek mezuak ematen jarraitzen du Espainiara begira. Independentzia hitza aipatu gabe jarraitzen du, baina «Kataluniak estatu propioa» behar duela aldarrikatu du berriz. «Katalunia saiatu da Estatu espainiarra eraldatzen, han egokitu ahal izateko, baina, hori posible izan ez denez, Kataluniak estatu bat behar du». Prozesuak «bere erritmoa» izango du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.