Bulebarreko udaberria, euskal desobedientzia abian da

2013ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Donostiako Bulebarreko irudiek oihartzun zabala izan dute, eta ez da harritzekoa, horrelako irudiak lurralde hauetan aspalditik ez baikenituen ikusten. Udaberriak hona ere haize ufada berria ekarri duela ematen du, nonbait.

Euskal Herriko desobedientzia zibilaren istoriotxoa laburbiltzen duen Ziztadak erreportajean ondo islatu duten bezala, 80ko hamarkadako desobedientzialariok euskal desobedientzia zibilaren bigarren belaunaldia izan ginen, antimilitaristok. Aurretik, ikastolen mugimenduko kideak, frankismoaren garaietan egondako objektoreak eta Lemoizen aurkako desobedientzia egileak aritu ziren.

Pasa den mendeko 80ko hamarkadaren hondarretan , gure historia pusketa idazteari ekin genion. Soldaduskari intsumisioa zabaltzen, herri honek azkeneko hamarkadetan ezagutu dituen garaipen nagusietariko batean partaide izatea egokitu zitzaigun. Edo horrela pentsatu nahi izan dugu, bederen.

Egun hauetan, Donostiako Bulebarrean gertatutakoa ikustean, garai haiek burura etorri zaizkit; izan ere, intsumisoak atxilotzera etorri ohi zirenean, giza-emakume-harresiz oztopatzen genituen. Ekintzak ikusgarriak izaten ziren, berriak gure testuinguruan. Gehienetan lagunak atxilotzen zituzten, baina tinko eutsi eta geroago ezinezko bilakatu genuen intsumiso bat zigortua izatea, jendarteak haien jarrerarekin bat egin zuelako eta Estatuarentzat errepresioa kaltegarri bihurtu zelako.

Atxiloketen injustiziak sumindu arren, izugarri poztu ninduen gazteek hartutako jarrera duinak. Gure seme-alabak izan zitezkeen ehunka lagunak Donostiako Segi erakundeko kideei egindako bidegabekeria saihesteko elkartasun harresia erraldoia egiten ikusitakoan, ziur naiz antimilitarista ekintzetan parte hartu genuen askok zirrara berezia izan genuela.

Guk egiten genituen ekintzetan dozenaka lagun besterik ez ginen elkartzen. Faisaien uhartea okupatu genuenean, 75 lagun elkartu ginen; SNFCn trenbidean Demoek egindako ekintzan, 150 bat lagun. Bulebarrean gertatutakoa, berriz, beste neurri batekoa da, orain arte Euskal Herrian ekintza bakar batean egin den desobedientzia ekintza jendetsuena dela uste baitut.

Garai politiko berri honek eskatzen duen moduko erantzuna eman dute gazteek. Ilea urdintzen hasita daukagun gehienok konfiantza gutxi genuen belaunaldi berrian. Aitortzen dugu, harrokeria ote? Ezjakintasuna? Zorionez, usteak erdi ustel izaten dira, eta, ohi den bezala, garai berriak ulertzeko gaitasun handiagoa duen sektorea, edota garai berrietara egokitzeko ahalmen gehien duen sektorea gazteria da.

Oarsoaldeko gazteen atxiloketan ikusi genituen irudiek gazteengan samina sortu zutelakoan nago, gutariko askok ere oldartzeko gogoa izan genuen-eta, «normaltasuna» ezin baita normaltasunez jardun politikoa egin izanagatik sei urteko zigorra otzantasunez onartzea. Gazteek ezin zuten berriro horrelakorik errepikatu. Gazteek ardura bere gain hartuz, erakustaldi ederra egin digute. Bejondeizuela!

Bulebarreko «euskal udaberriak» eragile politiko bakoitzaren kokapena oso ondo irudikatu du. Aldebakartasunaren metodoak herriari ardura eta protagonismoa itzuli dio, eta hori Donostiako kaleetan agerian geratu da.

Dagoneko ohartu gara: Estatuek ez dute aldaketarik erraztuko; haientzat normaltasuna biolentziaren monopolioa da, inposaketa, zapalkuntza. Estatuek indarra eta biolentzia erabiltzen jarraituko dute, sorrera bortitzari zor baitiote. Aldebakartasunaren bidetik, gazteek jardun soziopolitikorako tresna eskaini digute. Bake garaia da, borroka garaia da; euskal desobedientzia, berriz ere, abian da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.