Goizalde Landabaso
Larrepetit

Hastapenak

2013ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Orijinalagoa izan behar zuen hasierak. Badakit. Barkatuko didazu, baina, hasierari modu hain arruntean ekiten badiot. Izan ere, hastapenik ezean zer litzateke bizitza? Hasi egiten dugu egunero begiak zabaldu eta atoan; hasi egiten dugu kafe paketea; hasi egiten dugu zutabe bat eta hasi egiten dugu ikasturte berria. Errepide bazterretan udagoiena iragartzen duten plumeroak ikusi ditut, marea biziak eta arrastietako hotz-antzekoa hemen daude. Ez naiz telebistara oso erne egon, baina ziur nago Espainiako merkatal gune handi hori hasi egin dela eskola sasoia bueltan dela gogorarazten digun iragarki madarikatuarekin. Egia da uda luze-luzeko garaiak pasatu zitzaizkidala eta iragarki horrek ez nindukeela aztoratu behako. Baina bai, amorrarazten nauen bakarra da. Hala ere, beti maite izan dut hasierek sentiarazten duten itxaropen zantzua.Badute exorzitzailea den zer, batutako petralkeria eta txatxukeria uxatzen dutena. Ezinezkoa zaigu reset egin eta hasi, baina hasiera orok birjintasun punttuari eusten diotela esango nuke. Agian, batzuetan hainbestekoa da petralkeriak egindako habia ezinezkoa dela xalotasun apur horri eustea. Ni, ordea, ahalegintzen naiz. Bizitzaren erosioa eta denboraren mikaztasuna ukaezinak badira ere, saiatzen naiz. Urterik urte mugarrietatik pasatzerakoan zenbagailuak aldaketa egiten duela igarri egiten dut: beste bat. Borbortasun amiƱia da une batez hartzen nauena. Maite ditut abiatzeak bidaiak pott egingo badu ere; estropezuak baino ez baditu ekarriko ere; amildegi ertzetan jarriko banaute ere; zauriren bat lagako badidate ere. Koaderno berrietan idazten hastea bezalako sentsazioa da. Ez, ez dizut arrazoirik kenduko; hasiera batzuk suntsigarriak dira. Hortaz, zertarako piztu kandelarik edozeinalbo-haizek amatatuko badizu? Agian isiotzearen plazer hutsagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.