Lan erreforma. Greba orokorra

Hegoaldeko greba deialdia aintzat hartu dute CCOOk eta UGTk

Martxoaren 29a aukeratu dute greba egiteko; gobernuari esan diote hilabetea amaitu arteko tartea duela atzera egitekoKrisia hasiz geroztik, lehen aldiz egingo dute egun berean greba sindikatu guztiek

Miren Garate.
2012ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Lan erreforma onartzeko formarekin eta testuinguruarekin ados ez daudelako. Langileen aurka inoiz egin den «erasorik handiena» delako. «Saihetsezina, justua eta beharrezkoa» delako. Arrazoi horiek bultzatuta, greba egitea erabaki dute CCOOk eta UGTk ere. Martxoaren 29a da aukeratutako eguna, ELAk, LABek, EHNEk, EILASek eta ESK-k aurrez iragarritako egun berbera hain zuzen. Hiruk, CGTk eta CNTk ere bat egin dute haiekin. Beraz, Hego Euskal Herriko sindikatu guztiek egingo dute lanuztea hiru aste barru.

Otsailaren 10ean onartu zuen Lan Erreformaren lege dekretua Espainiako Gobernuak. Euskal gehiengo sindikalak handik astebetera deitu zuen grebara. CCOOk eta UGTk itxarotea erabaki zuten, indarrak neurtu ahal izateko, eta manifestazioak antolatu zituzten otsailaren 19rako, herritarrengan zuten babesa ikusteko. Azken minutura arte egon dira Espainiako Gobernuaren telefono deiren baten zain. Herenegun, ordea, Diputatuen Kongresuak baliozkotzat jo zuen lan erreformaren dekretua, eta alderdiek aho batez onartu zuten lege proiektu gisa tramitatzea.

Hori ikusita, bi sindikatuek euren zuzendaritzak bildu zituzten atzo goizean, aurrena bakoitzak bere aldetik, eta eguerdian elkarrekin egin zuten grebarako deialdia. Martxoaren 29a aukeratzeko bi arrazoi aipatu zituzten. Alde batetik,orduan hasiko direlako alderdiak erreformaren zuzenketak tramitatzen, eta bestetik, Hego Euskal Herrian eta Galizian ere data horretarako zeudelako deituta lanuzteak.

Greba, bitarteko hutsa

Ignacio Fernandez Toxo eta Candido Mendez CCOO eta UGTko idazkari nagusiek lan erreforma onartzeko «forma» gaitzetsi zuten atzoko agerraldian. «Negoziaziorik ez da egon, eta ez dirudi egongo denik. Hamarkadetako elkarrizketa soziala suntsitu nahi dute». Erreforma onartu zuenetik, sindikatuek bi gutun bidali dizkiote Gobernuari azaldu zuten. Azkena, martxoaren 2an, 30 zuzenketa proposatuz. Oraindik ez dutela erantzunik jaso esan zuten, eta bileraren bat egiteko eskaerari ere Gobernuak ezetz esan diola zehaztu zuten. «Paradoxikoa da, erregeak hartu gaitu, baina presidenteak ez».

«Testuingurua» izan da grebara deitzeko beste arrazoietako bat. «Enplegua sortzeko, Espainiak erreformak behar ditu, baina erreforma honek ez du horretako balioko». Lanpostuak sortu beharrean, oraindik ere 650.000 enplegu gehiago suntsitzea espero dela kontatu dute. PSOEk 2010ean indarrean jarritako lan erreforma ekarri dute gogora. Haren aurka egin zuten azken greba orokorra bi sindikatuek. «Martxan jarri zenean, 4,4 milioi langabe zeuden; orain, milioi bat gehiago eta egoera ekonomiko eta sozial okerragoa».Zerga erreforma eta finantza erreforma askoz beharrezkoagoak direla uste dute bi sindikatuek.

Ororen gainetik, ideia bat nabarmendu dute Toxok eta Mendezek. «Greba ez da helburua, Gobernua negoziatzera behartzeko bitartekoa baizik». Protestaren arrakasta ere horren arabera neurtuko dutela azaldudute, eta Mariano Raxoi presidenteari gogoratu diote hilabete amaiera arteko epea duela oraindik lan erreforman atzera egiteko.

Bi idazkari nagusien esanetan, Langileen Estatutua 52 aldiz aldatu da onartu zutenetik, baina orain arte, inoiz ez zen hartu lan eskubideen aurkako halako neurri bortitzik. «Erreforma bat baino gehiago da hau, kaleratzea du helburu eta oinarri. Aurrekaririk gabeko hegemonia emango zaie enpresaburuei, eta horri zerbitzu publikoen murrizketak gehituta, atzerapausoa izugarria izango da. Guzti hau, nazioarteko merkatuei egindako oparia da».

Grebarako berotzen joateko, biharko ere manifestazioak antolatu dituzte CCOOk eta UGTk, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan nahiz Espainian: Donostian eta Iruñean 12:00etan izango dira, Bulebarretik eta autobus geltoki zaharretik hasita; ordu-erdi beranduago abiatuko da Bilbokoa, Jesusen Bihotza plazatik; 13:00etan izango da Gasteizkoa, Ama Zuriaren plazatik hasita.

Bosgarren greba orokorra

Krisia hasi zenetik lau greba orokor egin dira Hego Euskal Herrian. Alabaina, sindikatu guztiek egun berbera aukeratzen duten lehen aldia da.2009ko maiatzaren 21ean izan zen lehena. ELAk, LABek, EILASek, Hiruk, EHNEk eta ESK-k antolatu zuten, bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat eskatzeko.

2010eko ekainaren 29an izan zen hurrena. Bi deialdi egin ziren. Alde batetik, euskal gehiengo sindikalarena, eta bestetik, CCOOrena. PSOEk onartutako lan erreforma salatu zuten batean zein bestean. Handik hiru hilabetera izan zen hurrena, irailaren 29ean, hura ere lan erreformaren aurka. Hego Euskal Herriko CCOOk eta UGTk bat egin zuten sindikatu berberek Espainiak egindako deialdiarekin.Gehiengo sindikalak, ordea, ez zuen parte hartu. Sindikatuen elkarlanaren oinarriak finkatu gabe, greba deialdia bakarrik partekatzea ez zela nahikoa azaldu zuten.

Azken greba, iazko urtarrilaren 27an izan zen, pentsioen erreformaren aurka. Gehiengo sindikalak deitu zuen. UGTk eta CCOOk Espainiako Gobernuarekin adostutako erreforma izan zen hura, eta noski, ez zuten parte hartu lanuztean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.