Nahikari Otaegi Aranjuezen aurkeztu da, alabarekin, jarduera politikoagatik preso

Lau urte eta erdi falta zaizkio betetzeko, eta berarekin edukiko du zazpi hilabeteko alaba, hiru urte bete arte

Nahikari Otaegi bere alaba Oihanarekin, espetxera sartu aurretik hartutako irudi batean. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2013ko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Aske Guneko bederatziak preso daude. Nahikari Otaegi sartu zen azken kartzelara, atzo, zazpi hilabeteko alaba Oihanarekin batera. Aranjuezko espetxera joan zen (Madril), Euskal Herrian ez baitago amentzako egokitutako espetxerik. Jarduera politikoan aritzeagatik sartu dute preso, beste zortzi gazte bezala. Sei urteko espetxe zigorra berretsi zion Auzitegi Gorenak, eta lau urte eta erdi gelditzen zaizkio betetzeko.

Otaegik berarekin izango du alaba, gehienez ere hark hiru urte bete arte. Beste seme bat ere badu, eta hura aitarekin geldituko da. Otaegi preso dagoen bitartean ezingo da familia guztia elkartu, haren bikotekidea iheslaria delako, eta ezingoduelako Espainiako espetxera joan bisitan.

Aske Guneko ekimenarekin bat egin zuen arren, ez zen egunero eta uneoro han egon Nahikari Otaegi, azken uneak familiarekin pasatzea hobetsi zuelako. Aske Gunean atxilotu zuen Ertzaintzak Ekaitz Ibero, apirilaren 10ean, herri harresia eraikitzen saiatu zirenak joz. Aitor Olaizola, Oier Lorente, Adur Fernandez, Egoi Alberdi, Ekaitz Ezkerra eta Mikel Arretxe atzo zortzi atxilotu zituzten, Bulebarrean bertan. Orduan ez zuten Iberoren atxiloketako oldarraldirik egin ertzainek, aurrean jarri zitzaizkien ehunka gazteekin. Nolanahi ere, kolpeak, ileetatik tiratzeak eta antzekoak izan zirela salatu zuten bertan zeudenek. Imanol Vicente, berriz, asteazkenean aurkeztu zen Martutenera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.