Euskal Lurralde Elkargoa. Ekainaren 1eko manifestazioa

Vallsek atea itxi dio lurralde elkargoari

Ipar Euskal Herritik egin proposamenak Frantziako legedia ez duela errespetatzen dio Valls Barne ministroak

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2013ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Ipar Euskal Herritik modu zabalean eta pluralean egin eskaerari erantzun dio Manuel Valls Frantziako Barne ministroak: «Argi eta garbi erraten dizuet ez dagoela euskal departamendurik ez eta euskal lurralde elkargorik ere gobernuaren egitarauan». Salles herrian (Gironda) atzo eginiko prentsaurrekoan egin zituen adierazpen horiek.

Proposaturiko egituraketak Frantziako legediarekin bat ez egitea da eskaerari ezkorki erantzuteko azaltzen duen arrazoia: «Egin proposamenek zentzua dute soilik Errepublikaren legea eta Konstituzioaren koadroa errespetatzen baldin badute». Arrazoi horrek, ordea, ez du oinarririk, Frantziako Konstituzioak ahalbidetzen duelako estatutu bereziko lurralde elkargoen sorrera.

«Probokaziotzat» jo du Vallsen joera Max Brisson euskal lurralde elkargoaren aldeko koordinazioko kideak. «Horrelako erantzun tonto eta gaizto bat» eman beharrean «benetako erantzun» bat itxoiten zutela nabarmendu du.

Manifestazio plurala bihar

Bihar 17:00etan abiatuko da, Baionako Lauga gunetik, Ipar Euskal Herriaren onarpen instituzionalaren aldeko manifestazioa. Hautetsien Kontseiluak, Garapen Kontseiluak, Batera plataformak, Auzapezen Biltzarrak eta Baionako Merkataritza eta Industria Ganberak dute deitzen. Deialdiarekin bat egin dute hamarnaka eragilek. Besteak beste, deitzaileen artean dira EH Bai,Sortu, Aralar, EAJ, ELB, LAB, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua, Autonomia Eraiki, Lurra eta Etxebizitza Kolektiboa, EHZ, gaztetxeak, Bizi!, Herrikoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.